Live

Iñigo Asensio
Interview
Ane Santesteban
BikeExchange taldeko txirrindularia

«Psikologikoki oso gogorra izaten ari da Giroan ez lehiatzea, asko gustatzen zaidan proba da»

Ane Santesteban (Errenteria, 1990) etxetik dago jarraitzen Giroa, lasterketara joateko egin beharreko covid-19 proban positibo eman baitzuen. NAIZ Irratian onartu du zaila egiten ari zaiola eta Tourreko parte-hartzea erabakitzeko «pixka bat itxaron» egin beharko duela zehaztu du.

Audio_placeholder

«Psikologikoki oso gogorra izaten ari da Giroan ez lehiatzea, asko gustatzen zaidan proba da»

Loading player...
Ane Santesteban Giroa lehiatzetik at geratu da covid-19 proban positibo eman ostean.
Ane Santesteban Giroa lehiatzetik at geratu da covid-19 proban positibo eman ostean. (BIKE EXCHANGE)

Koronabirusak bete-betean oztopatu du Ane Santesteban (BikeExchange) bere hamargarren Giroa lehiatzera zihoanean. Penaz agertu da baina, era berean, pozik, bere taldekideak ematen ari diren mailarengatik. Giroa mendi altuetara iritsita erantzun du NAIZ Irratiaren deia eta bere sentsazioak helarazi ditu: Giroa etxetik ikusi beharraren lastima, nola errekuperatuko denaren ziurgabetasuna, Tourra ortzimugan...

Giroaren ezustekoetako bat izan zen ezin bertan lehiatzea covid-19an positibo eman ostean. Eta zoritxarrez, positibo horrek jarraitzen du, ezta?

Bai, hala da. Aurreko astelehenean, ekainak 27, Giroan parte hartzeko eskatzen diguten covid proban positibo eman nuen. Hasieran ondo nengoen, soilik eztarriko minarekin. Hurrengo egunetan bai gripe moduko bat izan da. Azken egunetan beste test bat egin dut eta oraindik positiboa da, baina espero dut datozen egunetan hobeto aurkitzea eta berriro entrenatzen hastea.

Zerbait entrenatzeko aukera ematen ari zaizu egoera hau? Akaso lan karga handiak egiteko gorpuzkera ez duzu izango.

Entrenatzen ari naiz baina intentsitate gabe, soilik 2-3 ordu egunean, lasai-lasai. Batez ere, erritmoa ez galtzea da asmoa baina, era berean, uste dut psikologikoki ere ona dela apur bat errepidera ateratzea eta haizea hartzea.

Ondobidean, Frantziako Tourrean egon beharko duzu. Nola dago hori? Zer duzu buruan eta zer dio taldeak?

Berez, bai, Tourra egitekoa naiz baina uste dut pixka bat itxaron behar dugula; ikusi nola nagoen, entrenatzen hasten naizenean intentsitatea sartzen dudanean nola aurkitzen naizen. Eta azken unean erabaki bat hartu beharko dut. Azkenean, Tourra oso garrantzitsua da, denak oso maila onean egongo dira eta hor egoteko ni ere maila onean egon beharko naiz.

Nolakoa izaten ari da Giroan ez egotea? Psikologiko ere gogorra? Giroa mendi giro horretan murgildu denean, zerbaitek min gehiago egingo zuela barruan ezta?

Bai, hala da. Onartu behar dut, psikologikoki oso gogorra izaten ari da. Asko gustatzen zaidan proba da Giroa, gainera azken asteetan oso ondo aurkitzen ari nintzen, jendearekin hitz egin nuen eta esaten nuen hanka onak nituela, gogotsu nengoela Girorako. Hori aurreko larunbatean izan zen eta gero astelehenean positibo eman nuen. Pena askorekin. Jarraitzen ari naiz Giroa, nire taldekide den Amanda Spratt ikusi dut maila onenean dabilela eta horrek asko pozten nau –ostiral honetan covid-19an positibo eman eta lasterketa utzi behar izan du, sailkapen nagusian 6. postuan zegoenean–. Noski, Mavi Garcia hor aurrean ikustea ere oso pozgarria da niretzako.

Tourrera joateko itxaron egin beharko da. Ibilbidearen inguruan zuk hobeto azpimarratuko duzu baina esan genezake, zortzi etapa horiek gogortasunean betik goranzko joera daukatela, ezta? Parisen hasi, badira hirugarren eta laugarren mendatetxo batzuk dituzten etapak eta batik bat, azken bietan dago gogortasuna, lehen mailako mendateekin.

Bai, hala da. Lehendabiziko etapa ere seguraski oso gogorra izango da, Parisen hasten da, Criteriuma bezala izango da, denok gogotsu gaude Tourrerako. Oso lasterketa garrantzitsua da denontzako eta seguraski tentsio handia egongo dela lehendabiziko etapetan. Ondo esan duzu azkenengo bi etapak direla gogorrenak, batez ere azken etapa hori, seguraski hor erabakiko dela sailkapen orokorra.

Jaurlaritza Logoa