Live

Lemoakustiken izango diren artisten kantu berrienak ekarri ditu Izkander Fernandezek itzuleran

Bi hilabetez ezin izan du MusikHarian bere asteroko tartea egin Izkander Fernandez Lemoako musika adituak.

Audio_placeholder

Lemoakustiken izango diren artisten kantu berrienak ekarri ditu Izkander Fernandezek itzuleran

Loading player...
Habi taldeak ‘Helmuga’ izeneko EPa kaleratu berri du.
Habi taldeak ‘Helmuga’ izeneko EPa kaleratu berri du. (Jagoba GASCÓN)

Martxotik gurean izan gabe zen Izkander Fernandez eta itzuli da eta ez nolanahiko kantuekin, gainera. Lemoakustik izango da asteburu honetan eta antolakuntza taldean buru-belarri sartuta dabil Izkander. Maiatzaren 14an izango dira Ane Han, Habi, Esanezin, Pasadena eta Ibil Bedi taldeak. 

Zerrenda horretako batekin, Ane Han proiektuarekin hasi du tartea Fernandezek. «Ane Goienetxe da Ane Han proiektuaren atzean dagoena. Aspalditik musika munduan dabil eta orain talde eta guzti hasi du bide berri hau. Momentuz kantu bakarra ezagutzen dugun arren, Lemoakustiken kontzertua izango da eta bertan gehiagoz gozatzeko aukera izango dugu», aipatu digu Izkanderrek.

Biznaga talde madrildarra ekarri digu bigarren tokian Lemoako musika adituak. «Gomendatu zidaten talde bat da eta egia esanda espektatibak nahikoa baxu jarrita nituen talde honen inguruan. Baina behin diskoa entzunda, onartu behar gogoko dudala egiten duten musika», aipatu digu Fernandezek. Triángulo de Amor Bizarro taldeko Isarekin batera egindako abestia da ekarri diguna.

Dena Ondarroako taldeak ‘Zure mugadun hutsune’ diskoa atera duen egun berean, Izkanderrek bere zerrendara gehitu du. «Lehendabiziko diskoaren ostean asko espero nuen talde honengatik eta esan behar dut disko benetan borobila atera duela hiruko ondarroarrak. Duela ia bi urte ikusi nituen lehenengo aldiz zuzenean eta asko gustatu zitzaidan egiten zuten musika debutatzen ari zirela kontuan izanda», gogoratu du Izkanderrek.

Bukatzeko, Habi taldeak ezin zuen hutsik egin hautaketan. «Disko laburra atera dute oraingoan ere eta Lemoakustiken izango ditugu, elektrikoan. Akustikoan egitea pentsatu genuen, baina elektrikoan izanda ere jaialdiaren filosofiarekin bat egiten duenez, beren ohiko formatuan arituko dira Yerai Gascón eta Jon Ander Artola. Bitxia da gainera ‘Helmuga’ diskoaren koloreak eta Lemoako Kotxepin Kultur Etxekoak berdinak direla. Kuriositate bat gehiago», bukatu du lemoaztarrak.

Hauek, beraz, Izkander Fernandezek itzuleran hautatu dizkigun abestiak:

– Ane Han - Gorantz

– Biznaga ft. Isa Triángulo de Amor Bizarro - Domingo especialmente triste

– Dena - Nanga Parbat

– Habi - Gardena

Jaurlaritza Logoa