Live
Izkander Fernandezek sarean aipatu zuen jaialdi baten bueltan hizketan hasi eta asteroko tartera ekartzen bukatu dugu MusikHaria saioan. ‘When we were young’ deituriko jaialdia Estatu Batuetan izango da, urriaren 22tik 29ra bitartean, hiru egunez, Las Vegas inguruan. Hala, osatu duten kartelari erreparatuz, batzuk aipatu ditugu Lemoako musika adituarekin, izan ere estilo baten bueltan dabiltza ia guztiak.
Horietatik lehendabizikoa Alkaline Trio taldea izan da. «Chicagon 1996an sortutako taldea da eta hirukote moduan egin ziren ezagun, 2001etik aurrera. Urte horretako kantu bat hautatu dut hardcore melodikoaren kutsu hori baduena, nahiz eta punk-rock ukitu garbia duen abestia den. Honekin argi geratuko da nondik eta nora joan den Alkaline Trio», kontatu digu Izkanderrek.
Izkanderrek aipatu digunez musika estilo honetara berandu iritsi zen, «internetek aukerak zabaldu zizkigunean klasikoetara» joan zelako. «Urte batzuk lehenago musika estilo honen bueltan asko ibili nintzen, 90etan, baina gero 2006a arte-edo ez nintzen itzuli estilo hauetara, harik eta gazte baten gorputzean zegoen agure bat nintzela sentitu nuen arte», esan digu lemoaztarrak. Bigarren lerro batean dagoen ‘The Used’ taldea da Izkanderrek hautatu duena: «Metala, nu metala, hardcorea eta emoa, pop ukitu batekin uztartzea lortu zuen musika taldeak. Lagun batek At the Drive-in taldearekin maiteminduta nengoelako gomendatu zidan eta asmatu zuen, bai berak eta hori garai hartan algoritmoek ez zigutela ezer gomendatzen. Eta ez dakit zergatik gustatzen zaidan!».
Kartel honetan hutsik egin ezin zuen talde horietako bat zen Jimmy Eat World taldea. «’The Middle’ kantuak sekulako arrakasta du, 500 milioi entzunalditik gora ditu Spotifyn. Aipatu izan dugu nola musika mota hau Estatu Batuetako gazteen pelikula eta telesailen soinu bandatan asko agertzen dela, bada, abestiaren bideoklipa zuzenean halako pelikuletan agertzen diren jai batean dago oinarrituta», aipatu digu Fernandezek.
Kartel-buru garbirik ez duen jaialdia dira, ˜kartelak T moduko bat egiten duelako izen handienekin. Nolabait ere kartel-buru dira My Chemical Romance eta Paramore, hor goikaldean kokatu dituztelako». MTVtik kanpora gehiegi zabaldu ez zen talde horietakoa da My Chemical Romance, ez bazen aldizkari espezializatuetan eta halakoetan, baina beren musika interesgarria da. «Mainstreamegia zen metal eta rock aldizkarietarako eta ez ziren hain emoak beste batzuentzat, baina 2004an atera zuten diskotik arrakasta batzuk pilatu zituzten, baina 2006ko ‘The Black Parade’ disko borobila izan zen, hard rock klasikotik edaten duena nabarmen. Dena dela, beren aurreko disko bat aukeratu dut, ‘Helena’ kantuak MTV garaiko abestia delako eta bideoklip gogoangarria dituelako. Ereserki emo bezala hartu daiteke, baina Aerosmithen kutsu nabarmena du», azaldu du Izkanderrek.
Azken taldea Paramore izan da, aipatu dugun jaialdiko kartelean nabarmenduta agertzen den izen horietakoa delako. «Ezohiko toki batetik datez, bai musika estilo honetan, Tennesseekoak direlako. Gorabehera dezente izan zituzten, Farro anaiek eta Hayley Williamsen artean izan zelako halako tirabira bat. Diskoetxeak WIlliams taldearen buru izatea nahi izan zuen eta halako kontratu bat sinatu zuten eta Farro anaiek martxa egin zuten taldetik. Orain, ordea, Zac Farro itzuli egin da, badirudi gauzak baretu direla, eta disko berria dute bidean itxura guztien arabera», bukatu du Izkander Fernandezek.
Aipatu ditugun taldeez gainera, Bring Me The Horizon, Taking Back Sunday, Manchester Orchestra edota Avril Lavigne bezalako artistak izango dira urriko jaialdi horretan. Horrenbestez, hau da Izkanderrek osatutako zerrenda:
– Alkaline Trio - Private Eye
– The Used - Taste of Ink
– Jimmy Eat World - The Middle
– My Chemical Romance - Helena
– Paramore - The Only Exception