Live

Leire Artola Guatemalako palma landetan
Leire Artola Guatemalako palma landetan (Leire Artola)
Alba Cabrera

«Bi hamarkadatan, izugarri aldatu dute palma landaketek guatemalarren bizimodua»

Guatemalan izan zen Artola bi hilabetez EHUk Euskal Fondoarekin elkarlanean duen Gaztenpatia proiektuaren harira. Makina bat proiektutan parte hartu zuen, baita bertako errealitatean murgildu ere.

Audio_placeholder

«Bi hamarkadatan, izugarri aldatu dute palma landaketek guatemalarren bizimodua»

Loading player...

Haize-bolada tropikaletara joko dugu urte honetako lehen geldialdian, Leire Artola bidaiariaren eskutik: Guatemala. Euskal Herriko Unibertsitateak Euskal Fondoarekinbatera sortutako Gazteenpatia egitasmoarekin joan zen bi hilabeterako elkarrizketatua. Soziologiako bi ikaslerekin, psikologiako batekin eta arkitekturako beste birekin partekatu zuen bizipena, Alta Verapazeko Franja Transversal del Norten: «Nor bere diziplinatik, bertan martxan zeuden proiektuetan parte hartzera joan ginen».

Ez zuten hasiera onena eduki, izan ere, eltxoek ezusteko ongietorri desatsegina egin zieten: denge gaixotasuna harrapatu zuten sei kidetik hiruk. Horrela, gertutik ezagutu zuten bertako osasun sistema. Erietxe publikora jo zuten lehenik: «Jendez lepo zegoen itxarongela eta pertsona bat baino gehiago artatzen zuten gela berean; oso prekarioa zen guztia, ez baitzen nahikoa osasun langile herritar guztiak behatzeko». Bada, zerbitzu pribatuaren ateetara iritsi ziren gero: «Kontsulta pasa aurretik, jada, zenbateko kostua zuen esaten zizuten. Askok ezin dute ordaindu; gehienak oso gaixo daudenean joaten dira medikuarenera. Gaixo egonda ere, beren egunerokoarekin jarraitzen dute, lanean».

Behin sukar altuak jaitsita, bertako egitasmoetan sartu ziren buru-belarri; tartean, bost herrixka horien inguruan behin eta berriro errepikatzen den parajean murgildu ziren, palma afrikarraren plantazio amaigabeetan. «Multinazionalen menpe daude bertan lan egiten duten herritarrak. Inolako segurtasunik gabeko lanaldi oso luzeak izaten ziren, eta, batzuetan, hor bertan egiten zuten lo». Mende berria ekitearekin batera hasi ziren enpresa handiak landaketak egiten; bada, harrezkero, %600eko hazkundea eduki dute monolaborantzara bideratutako plantazioek.

Hori horrela, bi hamarkadatan «izugarri» aldatu da bertakoen errealitatea palmaren industriaren ondorioz. «Garai batean ibaia zegoen toki batean guk lehortea ikusi genuen, esaterako. Palmondoak oso bortitzak dira lurrarentzat, ur kopuru handia eta nutriente asko behar dituztelako. Ondorioz, lur hori guztiz lehortzen, txikitzen du; bi hamarkadaren buruan, ez dira erabilgarriak lur horiek». Horren aurrean, baina, bada lurraren defendatzailerik: «2019an, gu egon ginen urtean, jada, datu positiboak zituzten, eta pixkanaka geldiarazten ari ziren hazkundea». Mugimenduaren ikurretako bat da Lolita Chavez, Euskal Herrian erbesteratuta bizi den aktibista.

Dena dela, fauna eta flora ez dira kaltetu bakarrak, bertako komunitateetan ere utzi baitu arrastoa: «Gizonek egin ohi dute bertan lan. Alkohol kontsumoan joaten zitzaien soldata. Bertakoek esaten zigutenez, eguneroko jardun gogorrari aurre egiteko irtenbidetzat zuten edatea».

Drogen kontsumoa ez ezik, emakumeenganako indarkeria ere argia zela dio bidaiariak. Bada, pixkanaka, arazo horri ere eutsi eta makina bat ekimen zituzten martxan, eta horietan parte hartzeko aukera izan zuen Artolak, gainerako taldekideekin batera: Emakumeen Etxea zeukaten, indarkeria pairatu zuten emakumeak zein haurrak bizi ziren eta arreta osoa jasotzen (adminstratiboa, juridikoa, osasuna...) zuten.

Bertakoekin elkarlanean, hamaika txinparta piztu zituen Artolak Franja Transversal del
Norten izandako bi hilabeteko egonaldian, ‘Me llamo Rigoberta Menchu’ liburua eskuan.

Su txiki horiek guztiak sakonago ezagutu nahi?

Jaurlaritza Logoa