Zuzenean

Elkarrizketa
Sofia Grijalvo
Psikologoa

«Anorexia duen paziente batek 20 kilo argaldu eta ‘ze guapa zauden’ bezalakoak entzun ditu»

Elikadura nahasteetan espezializatua den Sofia Grijalvo psikologoarekin aztertu dugu emakumeek euren gorputzen inguruan jasaten duten presioa. «Idealetatik eta konparazioetatik ihes egitea zaila da» bere esanetan baina uste du posible dela  «emakumeon gorputz ereduak errealitatera hurbiltzea».

Audio_placeholder

«Anorexia duen paziente batek 20 kilo argaldu eta ‘ze guapa zauden’ bezalakoak entzun ditu»

Loading player...
Sofia Grijalvo psikologoa
Sofia Grijalvo psikologoa (Naiz Irratia)

Emakumeek euren gorputz eta itxura fisikoaren inguruan jasaten duten presioan jarri du fokua aurtengo Martxoaren 8an Lakuako Gobernuak. Baieztatu du garaiz gaudela datozen belaunaldiei etorkizun hobea eskaintzeko.

Kanpainaren aurkezpenean Beatriz Artolazabal Brdintasun sailburuak baieztatu zuen neskek euren gorputz eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten presioak ondorio kaltegarriak dituela euren osasun eta gorputzetan, anorexia edo elikaduraren inguruko gaixotasunak eragiten dituelako askotan.

Sofia Grijalvo psikologia klinikoan espezializatu da, zehazki, elikadura nahasteetan. ACABE Anorexia eta Bulimiaren aurkako Bizkaiko elkartean egiten du lan prebentzio arloan, tailerrak ematen ditu institutuetan eta tratamendu psikologikoak eskaintzen dizkie halako arazoak dituztenei. Argi du emakumeen gorputzekiko presioa errealitate bat dela, «burura etortzen zaikit dendetako neurri txikiak, marketinga, pisua galtzeko produktuen iragarkiak edo telebistako pertsonaiak». Adibide zehatz bat ere jarri du. «Anorexia duen paziente batek 20 kilo argaldu eta ‘ze guapa zauden’ bezalakoak entzun ditu». Egoera kaxkar samarra aurkeztu digu psikologoak, «gizarteak horrelako mezuak ematen dizkigu, etengabekoak dira, ezin dira kontrolatu».

Sare sozialen erabilera masiboari dagokionean, filtroen erabileraz ohartarazi du Grijalvok, «Instagramen argazki bat igotzeko lehen pausua filtroen erabilera da eta irudiaren moldatze honetan faltsutze prozesu batean gaude sartuta, naturaltasuna zapalduta gelditzen da».

Anorexia nahiz bulimia bezalako gaixotasunetan faktore anitz hartu behar dira kontuan elikadura nahasteetan espezializatua den profesional honen esanetan, baina sare sozialak arrisku faktore bat direla baieztatu du. Nerabezaroan agertu ohi dira maiz gaixotasun hauek, «autoestima taldekideen onarpenaren eta mirespenaren menpe» dagoenean eta «edertasun kanonek» eragin itzela duten testuinguru batean.

Grijalvok oso zail ikusten du «kontsumo gizarte» honetan emakumeen gorputzarekiko presioa desagertaraztea «segurtasun ezak bere lekua» duelako «arropa eta produktu estetikoen salmentan nahiz ebakuntza estetikoetan». Baina  zerbait egin daiteke, «emakumeon gorputz ereduak errealitatera hurbiltzea posible dela uste dut». Bide horretan hitzekin kontu handiz ibili behar garela aldarrikatu du, «gehienok entzun ditugu komentario latzak, ‘begira horrek ez du arropa hori eramateko gorputzik’, adibidez». «Hitzek errealitatea sortzen dute, kontu handiz ibili behar dugu gure hitzekin, eta pentsamenduak kontrolaezinak dira baina behingoz pentsamendu kritikoa erabili beharko genuke».

Presioak presio emakume bakoitzak du gorputz propio bat eta psikologo honen iritziz «garenak garela» onartzea da bidea eta «inperfekzioan birtuteak» daudela ikustea. Dio maiz entzun ohi duela norberak bere gorputza gustuko izan behar duela den bezalakoa izanda, baina ez duela zertan bere iritziz, «agian ez guztiz, autoestima sendoa izateak ez du esan nahi hau edo bestea aldatu nahi ez izatea, idealetatik eta konparazioetatik ihes egitea zaila da». Baina gustuak gustu, bizirik egotea da, noski, garrantzitsuena, eta hori inperfekzioak dakarrela baieztatu du, «idealak ez daude errealitatean eta inperfektuak bagara bizirik gaudela esan nahi du».

Jaurlaritza Logoa