Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Urteko top zerrendan sartu daitezkeen lau erreferentzia Izkander Fernandezen tartean

Nazioartean ez da sorpresa askorik espero hemendik eta urtea bukatu bitartean diskogintzari dagokionean, baina Euskal Herrian dena da desberdina kontu horietan. Hala, horren inguruan eta atera diren lanen bueltan aritu gara hizketan Izkander Fernándezekin.

Audio_placeholder

Urteko top zerrendan sartu daitezkeen lau erreferentzia Izkander Fernandezen tartean

Loading player...
Willis Drummond lapurtarrek hasi dute ‘Hala ere‘ diskoa aurkezteko bira.
Willis Drummond lapurtarrek hasi dute ‘Hala ere‘ diskoa aurkezteko bira. (WILLIS DRUMMOND)

Aurkezpenez aurkezpen gabiltza azken asteotan, izen handiak asko eta bat bestearen atzetik agertzen ari dira, baina baita bestelakoak ere. «Azken txanpan gaude, urteko azken sprintean, eta Euskal Herrian urteko disko onenen zerrenda osatzeko handicap gozo bat dugu Durangon epizentroa duena. Hortik aurrera hogei egun geratzen zaizkizu hainbat disko entzuteko eta urteko onenen zerrendara gehitzen dituzu edo ez. Su Ta Garren diskoa NAIZen webgunean eskuratu daiteke eta bikaina dela esan dezaket. Tarte honetarako ekarri ditudan abestien erdiak Euskal Herritik ekarri ditut eta beste bi nazioartetik, gure taldeekin parez-pare jartzeko.

Willis Drummond - Gauzak

Willis Drummonden binilo laranja eskuartean eduki zain izango da ziur Izkander, hori baita ekarri digun lehen erreferentzia: «Zale askok beltzean nahi izaten ditu biniloak, niri ez zait askorik inporta, baina kolorean eta aurkezpen politarekin etortzen bada, umeak gozokiekin bezala jartzen naiz. Diskoa erostea, gainera, taldea saritzeko modu bat iruditzen zait, plataformetan mila aldiz entzun dudalako aurretik». Erreferentziak aipatu zizkigun Jurgi Ekizak MusikHaria saioko elkarrizketan eta Izkander Fernandezek ere nabaritu zituen haietako batzuk: «Jolas bat kentzen digute, baina disko gehiago entzuteko aukera ematen digute gisa honetara. Erreferentziak publiko egiteari esker, esaterako, ezagutu nuen Public Enemy, Negu Gorriakek aipatua izan zelako, eta Guns'N'Rosesekoek ere esaten zuten originaletara joateko». Azaroaren 26an emango zuten lehen aurkezpen kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian EzEzEz taldearekin batera eta, ostiral honetan, abenduak 2, Biarritzko Atabal aretoan izango dira Lumi eta Orbel taldearekin osatu duten gaualdian.

Kristonak - Bizirik gaude!

Kristonak taldearen diskoaren atzeko aldea ikusi eta ‘Ahobetehortz’ gu geratu ginen zer kolaborazio festa duen ikustean. «Ez dakit horrela iragarri ote duten edo ez arratiarrek. Ez dakit kolaborazio diskoa den edo ez, baina 8 kanta eta 5 kolaborazio ditu, izen potoloekin tartean. Arratian ez da oso ohikoa talde rockero bat ateratzea eta ospatu beharra dago, nahiz eta nire estilotik urrundu egin diren disko honekin. Gitarrak eta umorea dira haien esentzietako bat eta hori gordetzen du lan berriak ere. Kristonak kiniela guztietan egon daitezke Azkena Rock bezalako jaialdi batean egoteko, eta duten soinu klasiko honekin zer esanik ez», gaineratu du lemoaztarrak.

Weyes Blood - Grapevine

Weyes Blood Natalie Meringek duen musikari goitizena da Izkanderrek aipatu digunez. «MICEn inguruan hitz egin genuenean, esan genuen berea baino disko txarragoak agertuko zirela top zerrendetan, batez ere indie mundutik, halako diva batzuk agertzen direlako, eta hau horietako bat da. Ez dakit kaskarragoa den edo ez, baina ezin dut ulertu nolatan duen halako oihartzuna. Portland ingurukoa da, Oregon estatukoa, eta halako rock kolektibo batean ibili zen Weyes Blood sortu aurretik. Bera oso gaztea den arren, 6. diskoa du hau bere ibilbidean eta, 2019an, ‘Titanic rising’ diskoarekin sekulako arrakasta izan zuen. Noise rocketik dream popera-edo egin du salto, oso gaseosoa den musika batetara. Diskoa oso planoa dela esan daiteke, nahiz eta ondo dagoen, entzunaldi asko eskatzen ditu abestien arteko desberdintasunak-eta nabaritzeko. Pitchfork bezalako medio espezializatuetan goian agertuko dela iruditzen zait. Hautatu dudana, diskoko singlea da, gehien gustatu zaidan abestia», aipatu du Fernandezek.

Gaupa - Diametrical Enchantress

Izenak talde euskalduna izan daitekeela iradoki arren, Suedia aldera egin dugu azken bidaia azken tartean: «Gaupa 90. hamarkadaren hasierako soinuetan oinarritzen da. Soundgardenen riffak, Nirvanaren estribilloa eta Björken ahotsaren nahasketa duela esan daiteke. Diskoa hiruzpalau aldiz entzun dut eta aurrekoan entzun genuen Brutusen antzekotasunak baditu, baina diskoa ez dago haienaren mailan», bukatu du musika adituak.

Jaurlaritza Logoa