Live
Iritsi da, hemen da jada gure —eta mundu osoko bideojokozale askoren— urteko eta hamarkadako titulurik desiratuena. From Softwarekoek Elden Ring kaleratu dute jada PlayStation eta Xbox kontsoletan nahiz PC-an. Lands Between-etako lurralde arrotzek denetariko arriskuak eta erronkak biltzen dituzte.
Fantasiazko mundu gogor honetan murgildu gara dagoeneko Game Erauntsiako kideak. Gure lehen orduei buruz aritu gara irratsaioan: bakoitzak ibilitako lehen pausoak, aukeratutako armak eta mailak zein egindako aurkikuntzak dira, besteak beste, aipatutakoak. Obra benetan erraldoia denez, oraindik esploratzeko asko falta zaigu; hala ere, dagoeneko argi dugu: joko zoragarria da Hidetaka Miyazaki zuzendariak eta bere taldeak sortutakoa.
Elden Ringi buruz gehiago hitz egiteko gogoekin geratu gara, baina egunotan bideojokoei lotutako zenbait albiste garrantzitsu argitaratu direnez horiei errepasatzeari ekin diogu gure albistegian.
Lehenik, Pokémon saga ezagunek atal berrien iragarpena dago. Scarlet eta Violet frankiziaren 26. urteurrena ospatzeko ezagutzera eman dituzte. Iberiar penintsulan oinarritutako eskualdea osatzen ari dira abentura berrirako, eta hasierako hiru sakelako munstroak erakutsi dituzte jada.
PlayStation-ekoek egindako State of Play aurkezpenean ikusitako tituluen berri eman dugu gainera. Garatzaile japoniarretan ardaztu dira oraingoan, eta egia esan ezusteko mordoa egon da: Capcom, Square Enix, Tango Gameworks, Bandai Namco eta Konami estudioen lanak ikusi ditugu, besteak beste.
Japoniatik Nafarroara, Studio Circenses-ekoek beren lehen bideojokoa aurkeztu dute: The Silent Swan itxurosoan hainbat misterio argitzeari ekin beharko diogu. Titulua PlayStation Talents ekimenaren babespean prestatzen ari dira CreaNavarra zentroko ikasleak, eta aurten kaleratzeko asmoa dute.
Euskal Herrian jarraituta, AEK-rekin batera Game Erauntsiak antolatu duen Korrika birtualari buruz mintzatu gara. Gure zortzigarren probintzia digitala da, beraz lurralde birtualak zeharkatuko ditugu martxoaren 25ean euskara ingurune digitalean zabaltzeko asmoarekin. Aurretik, baina, auzolanean ari gara komunitatearekin Minecraft bideojokoan zazpi hiriburuak eta ibilbidea eratzeko.
Bukatzeko, Game Erauntsiaren komunitateak euskara espaziora eramatea lortu du. 2019an estreinatutako Outer Wilds maisulana euskaratu du Eztainuk. Mobius Digital-en obra sarituan esplorazioa eta puzzleak dira nagusi. Misterio handi bat argitzea izango da gure helburua, horretarako hainbat planeta esploratuta. 2022an are bideojoko gehiago euskaratzeko helburua dugu, beraz adi gure irratsaioari!