Live
Emakumeek euren gorputzekiko eta itxura fisikoarekiko jasaten duten presioa «erabatekoa» dela uste du Maddi Gutierrez Espazio Lunarra Gune Holistiko Psikoterapeutikoko kideak. NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketan zehaztu du lodifobia lantzerakoan «arauetatik kanpo dagoen pertsona eta gorputz oro» hartzen dutela kontuan.
Presioa «txikitatik xurgatzen» dela uste du eta norabide anitzetatik, familiatik, gertukoengandik, bikotearengandik eta «argi eta garbi» telebistako ereduetatik. Sare sozialen erabilerak presioa handitu duela ere uste du eta horren isla direla filtroak, «'inperfekzioak' ezkutatzeko filtro gehienak emakumeei begirakoak dira».
Presio honek emakumeengan zer nolako ondorioa duen galdetuta, «ondorioa da etengabe egotea etorkizuneko gorputzaren desiran, inoiz ez habitatzea egun dugun gorputza», dio Gutierrezek. Eta gaineratu «sistema gustura dagoela» egoera honekin, gorputzarekiko kezkan zentratzeak beste gauza batzuetan ez pentsatzea dakarrelako.
Emozionalki eraginak «izugarriak» direla baieztatu du. «Gure gorputzak ez aitortzea, espazioak okupatzeko zailtasunak, lanean edo erlazio batean adibidez, edo ez sentitzea erlazio osasuntsu bat merezi duzula». Gorputz «ideal» bat izan arte «bizitza ideal bat ez dugula lortuko» pentsatzea ere eragin lezake gorputzarekiko presioak, Espazio Lunarra taldeko kidearen esanetan.
Egoera honetan «saretzean izugarrizko apustua» egiten du talde honek. «Uste dugu taldeak indar handia ematen digula, ale txikiak jarriz, hor dagoela eraldaketa». Hala, «elkarrekin goxatzeko» deia egin du, «bidea dago norbere buruarekin birkonektatzeko, besteekin saretzearekin batera min horiek osatzeko».