Zuzenean
Etxean denbora tarte txikia igaro ohi du Sahats Igoa bidaiariak, eta elkarrizketa ere ozeanoz bestaldetik egin du gurekin, Ekuadorretik, hain justu. Bada, memorian frexko-frexko gordetzen duen helmuga bat ekarri nahi izan du mikrofono aurrera: India. Bost zentzumenak fin-fin piztu behar omen dira herrialde hori bisitatzeko; hala, guk ere horrela egin dugu saioan eta Indiaren askotariko aurpegiak ezagutu ditugu bidaiariaren hitzetatik abiatuta.
Beste bidaia batean ezagututako lagun batekin egin zuen Indiara salto. Lehenagotik ere izanda zen Asiako zenbait herrialdetan, besteak beste, Txinan, Indonesian, Japonian… Baina gogor jo zion lur hartzeak Delhi hiriburuan: «Zentzumenen gainkarga dago, kutsadura handia, kaosa, trafikoa, usaina, behiak kalean, txakurrak, jendea lurrean…». Bi aurpegi dituen metropoli batekin egin zenuten topo: alde batetik, diru gosez gora eta gora egiten duten etxe-orratzak, eraikinak, eta, beste alde batetik, hiriburuaren bihotz kaotikoa: «Herrialde osoko jendea biltzen da bertan eta kultura, hizkuntza eta erlijio asko nahasten dira». Nola laburtu, hortaz, ideia bakarrean bertan ikusitakoa? «Indiako alde zaharrean ibili gara gehienbat eta, nik biziraupena esango nuke, eta, era berean, aniztasuna».
Hiriburua atzean utzi eta hantxe abiatu ziren bi bidaiariak Indiaren erretratu guztiak ezagutzeko asmoz. Trena erabili zuten, eta herrialdearen beraren erradiografia azkarra egiten omen du garraiobide horrek: «Guztia aurkitu dezakezu bertan, herrialdearen bizkarrezurra da, baita garraio erabiliena ere. Bagoi ezberdinak daude: ia eserlekurik ez duen bagoia, ohedun bagoia aire girotu gabe... Askotariko mailatako bagoiak, bakoitza, noski, bere prezioarekin».
Indiaren urrezko triangeluaren bigarren erpina izan zen hurrengo geldialdia: Agra. Bertan, bada begirada asko erakartzen duen mausoleorik: Taj Mahal. Uste bezain txundigarria da elkarrizketatuarentzat eraikina, baina ederra iruditu zitzaion, era berean, bertatik apur bat urrundu eta hirigunean biltzen zen azoka-giroa: «Zapatak garbitzen topa dezakezu jendea, txirularekin kobra mugitzen, soldatzen, harrizko eskulturak egiten, dutxatzen…». Nahiko giro kaotikoa bada ere, barne-arauak omen dituzte: «Jende asko bizi da bertatik, eta ez, soilik, salerosketatik; herritar asko ibiltzen dira, adibidez, bertan, eskean».
Rayastan aldean, koloreen lurraldean, bizi-martxa azkarreko kaleetan barrena ibili ostean, Thar basamortura jo zuten lasaitasun bila, hirigunetik oso bestelako den erritmoa ezagutzeko. Hari horri tiraka, behin epeletan gorputza berotuta, Himalaya aldera jo zuten, hiru geldialdi aukeran: Kashemira Leh Ledak eta Himachal Pradesh. Azken hori aukeratu zuten, baina, zergatik? «Bertan bizi da Tibeteko Dalai lama: komunitate handi batekin egin genuen topo. Bere aldetik doa budismoa, nahiko erlijio lasaia da, ez da gainerako sinesmenekin sartzen; harreman baketsua dauka hinduismoarekin».
Eguraldia, ostera, ez zuten alde izan, eta, irtenbide bat topatze bidean, Rishikeshera ailegatu ziren, munduko yogaren hiriburura, baita Haridwarrera eta Varanasira ere. Hor izan zuten lehen kontaktua Ganges ibaiarekin, eta, bidez batez, berriro ere hinduismoarekin: «Guztia egiten dute Gangesen: eguneroko zereginetatik hasi eta hitzordu erlijiosoetara bitarte». Dena dela, miseria handia ikusi zuten bertako kaleetan, baita heriotza ere: «Heriotza ulertzeko beste modu bat dutela ikusten da Varanasin. Gorpuak erre eta ibaira botatzen dituzte errautsak. Horrela, beren ustez, berraragiztatzearen zikloa apurtu eta zerura joaten da hildakoa».
Indiaren gordintasun xurgatuta, Kerala aldera jo zuten, lehen sektoreak indar handia zuen tropikal usaineko lurraldera: «Itsasoak irla bihurtzen ditu eremu batzuk. Urarekin oso harreman estua dute, bai; zenbait lekutan, ontziak erabiltzen dituzte, autoak ordez».
Bi hilabeteko zukua atera zioten herrialdeari; halere, gosez eta jakinminez gelditu zen oraindik ere Igoa: «Behin egindako bidaia digerituta, berriro zure arreta deitzen duen herrialdea da India».