Live

«Belaunaldi baten kezkak eta asmoak zeintzuk diren plazaratu nahi izan dugu»

Ane Barcena, Kattalin Barcena eta Javier Jorajuriak osatzen dute J Martina taldea. Hainbat single kaleratu ostean, ‘Jaio naiz baina’ deituriko EPa kaleratu dute, 6 abestiz osatua, eta hura aurkezten izan dira MusikHaria saioan. ‘Baina’ bat baino gehiago topatu ditugu J Martinaren lehen albumean.

Audio_placeholder

«Belaunaldi baten kezkak eta asmoak zeintzuk diren plazaratu nahi izan dugu»

Loading player...
Sahatsa Jauregiren artean oinarrituz osatu dituzte argazki eta bideoklipak J Martina taldekoek.
Sahatsa Jauregiren artean oinarrituz osatu dituzte argazki eta bideoklipak J Martina taldekoek. (Zoe MARTIKORENA)

2020ko apirilean atera zuten lehendabiziko abestia, ‘Mundu zahar’, Camarón eta trapa uztartuz eta euskaraz. Hori izan zen abiapuntua ezta?

Kattalin Barcena: Hasi ginenean ez genekien zer egingo genuen ere eta jendea titular horiekin geratzen da. Hasi ginen besterik gabe, erreferentzia batzuen bitartez sortzen.

Javi Jorajuria: Kantu honekin kanpora begira hasi ginen, baina barrura begira beste batzuk egin genituen. Momentu hartan ez genituen kaleratzeko moduan ikusten eta batzuk askoz ere beranduago kaleratu ditugu. Baina ‘Mundu zahar’ esan daiteke ateratzeko modukoa den lehenengo abestia dela.

Nola eman zen taldearen elkarketa?

Ane Barcena: Kattalin eta biok ahizpak garela uste dut mundu guztiak badakiela eta txikitatik musikarekin konexioa izan dugu, betidanik egon gara musikaz inguratuta. Kattalinek J Martina baino lehen beste esperientzia musikal batzuk izan zituen eta beti zerbait batera egin nahi izan dugunez, unea iritsi zela uste genuenean hasi ginen honekin martxan, denborari ihes egiten utzi gabe. Guk zerbait egin nahi genuen baina ez genien ez nola hasi ez ezer, argi geneukan bakarra zen ordenagailu bidez sortutako musika izango zela eta laguntza behar genuen. Hor agertu zen Javi, Kattalinen ikaskidea zela une hartan.

J.J.: Hau proposatu zidatenean ez neukan ideiarik ere musika honen inguruan. Ez nuen halakorik entzuten, ez nuen ekoizten, bateria elektronikoak eta topatu nituen noizbait baina ezer gehiagorik ez. Hori bai, proposatu zidatenean banekiela esan nien, proiektuan parte hartu nahi nuelako. Orduan hasi nintzen ikasten eta orain, prozesu luze baten ostean, uste dut esan dezakedala badakidala zer egiten dudan.

Zu izatez gitarra-jotzailea zara Javi?

J.J.: Bai, beno, gitarra jotzen dut. Ez naiz inoiz oso trebea izan, ez dut inoiz gehiegi jo, baina hor dago.

K.B.: Nik uste dut J Martinarekin hasi ginenean, Javik gitarra jotzen zuela eta kito, gero ikasi du pianoa jotzen, sintetizadoreak erabiltzen…

J Martina izena bera, nori bururatzen zaio?

K.B.: Jendeak sekulako garrantzia ematen dio eta guretzako egia da baduela istorio bat, baina tira, ez da hain garrantzitsua kanpora begira. Martina deitzen zen Aneren eta bion birramama, eta gure amak, Aneren haurdun zegoela, Martina deitu nahi izan zion. Ni asko itotzen ninduen horrek, Kattalin izena nahikoa katastrofikoa bazen niretzako, bada hurrengoa Martina… ba pentsa! Hori bai, Aneren atzetik etorri zen nebari Martin jarri zioten izena. Hortaz, Martina hor airean egon den izena izanda, taldeari jarri diogu eta Javiren J aurretik gehituz, J Martina geratu zen.

Kantuak minorretan egiteko joera duzue, ez dakit akorde maiorrik ba ote duzuen kantuetan. Badago arrazoi berezirik?

J.J.: Ateratzen den moduan daude eginda. Ez dugu pentsatzen maiorretan edo minorretan egin behar dugun zerbait, sortzen diren akorde progresioak dira. Akaso zerbaitengatik izango da, baina ez kontzienteki.

K.B.: Nik uste horiek direla erakartzen gaituzten akordeak eta egia da inkontzienteki sortu direla baina, era berean, ohitura bat hartu dugula. Gero konturatzen gara, baina konposatzerako moduan ez.

‘Gazte baten ametsak’ kantuarekin hasten duzue diskoa, «ez dute lortzen, ez naiz erortzen, atzetik daukat polizia» esaldia jasotzen duena. Duela 50 urte hasi eta gaur arte gazte batek Euskal Herrian bizi izan duen zerbait izan daiteke.

K.B.: Ez dakit kantu hau noiz idatzi dugun zehazki, baina azkeneko bi urte hauetan oso era gordinean ikusi da pobreziaren areagotzearekin, bai jazarpen polizialarekin… Kapitalismoaren berregituraketa honen baitan, gazteek zer funtzio bete duten eta gazteak zer arriskutara bideratu gaituzten. Kantu honen bitartez oihu egin nahi izan dugu, gazteok zer irudikatu badugulako eta zer nahi dugun gure etorkizunerako ere esan dezakegulako.

Soinu aldetik, sintetizadoreek sirena hotsak iradoki dizkidate. Egoera irudikatu dut polizia atzetik duzula, korrika, distortsioak ezinegon hori sortuz… Hori bilatua izan da edota nire paranoia bat da?

J.J.: Ezer ez da %100ean bilatua eta ezer ez da %100ean kasualitatea. Holako gaiak tratatzean barrutik ateratzen da distortsio bat sartzea edota ezinegona sortzea. Kanta batzuetan deserosotasun hori bilatu genezakeen eta ez dugu egin, baina kantu honetan nik uste dut tekla egokia sakatzen asmatu dugula eta leloan egurra eman dugu.

K.B.: Aurrekoan esan zigun batek errepikan Camela gogorarazten ziola kantu honek. Eta arrazoi zuen, errepikako bi ahotsetan, hain tonu altuetan eta abar, baduelako rollo hori.

A.B.: ‘Technazo’ bat egin nahi izan genuen abesti honekin.

J.J.: ‘Desira’ kantuarekin ere bide horretara jotzeko nahia genuen, baina gero beste bide bat hartu du.

Dream-pop ukitua, reggaetoia, halakoak ditu argitasuna duen ‘Bihar’ kantuak. «Gehiago nahi dut» diozue, baina ez da argi geratzen den zer den nahi duzuena.

K.B.: Justu kantu honek sentsazio bati egiten dio erreferentzia egoera puntual bati baino. Errutina batean harrapatuta egoteari eta handik ihes egin nahi izateari abesten diogu. Errutina hori ez dugulako guk aukeratu eta ez delako guretzat nahi duguna, bestelako bihar bat nahi dugula, finean. Bizi ez ditugun istorioak kontatzeko eskatzen da, iluntasun batetik irteteko nahi horri egindako abestia da.

Kantu hau izan zen akaso sorpresan harrapatu gintuen lehendabizikoa, erritmo eta soinu aldetik duen aldaketagatik orain arte egin zenutenarekin alderatuz gero.

J.J.: Esan digute entzuteko akaso zailena dela, aldaketa asko dituelako. Hori esan zigutenean harriduraz hartu genuen, erraz sartzen zela uste nuelako.

K.B.: Ez dauka errepika argirik, zatiak beren artean lotzen doaz eta erritmo aldaketa horiek eta akaso ulertzeko zailagoa egiten dute, barneratzeko zailena akaso.

«Nostalgiaz esnatzen da hiria»… Nostalgiatik asko bizi gara akaso, ezta?

J.J.: Egia da hori, baina ezin gara bertan geratu.

K.B.: Nik uste dut horregatik esaten duela «bizi ez dudan zerbaiten nostalgia», gertatutakoari baina aurrerago etorriko denari ere egiten dio erreferentzia. Iraganaren eta datorrenaren arteko oreka bat behar dela, alegia.

Grabaketak Tobby Recordsen egin dituzue, baina aurretik ateratako singleak zuen kabuz grabatuak izan dira?

A.B.: Aurreko singleak gure etxeko armairuan, komunean, lokaletan…Tobby Records prozesuan zegoen eta, orain, albuma grabatzeko prest egon denez, bertan egin dugu.

Estudioko esperientzia zer moduzkoa izan da?

K.B.: Bada, oso ona. Tobby Records Artzentalesen, Enkarterrietan dago, mendian dagoen tokia da eta bertan egun batzuk pasatzeko aukera izan dugu. Gozatua izan da egunero bertan esnatu eta lasai-lasai egotea eta grabatzea.

A.B.: Gainera, bertan pasatako hiru egunetan diskorako bakarrik zaude, erabat zentratuta eta hori elkarbanatzea oso ona izan da. Iazko udan, 2021eko abuztuan grabatu genuen.

J.J.: Hasi behar ginen lehenago grabatzen, baina COVIDak ez zigun utzi.

K.B.: Joan ere egin ginen bertara, baina mezua iritsi zitzaidan positibo nintzela esanaz eta alde egin behar izan genuen.

Garbi zenuten sei abestiko albuma izango zela edo izan duzue tentaldirik aurretik grabatutakoren bat berriz ere grabatzekoa?

K.B.: Berez pare bat kantu gehiago egiteko asmotan ginen, baina sei hauek egin genituenean, nahikoa zela esan genuen, diskoa eginda zegoela.

Diskoari berriz ere helduz, ‘Kondena’ kantuak ere esaldi mardulak ditu. Zerbaiten zama gure gainean dugunaren sentsazioaz ari zarete?

K.B.: Abestiak izena ‘Kondena’ badu ere, gero askotan esaten du «hau da egiaren kondena» esaldia. Egia beti dago hor, zuk ahal duzu zerbaitegatik ihes egiten edota saiatu zaitezke behintzat, baina egia beti dago hor eta ezin diozu hari ihes egin. Hortaz batzuetan nola saiatzen garen ihes egiten edota besteetan egia hori ez dezagun aurkitu saiatzen diren, bada, horri egin diogu erreferentzia.

Gitarrak beste dimentsio bat hartzen du kantu honetan. Hasieratik argi zeneukan horrela behar zuela, Javi?

J.J.: Ez, gainera hasieran ez zeukan gitarra hori. Grabatzerako momentuan, Nikorekin nahasketak eta egiten ari ginela, esan zidan akoplatzen zen gitarra baten soinua eskatzen ziola eta baiezkoa esan nion eta horrela egin genuen. Egia esanda, oso ondo geratzen dela uste dut, asko betetzen du.

Orain arte egiten ari zinenetik gertuen dagoen abestia da akaso? Trap estiloetan-eta erabiltzen den drill hori da adierazleetako bat.

A.B.: Nik ez nuke esango horrela denik. Abesti honen instrumentalarekin asko arriskatu dugula uste dut, bereziena edo arraroena da. Gu berez bagara arraroak egia esanda…

K.B.: Nik uste dut baduzula arrazoia hein batean, orain arte atera ditugun abestiak arraroagoak izan direlako albumean atera direnak baino. Hau da, oraingoan poperoagoak dira abestiak, melodiak eta errazago sartzen dira. Eta ‘Kondena’ bide horretatik gehien urruntzen dena da ezbairik gabe.

Diskoaren bueltan sortu den arte guztia ere aipatu beharrekoa dela uste dut. Metalezko xaflak dira protagonista eta haietan sortutako irudiak… Sahatsa Jauregiren ideia izan da dena, edo zuek pistak eman dizkiozue?

J.J.: Eskuz egin ditu mozketa guztiak. Sopletea erabiliz egin ditu mozketak eta ez da oso fin geratu, horrek du grazia berezia niretzako.

K.B.: Gurekin lan egin aurretik Artiachen egin zuen erakusketa baterako sortutako lanak dira eta gero gurekin lan egiteko esatean irudi nagusia ere sortu zuen. Hortaz, guztiak elkarrekin atmosfera egoki bat sortu zezakeela uste genuen. Hala, eszenario berezi bat sortzen du guztiak eta zentzu bat hartzen du aire artifizial bat sortuaz. Gogorra da, gordina eta gustatzen zaigu.

Bideoek ere hori iradokitzen dute, oso serio agertzen zaretelako haietan.

K.B.: Beno, serio gaude beti.

J.J.: Ez dakigu posatzen eta, orduan, serio jartzen gara ea horrela disimuluan geratzen den ikusteko.

Baina planoen errepikapena, irudietan dauden xehetasunek sortzen dituzten galderak… Ezinegona sortzen didate bideok.

J.J.: Lumpenean egotearen zergatia ere hori da akaso. Elementu asko daude pantailan eta, behin eta berriz gauzak agertzean, zerbait iradokitzen dio ikusleari. Ezinegona sortzen dizu baina aldi berean momenturo zerbait berria ikusteko aukera ematen du.

Nola egin zenuten grabaketa?

K.B.: Egun bat pasa genuen Sahatsaren estudioan.

J.J.: Egun bat literalki.

K.B.: Hori da, goiz-goizetik azken ordura arte. Hara etorri ziren Zoe Martikorena, Mikel Barberia, Ander Sagastiberri eta Julene Gregorio, bakoitza bere esparruaz arduratzen eta egun osoa pasa genuen eszenario horren baitan eszena desberdinak osatuz, irudi eta objektuekin, argazkiak eta bideoak egiteko.

Janzkerak pista batzuk ematen ditu? Iluntzen joan da kantuz kantu, batean izan ezik.

A.B.: Azkena justu argiena da.

K.B.: Sahatsak objektuen eta arropen arabera sortzen zuen eszena. Guk gero erabakitzen genuen eszena bakoitza zein kanturi lotuko genion, hortaz, arropa iluntzen joatearena kasualitate hutsa izan da.

J.J.: Gainera askotan kanpotik egiten dira analisi sakonagoak benetan gordetzen dutena baino. Gauzak ez ditugu egitearren egiten, baina gutxiago pentsatzen ditugu, formalki egiten dira eta gero atzetik etortzen dira analisiak.

K.B.: Inkontzienteki egiten diren gauza askok gero hartzen dute zentzua.

‘Dolu gabe’ kanta kasik a capella abestua dagoela esan dezakegu, autotunea baino ez duena. Javi, zuk abesten duzu?

K.B.: Autotunerik ez du!

J.J.: Vocoderra da kasu honetan erabili dugun efektua. Hartara, abesten duena ez naiz ni, baizik eta efektu horretaz baliatu gara ahotsak erregistro baxuagoetara eramateko.

«Nire zauria ez da zurea» dio, zerbaiten apurketa baten ostean datorren esaldi bezala hartuta. Ez dela beti enpatia izan behar, hori da kantu honetan hartu dudan mezu orokorra.

K.B.: Zehazki hori da esan nahi dudana. Ez harremanak orokorrean ulertuta, baizik eta gure minen erantzunak besteengan ez ditugula zertan bilatu behar esan nahi dut. Batzuetan minak gureak dira eta guk konpondu behar ditugu. Besteengan bilatzen ditugu maiz gure minaren arrazoiak eta erantzunak, eta ez da beti horrela izaten.

Edota alderantziz, norbaitek mindu dugula esaten digunean eta guk ez dugunean horrela uste, enpatia exijitzen zaigu berdin-berdin. Vocoder efektuari helduz, erabiltzen ikastea erraza izan da?

J.J.: YouTuberen laguntzarekin dena da posible, kar, kar.

K.B.: Nola egin vocoder efektua… kar, kar.

J.J.: Askotan hasten zara halako gauzekin baina gero sekulan ere ez da lortzen nahi zenuen hori. YouTubetik ikasten duzu esentzia, fundamentua, eta gero ikasten duzu zer gustatzen zaizun gehiago eta zer gutxiago. Baina Vocoderra erraza da, bi klik, sintetizadore ezberdinak probatu eta kito.

Ane eta Kattalin, zuek vocoderrarekin edo autotunearekin nahiago duzu entzun zuen ahotsa?

A.B.: Vocoderra honekin bakarrik erabili dugu eta kantu honetarako efektu egokiena dela uste dut. Orokorrean autotunearekin grabatzen dugu, baina biak ditut gogoko. Egia da hau grabatzerakoan efektu gabe grabatu genuela eta gero jarri ziola efektua, hortaz desberdina izan da grabatzea bera ere guretzako.

K.B.: J Martinarekin hasi ginenetik oso ohituta gaude autotunearekin abesten, nahiz eta aurretik ez genuen sekula halakorik erabili. Niri behintzat efekturik gabe nire ahotsa berriz ere topatzea kostatu egin zitzaidan eta J Martinaren abesti bat autotune gabe egitea, J Martinaren ahotsetik arrotza egiten zitzaidalako. Hala ere, kantu honek duen letragatik eta abar zintzotasun bat eskatzen zuen, austeritate bat zentzu horretan, eta horrela egitea eskatzen zuen. Baina kosta zaigu gure burua entzutea, denbora guztian desafinatzen ari ginenaren sentsazioa-eta genituelako.

Gordin jarraitzen duzue ‘Amore’ kantuan ere, «mendekuaren usaina, menperatu du etsaia» bezalako esaldiekin. Alde guztietatik kolpeak datoz, baina aldi berean abesti poperoena da. Letraren eta melodiaren artean sekulako kontrastea egin nahi izan duzue?

K. B.: Gure abestirik gogokoena dela esango nuke zalantzarik gabe. Erreferentzia nagusia Mexikoko ‘corrido tumbado’ bat da, Natanael Canoren abesti baten melodiarekin hasi ginen kantu hau egiten eta gero kantu oso poperoa irten da. Letra oso zuzena da, punk abesti batekoa izan zitekeena.

Letrak denon artean egiten dituzue?

A.B.: Gehien bat Kattalin arduratzen da.

K.B.: Gero moldaketak eta batzuetan denon artean egiten ditugu. Egia da diskoaren aurretik etorritako abestietan denon artean egin ditugula edota ‘Desira’ kantuaren hitzak Javiren aurreko proiektu baten abestitik hartua dagoela.

Gustura geratuko zinen abesti honetan emandako egurrarekin.

K.B.: Errealitatearen aurrean kokatu eta bai artistikoki eta baita politikoki ere gure mezu hau zabaldu nahi dugu. Belaunaldi baten kezkak eta asmoak zeintzuk diren plazaratu nahi izan dugu. Kantu honek erreferentzia egiten dio aurretik bizi izan dugun ziklo politiko bati eta baita gaur egun zabaltzen ari den beste ziklo politiko bati ere. Maitasunetik, nostalgiatik, amorrutik, haserretik… denetarik dauka abestiak.

Pentsatzen dut kontzertuak emateko gogoz izango zaretela.

K.B.: Kontzertu batzuk aipatu ditugu eta martxotik aurrera dezente ditugu lotuta eta haien berri ere laster emango dugu. Ez dakigu zein baldintzatan izango diren eta zer pasako den. Baina hasi ginenean denak eserita, musukoarekin, ezin edan, ezin erre… Txarrena ezagutu dugula uste dut. Hori bai, hori itzultzen bada amorratuko gara. Azken kontzertuak eman genituenean ez zegoen murrizketarik apenas eta sekulakoak izan ziren. Espero dugu berriz ere aukera izatea hori berriz ere bizitzeko.

Diskoa bera fisikoan eskuratzeko modurik egongo da?

A.B.: Ez da egongo disko fisikorik, baina merchandisingerako beste gauza batzuk aterako ditugu.

J.J.: Formatu fisikoan fanzine eta disko arteko zerbait aterako dugu.

K.B.: Printzipioz gure asmoa da ateratzen dugun hori kontzertuetan eskuratzeko moduan jartzea.

Egindako artelan guztia aprobetxatu beharko duzue, jakina.

A.B.: Horregatik, nahiz eta disko fisikorik ez egon zeozer fisikoa gutxienez egotea beharrezkoa zen.

Kolaborazio batekin ixten duzue diskoa eta Ibil Bedikoek bizitakoa oso berezia zela aipatu dute beren sareetan.

A.B.: Ez genituen pertsonalki ezagutzen taldea, entzuten genituen eta asko gustatzen zaigu egiten dutena. Kattalin letra bat idazten hasi zen eta abesti baten zirriborroa geneukala esan genion gure buruari haiekin zerbait egin genezakeela. Hortaz, sortze prozesu hori haiekin bukatzea etorri zitzaigun burura eta proposamena onartu zuten. Kolaborazioa benetakoa izatea nahi genuen, harreman bat sortu eta kantua elkarrekin sortuz, ez interpretazio soil bat.

K.B.: Hasierako estrofa bat eta «ez dauka ezer» esaten zuen zati hori bakarrik geneukan. Hor hasi ginen esaten abestia oso ‘Ibil Bedi’ zela eta hortik hasi zen guztia, logikari jarraika. Zoragarria izan zen Irunberriko beren estudiora joan, egun bat elkarrekin pasa eta elkar ezagutzea. Gauza asko elkarbanatu genituen eta, gainera, hurrengo egunean, Bermeon oholtza partekatzen genuen. Kantua bere ere abestu genuen, baina nahikoa desastrea izan zen. Hortaz, udaleku moduko zerbait izan zen.

Jaurlaritza Logoa