Live

Eli Pagola

«Eguneroko berbek egunerokoan erakusten dutena baino gehiago erakusteak estimulatzen nau»

Itziar Ugartek Espainiako Kritika Saria jaso du ‘Gu gabe ere’ poema liburuagatik. Kultur Harian izan da.

Audio_placeholder

«Eguneroko berbek egunerokoan erakusten dutena baino gehiago erakusteak estimulatzen nau»

Loading player...
Itziar Ugarte, iaz, 'Gu gabe ere' aurkeztu zuzenean
Itziar Ugarte, iaz, 'Gu gabe ere' aurkeztu zuzenean (Jagoba Manterola | FOKU)

Biografia kontu korapilatsua izan liteke. Datu objektibo edo titulu pilaketa bat egiteak ez baitu ziurtatzen deskribatzen ari garena hori denik. Subjektua zerbait subjektiboa ere bada eta aintzat hartzeko modukoa da hori. Biografiatua ez ezik, biografia egileari ere, zergatik ez erreparatu? Zer, izaki neutroa ote da bada?

Biografia eta definiziotan kateatzeko asmo askorik ez dugu gaurkoan, bestela badirudi ere.

Itziar Ugarterekin korapilatzeko asmoa dugu gaur eta, kontu bitxia gertatu zaigu bere biografiarekin. Ez sarean, ez bere inguru sozialean, otu zaitu, irratiz zabaltzeko moduko biografia liburuaren kontrazalean bertan topatuko dugula. Zabaldu dugu, bada, ‘Gu gabe ere’ olerki liburua eta, hara zer dioen: «1995, Oñati». 1995, Oñati; ez besterik eta zenbat den.

Irriz hartu du gertatua kontatu diogunean, eta azaldu, Susa argitaletxeak kontrazalean ez duela biografiarik jartzen, Argazkia, jaioturtea, herria eta aurrez publikatutako liburu zerrenda jartzen duela eta esku artean dugun ‘Gu gabe ere’ liburua argitaratzen duen lehena denez, kontrazalean ez dela besterik ageri.

Itziar Ugartez, halabaina, 95ean Oñatira jaio zela baino gehiago esan daiteke. 20 urteren bueltan sugar berezi bat pizten omen da, ekiteko gogoa edo. Institutu garaian hiru zorok abiatutako proiektua izan zen Itu Banda, idatzi nahi batetik abiatua. Urruzuno lehiaketetatik-eta lagun zituztenei gonbita luzatu eta orkestra ederra osatzera heldu ziren. Lekore aldizkaria publikatzen zuten noizean behin, periodikotasun anarkiko batekin, dena esan behar bada. Tartean ibili zen Ugarte. Hain urrun ez dagoen garai hura xamurtasunez oroitzen du, literatura irensteko zuten gosea, asteroko bilerak Bilbon, elkarbanatutako etxekolan eta erreferentziak... Lekutan geratu dira, baina hurbil daude.

Idaztea, beraz, ez da lantegi arrotza Ugarterentzat. Hain da ohikoa, eze, hitzekin egiten duela lan, kazetari baitabil Berria komunikabidean. Aje pixka bat eragiten diola aipatu digu, idazterako orduan nagia dela, edo motela agian. Kontua, kosta egiten zaiola jartzea eta, egunero idazten ibilita, bereari heltzeko ahalegina egin behar izan duela. Horrela, poliki-poliki pilatzen joandako poemekin osatu du bere lehen liburua, Susa argitaletxearekin kaleratutako ‘Gu gabe ere’. Ugartek berak esan du ez dela lorpenei begira egoten den horietakoa, ez duela horretarako idazten. Begira ez egonda ere heltzen dira, ordea. Espainiako kritika saria jaso duela jakin baita orain gutxi.

Idazkera apala eta zehatza aitortu dizkiogu, handikeria nahirik gabeko hitzekin hainbeste esateko ahalmena. Liburu osora extrapolatzen den kontua da hori, modu fisikoan gainera. Azalari erreparatzea besterik ez dago. Nagore Legarreta argazkilaria arduratu da irudiaz. Goiz bat eta bi karrete hartu eta asmo zehatzik gabe abiatu omen ziren aurkituko zutenaren bila.

Kafetegi bateko ertzeko mahai txiki batean bildu gara, liburuari tripak atera nahian.

Jaurlaritza Logoa