Live
Bederatzigarren sinfonia ezaguna da. Eta bazen bederatzigarren sinfoniaren gaineko mito bat musika klasikoan: bederatzigarrena egin eta hamargarren sinfonia egiterako, musikariak hil egiten omen ziren.
Bertsolaritzan horrelako mitorik ez dagoen arren, bederatzi puntuko bertsoa bada aski mitikoa. Bertsolaritzako ia matxinada bakarra sortu zuen. 1960ko Gipuzkoako txapelketan zazpi bertsolari ziren Eibarren eta agurraren ondoren gai-jartzaileak eskatu zien bederatzi puntukoan bertso bana botatzeko Mogel zenari buruz. Uztapide eta Lasarte ziren beteranoenak eta oholtzan bertan esan zioten bederatzi puntukoa ez dela bat-batean egiteko neurria. Gai-jartzaileak atzera egin eta nahi zuten neurrian kantatzeko esan zien orduan.
‘Bederatzikoa’ emankizunean katigatzen dira Beethovenen pieza esanguratsuak eta bederatzi puntuko bertso ezagunak. Kultur Harian, katigatze horretan sakondu asmoz, Xabier Lizaso eta Andoni Egañarekin bildu gara solasaldi patxadatsu batean eta hizketagai izan ditugu musika klasikoaren eta bertsoaren arteko zubi eta lubakiak, bitxikeriak eta emanaldiaren bueltan sortutako pasadizoak.
Xabier Lizaso Loidi (Orio, 1965) bere kasa hasi zen pianoa jotzen, etxean zuten pianoarekin jolasean. Gerora, kontserbatorioko ikasketak egin zituen Donostian eta Sevillan; horrez gain, Varsoviako musika unibertsitatean eta Londresko kolegioan ere egin zituen ikasketak. Musika didaktikoaren alorrean ibili izan da eta prestigio handia lortu du bide horretan.
Andoni Egaña Makazaga (Zarautz, 1961) bertsolaria da, Euskal Filologiako lizentziaduna. Lau aldiz irabazi du Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bertsolari ez ezik, ikertzaile, teorizatzaile eta idazle eta zutabegile moduan ere nabarmendu da. Ekarpen handia egin du bat-bateko bertsoa sortzeko prozesua azaltzeko eta ezagutarazteko. Era berean, bat-bateko bertsoa beste kultur adierazpide batzuekin uztartzeko egin diren esperientzia askotan parte hartu du.
Nola uztartzen dira bertsoa eta pianoa?
Duela 8-10 urte Lizasoren lehengusu batek jarri zituen harremanetan oriotarra eta zarauztarra elkarrekin zerbait egin beharko luketela esanaz. «Egitea pentsatu genuen. Neuk musika klasikoaz gehiago ikasteko bide bat ikusi nuen, eta bertsozaleari musika klasikoa pixka bat hurbiltzeko eta musika klasiko zaleari bertsolaritza pixka bat hurbiltzeko bide bat. Natural atera zaigu harremana», adierazi du Egañak.
Hala jaio ziren ‘Bi arreba’ eta ‘Garai hura gara’ emanaldiak. Duela pare bat urte, Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena zela-eta enkargu bat egin zieten Getxotik, ea zerbait egin zezaketen Beethoven eta bertsoekin, eta 9 zenbakian topatu zuten heldulekua.
Emanaldian Egañak kantatzen dituen bat-bateko gehienak oso maila altuko bederatzikoak dira. «Hor egon da eboluzio bat, 60an ezin zen bat-batean kantatu baina geroztik, 80ko txapelketan adibidez, buruz burukoan derrigorrezkoa zen bederatziko bat kantatzea», kontatu du zarauztarrak.
Hala abestu zion Amurizak txapelketa hartan ‘Euskal Herriari’ gaiari: «Erreka bazterrean ernetzen da altza/ hark bezela guk ere orriak altxa/ Euskal Herri gurea da gure mahatsa/ nahiz ta askatasunez ez dan aberatsa/ hau destino latza/ askotan garratza/ gakoa hor datza/ aldatzeko martxa/ behera muga lotuak gora esperantza (bis)».
Derrigorra ez denean ere, txapelketan zein jaialdi arruntetan, inork eskatu gabe bederatzikoa kantatzeko gai dira orain bertsolariak.
Lizasok nabarmendu duenez, Beethoven ere «inprobisatzaile aluzinantea» zen. Gaztetan Mozart ezagutu zuen, Vienan. Haren aurrean pianoa jotzen hasi zen eta ez zuen bere arreta bereganatu. Baina halako batean Mozartek Beethoveni eskatu zion zerbait inprobisatzeko. Hiru ordu laurdenez inprobisatzen jardun zen Beethoven gaztea, eta bukatzean Mozartek esan zuen gazte haren izena kontuan izateko.
Egañak erantsi duenez, kultura jasotzat hartzen denaren eta herrikoitzat hartzen denaren arteko mugak lausotu egiten dira momentu batzuetan. «Bertsolaritza segur aski artisau lana gehiago da artista lana baino, baina Maialen Lujanbiok ‘Altzoa’ gaia jarrita erdi-minez bota zuen bertso hura artera hurbiltzen da».
Jon Lopategik agure zahar baten arropari botatakoek ere maila ematen dute. ‘Basurara bota dituzu arropak eta hara non ikusten duzun beste gizon bat jasotzen’ jarri zioten gaia.
«Erropa zahar hoiekin etsian nengoen/ beti jantzi ohi naiz ahal denik ondoen/ akaso bota ditut behar zen baino lehen/ baina ondorioa horra hor nabarmen/ triste nago zeren/ aitona zahar horren/ jokoa gaur zer den/ ikusi ondoren/ miseria gehiegi daukagu hemen».
Uste baino gehiago ezagutzen dugu
Musika klasikoari dagokionez emanaldiaren momentu batean esplikatzen dute Beethovenen zati batzuk zein garrantzitsuak diren. Esaterako, edozein suspentse momentutan erabiltzen dugun ‘tzan-tzan-tzan-tzan’ hori berea da. Gargamelek pottokiak pertsegitzen ditueneko musika ere bai.
Bertsolaritza beste diziplinekin nahasten da. Horretarako ahalegina egiten du. Bertso musikatuak egiten direnean, adibidez, bertsoaren laguntzaile izaten da musika eta bertsozale gehiago joaten dira emanaldira musikazaleak baino.
Zarauztarraren ustez, emanaldi honetan, Beethovenen obrak daukan pisuarekin, desorekak kontrakoa izateko arriskua dauka. Horregatik, bertso hautatuak benetan onak izan daitezen saiatu da.
Oriotarrak antzeman du hurbiltzen zaien jendea ez dela musikan aditua. «Baina nire oso gaztetako helburu nagusietako bat beti hori izan da: musika hori ezezagunei azaltzea modu egoki batean. Nik asko ikasi dudan bezala bertso munduaz, disfrutatuz ikasten du publikoak».
Bertsolariak erantsi duenez emanaldia euskaraz izatea ere bada plus bat. «Beethoven euskaraz da guretzat. Horrek badauka balio bat. Euskaraz esplikatutako Beethoven bertsozaleari interesatzen zaio».
Beethovenen obra ezagunenetakoa ‘Elisarentzat’ da, piano ikasle gehienek jo dute. Eta XX. mendean deskubritu zen ez dela ‘Elisarentzat’, baizik eta ‘Teresarentzat’. Letra txarra zeukan antza, eta hil eta gero topatu zioten obra hori. Halako gauzak kontatzen dituzte eta jendeak gustura hartzen ditu.
400 kiloko pianoa hartuta herriz herri dabil Egañak eta Lizasok osatutako bikotea ‘Bederatzikoa’ emanaldiarekin. Ea zer ibili ematen dioten instrumentuari!