Live
Baxoaren azterketak hastearekin bat eraman dute Azterketa Euskaraz dinamikako kideek euren protestaldia aurrera Baionako Hezkuntzako Ikuskaritzaren eraikinean. Lehen gaua igaro dute bertan, eta argi dute, gehiago igarotzeko prest ere badira: «Bi gau, hiru, lau... behar direnak igaroko ditugu erantzun bat jasotzen dugun arte».
Elorri Faltxa irakasleak erantzun du gure deia; han eman du gaua, eta azaldu digu egin duten bilera eskaeraren berririk ez dutela momentuz; ez dute errektorearekin bildu nahi, honek ez ditu euren eskakizunak ase, egin duten deia Hezkuntza ministro Pap Ndyayerekin biltzekoa da. «Gure hurbileko helburua ikasleek azterketak euskaraz egin eta irakasleek azterketak euskaraz zuzendu ahal izatea da», esan digu Faltxak, baita epe laburrean hastekoak diren brebet azterketarenak ere. Indar egite aldera edo, eskakizun hori sostengatzen duten hautetsi ezbeerdinen bisitak jasotzea espero dutela ere gaineratu du.
Polizia bortitz
Hezkuntza Ikuskaritzan sartzear zirela, polizia bortizki oldartu zen euren aurka asteazken arratsaldean. Ubeldu eta zauri arinak izan dituzte protestagileetako batzuk, «ezer larririk ez» Faltxak esan duenez. baina gogor salatu du poliziaren jarrera: «Ez gara ulertzen ere saiatu zergatik egin zuten hori. Argiki esan genien hasieratik gure intentzio bakarra barrura sartzea zela; eurak barruan ziren langileak ateratzera etorri ziren, eta guk ez genien oztoporik jarri. Baina argia da kalapita gogoa bazela».
Gertaerak gertaera, aldarrikapenarekin «indartsu» sentitzen direla amaitu du Faltxak.