Live

Interview
Suharri Aranburu
Trini Fox taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea

«Eszenatokian naiz benetako Suharri, hor nago aske, baina hirugarren kantutik aurrera»

Bi urte pasa dira ‘Zertan nabil’ kantuari su pixka bat eman genionetik NAIZ Irratiko uhinetan. ’Deabrua’ izeneko EParekin datoz orain Trini Fox taldekoak bueltan, Josu Garate, Xabier Inurrieta, Iñaki Zubeldia eta Suharri Aranburuk osatzen duen laukoa, alegia. Azken hau izan da MusikHaria saioan.
Audio_placeholder

«Eszenatokian naiz benetako Suharri, hor nago aske, baina hirugarren kantutik aurrera»

Loading player...
Urrestillako Trini Fox laukoteak hiru kantuz osatutako ‘Deabrua’ EPa kaleratu du.
Urrestillako Trini Fox laukoteak hiru kantuz osatutako ‘Deabrua’ EPa kaleratu du. (Eric LOS)

Gaur ezin garagardorik eskaini.

Lasai, atzo ere mordo bat edan nituen eta aurreko astean eta…

Aurreko elkarrizketa gogoan dudalako nola izan zen, bakoitza bere etxetik, eta zuk garagardoa eskuetan.

Estrella mordo bat edan nituen.

‘Ataraxia’ atera zenuten 2020an, ‘Letaginak’ 2017an, tarte horretan ezagutzera eraman zenuten proiektua, eta abisu handiegirik gabe etorri da orain ‘Deabrua’.

Aimar Urruzunok talde utzi zuela, pandemia… taldean halako krisi momentu bat egon zen. ‘Ataraxia’ etxeratu gintuzten egunean bertan kaleratu genuen, pare-parean asmatu genuen. Zerbait grabatzeko gogoz ginen, eta gitarra-jotzaile berriarekin atera ditugu hiru abesti hauek.

Hiru lan eta hiru gitarra-jotzaile.

Bai, lotsarik gabe.

Eta hiru kantu, aipatu moduan. Aurrekontuak hala agindu duelako edo sormen prozesua lasai hartzen ari zaretelako?

Gauza asko daude tartean. Batetik diruarena dago, baina, bestetik, disko luzea ateratzea lan handia da, diru asko balio du, jendeak ez du erosten, baina entzun ere. osorik ez dute entzuten. Gustuko duen kantua soilik entzuten du jendeak. Hortaz, hiru kantu atera ditugu eta joango gara gehiago ateratzen, streamingera bideratuta egin ditugu kantuak.

Saltok aritzeko kontzertuen desioan izango zarete honezkero. Antzokiak ez dira izan zuen tokia.

Baita zera ere! Guk ez ditgu antzokietako kontzertuak nahi.

EPa irekitzen duen ‘Sutan’ kantuan, «deabrua elikatu dugu» esaten duzue. Deabru bakarra elikatu dugu? Bakarra dago?

Letrak egiterako garaian izan nuen barne borroka hori, bakarra ote den edo gehiago diren jakiteko. Hiru abestietan aipatzen dut deabrua eta horregatik EPak izen hori eramatea. Hiru abestietan testuinguru desberdinean aipatzen dut deabrua.

Lehendabizikoan deabrua kapitalismoa bera dela ulertu dut.

Bai, izan daiteke.

Izan daiteke?

Trini Foxen beti dago kritika soziala.

Musikalki, ordea, stoner ukitu nabarmena du eta zuen koktelaren baitan beti egon da halakorik. Dena dela, baduzue berezitasun bat, oso melodikoa dela zure abesteko modua.

Bai eta kantuak egiterako garaian ez zaizkit ahots hain melodikoak irteten. Kantua garatu ahala, Txubelek (Iñaki Zubeldiak) asko laguntzen dit horretan, grabatzera iristen garen unean ez naiz hain makarra.

Nor bihurtzen da gitarra solo horrekin rock izar?

Josu, gitarra-jotzaile berria. Oso rollo rockeroa du eta oso dotore geratu zaio.

Konposatzerakoan bera aktibo aritu da edo lehendik eginda zeuden abestiak?

Abesti hau Aimarrekin hasi genuen eta bere ideia batzuk ere mantendu ditugu. Gero taldea utzi zuen eta, berriz ere sorkuntzari heldu genionean, Josuk abestiak egiteko zuen gaitasuna ezagutu dugu.

Aurretik beste talderen batean bazebilen?

Bai, Friday’s Crew taldeko gitarra-jotzailea ere bada.

Segidan dator ‘Ni hau naiz’ abestia. Gogoratzen dut esan zenidatela txandal-metala egiten duzuela eta kantu hau hori da, ezta?

Bai bai, hau da Txubel a tope.

«Lurrikara naiz» edota «suziri bat naiz» bezalakoak esaten dituzue. Letra zurea izango da ziurrenik; metxa luzekoa edo laburrekoa zara?

Motz, motz, motz, motza dut. Letra hau da kariño berezia diodana. Denok ere golfo samarrak gara eta beti dago golfoen artean baten bat kritika egiten diona bestearik. Bada, horren kontra egindako kantua da. Utzi bakean, mesedez! Gero akaso okerrena kritikatzen duen hori izango da, gainera.

Zu metxa laburrekoa izateak, taldean sua pizten du?

Bai, batez ere Txubel eta bion artean, baina ondo dago, gustatzen zait sortzen den zera hori.

Hasieratik, gainera, biok zarete taldean jarraitzen duzuenak.

Orijinalak, benetakoak, gu gara.

Esan dugu txandal-metala dela, aurreko kanta melodikoagoa… Erregistro aldaketa horretan eroso zabiltza?

Egia esanda, bai. Nahikoa errez ibili naiz hau grabatzerakoan, aurrekoa grabatzen okerrago ibili nintzen. Aurreko larunbatean, Anoetako kontzertun, hiru abesti berriak zuzenean lehenengoz abestu nituen eta eroso sentitu nintzen.

Abesti honen bukaerako zatia estilistikoki definitzea ezinezkoa zait.

Eta gure entseatzerakoan kosta zitzaigun parean jotzea! Asko kostatu zen zatia izan zen. Txubeli etorri zitzaion ideia hau, bera eta Josu egon daitezke horren atzean. Kontzentratuta egotea eta zehatzak izatea beharrezkoa da.

Pistaka dago grabatuta edo denak batera?

Pistaka, bakoitzak bere aldetik egin zuen guztia. Txubel hasi zen bateria grabatzen, aurretik Josuk gidak grabatzen sekulako lana egin ostean. Baina Txubelek gidarik gabe grabatzeko hautua egin zuen, kontzentrazioa galtzen zuelako.

Bukatzeko, ‘Engainatuz’ abestia. Rock klasikoago bat duena, Kuraia bera ere etorri zaigu burura. Engainatu egiten gaituzte, baina ez gara engainutik bizi?

Bai, noski. Ondo dagoen edo ez, hori beste kontu bat da. Baina kantu horretan kontraesan hori badago. Azaltzeko zaila da. Askotan ez dugu onartzen garena eta erakutsi ere ez. Gertuko asko ere horrelakoak dira.

Zein dira taldearen asmoak orain, zuzenekoak edota konposatzea ere bai?

Berriz ere konposatzen hasteko asmotan gara, martxa hori hartu nahi dugu, kantu solteak edo EPak kaleratzeko. Baina kontzertu bila eta kontzertuak emateko nahia dugu. Zuzenekoaren monoa gainetik kentzeko gogoa dugu.

Zu plazagizon samarra bazara.

Beno, plazetan justu hotzandu egiten naiz. Baina aretoetan txulo jartzen naiz, gora etortzen naiz. Eszenatokian naiz benetako Suharri, hor nago aske, baina hirugarren kantutik aurrera. Ordura arte, hankak dardarka izaten ditut.

Datorren kontzertua noiz duzue?

Azaroaren 5ean, etxean, Azkotiiko Matadeixen eskainiko dugu kontzertua, Sega Sound Killers taldekoekin batera, EKTZ laguna baitugu. Gerokoak joango gara esaten, sorpresa! Baina sorpresa, egiari zor, datekin oso txarra naizelako da eta hankik ez dudalako sartu nahi.

Zuzenekoan topatuko duguna, diskoan dagoena da?

Bai, hori da gure nahietako bat. Diskoan egin dugun hori zuzenean ahalik eta fidelen mantentzea eta, ustez, lortzen dugu. Eta ahal dela, izerdia egon dadila kontzertuetan.

Hurrengo kontzertuan infernua bilakatuko da Matadeixe?

Bai bai, eta tokia oso erreza da berez infernu bilakatzeko ere.

Eta hiru deabruak agertuko dira edo gehiago?

Ez dakit, baina ni zeharo deabrututa izango naiz bertan.

https://open.spotify.com/album/3dKZZkCniFGJ0b7fcDLKsf?si=BVOYzdAyQe6tX8OLGRqVfA

Jaurlaritza Logoa