Live

NAIZ Irratia

«Gero eta konplexuagoak diren eskolei erantzuteko baliabideak behar dira»

Hego Euskal Herriko ikasleei iritsi zaie eskolara itzultzeko garaia. Azken bi urteetan ez bezala, neurririk gabe egingo dute, baina beste kezka batzuekin buruan. Bilbora, Atxuriko eskola publikoko egoerara hurbildu da NAIZ Irratia, eta Garazi Pizarro ikasketa buruarekin hitz egin du.

Audio_placeholder

«Gero eta konplexuagoak diren eskolei erantzuteko baliabideak behar dira»

Loading player...
Alde Zaharra eta Atxuri auzoetako hezkuntza-komunitatearen mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Alde Zaharra eta Atxuri auzoetako hezkuntza-komunitatearen mobilizazio bat. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Pasa den astean Ipar Euskal Herriko ikasleak hasi ziren ikasturte berriarekin, eta asteazken honetan Nafarroakoak. EAEko ikasleak ikasgeletarako bideak hartuko dituzte ostegun honetan, eta, azken urteeetan ez bezala, neurrik gabe egingo dute pandemia dagokionez.

Atxuriko eskola publikoan dena prest dutela esatea gehiegi litzatekeela aitortu arren, Garazi Pizarro ikasketa buruak Naiz Irratian azaldu du azken kontuak antolatzen pasa dituzten azken egunak. Ia dena prest, beraz, baina ez guztia. Tartean, kezka agertu du ordezko irakasleak ez dituztelako oraindik izendatu, «bajan dauden edo jardunaldia murriztu duten irakasleen ordezkoak oraindik ez dituzte izendatu eta horrek prestaketa lan guztiak asko zailtzen ditu. Bihar izango da irakasle batzuen lehenengo eguna ikasleen lehenengo egunarekin batera».

Bada notizia onik, pandemiaren aurreko egoerara itzuli baitira eskolak eta «pozarren» dira hezkuntza arloko langileak uste baitute murrizketarik ez izateak «funtzionamenduan asko lagunduko» duela. «Aurreko urteekin alderatuta, antolaketa xamurragoa izango da. Ordutegiak, eskola barruko joan-etorriak, jolasaldiak, talde ezberdinen arteko elkarlana... betiko modura itzuliko da aurten», nabarmendu du Pizarrok.

Pandemia ez da kezka iturri, bai, ordea, egoera ekonomikoa. Edonola, Pizarrok gogoratu du egoera sozioekonomiko kaskarrean dauden familien errealitatea ez dela berria eta egoera hauei erantzuteko baliabide faltaz ohartarazi du. «Ez dakigu zer nolako bilakaera izango duen egoera honek, baina badakiguna da azken urteetan badirela familia asko egoera ekonomiko kaskarretan daudenak eta egoera hauei erantzuteko dagoen baliabide faltak bai duela eragina eskola komunitatean», zehaztu du Pizarrok.

Elkarbizitza, euskara eta espazio berriak

Hala ere, Atxuriko eskola anitza dela azaldu du, zonaldearen, Atxuri, Bilbi eta Alde Zaharreko gizartearen isla dela bete-betean. Jatorri eta komunitate ezberdinetako haurrak daude bertan, ama hizkuntza euskara dutenak baina baita gaztelera edo hirugarren hizkuntza bat. Kultura, sinesmen eta ohitura anitzak daude eskolan, eta, maila sozioekomonikoari dagokionez, badago aniztasun handia. 

Zentzu horretan, aniztasuna aberastasuna da baina baita erronka itzela ere Pizarroren arabera. Elkarbizitza da, hain justu, bere esanetan zentro honen lehen helburua, baita eukalduntzea nahiz espazio berriak lortzea ere eskolako azpiegiturei begira. Izan ere, txiki geratu da Atxuriko eskola: «Eskolako ikasgela gehienak beteta ditugu, ikasle asko geratzen dira matrikulatu ezinik, espazioek ez dute asetzen eskolako haurrek dituzten beharrak...», azaldu du Pizarrok.

Irtenbide bila, hutsik gelditu den Atxuriko tren geltoki zaharra proposatu zuen zentroak baita auzoko elkarte ezberdinek. Instituzioekin negoziatu nahi dute, baina horien partetik ez dute borondaterik ikusi, asmoa bertan museo bat eraikitzea delako. Ikasketa buruak salatu du «interes pribatuen» alde lerratu direla. Irtenbide bila lanean segiko dutela gaineratu du.

EAEko hezkuntza lege berria hizpide hartuta, Pizarrok balioan jarri du legearen oinarriak finkatu izana baina legea osatu eta praktikara eramateko hezkuntza komunitate osoaren parte hartzea exijitu du. «Legearen egikaritzean hezkuntza komunitateko kideon parte hartzea eskatu behar dugu. Langileek, familiek, sindikatuek eta hezkuntza eragilee ezberdinek legearen inguruan zer esana dute uste dut», adierazi du Pizarrok,.

Baliabide gehiago eskatu ditu segidan, bere esanetan «gero eta konplexuagoak» diren eskolen beharrei erantzuteko baliabideak falta direlako. «Gero eta konplexuagoa den gizarte honek isla zuzena du eskoletan, gero eta konplexuagoak bilakatzen ari dira eta errealitate horiei erantzuteko beharrezkoak dira baliabideak». Euskalduntzea, laikotasuna eta eskola txikien defentsa ere egin du etorkizuneko hezkuntza lege berriaren baitan.

Jaurlaritza Logoa