Live

Peru Atxa

Musikaren frikiek maite dituzten abestiak

MusikHaria saioko Izkander Fernandez kolaboratzaileak melomanoenentzat osatu du zerrenda. Bidaia moduko bat planteatu du eta lehen abestitik azkeneraino nola iritsi den kontatu digu.

Audio_placeholder

Musikaren frikiek maite dituzten abestiak

Loading player...
Radiohead taldea 2012ko BBK Live jaialdian eman zuen kontzertuan.
Radiohead taldea 2012ko BBK Live jaialdian eman zuen kontzertuan. (Marisol RAMIREZ | Foku)

Izkander Fernandezek aurreko astean Toundra taldea ekarri zuen MusikHaria saioan egiten duen tartera. Madrilgo taldearen disko berriko azalarekin Pink Floyd taldea etorri zitzaion burura, haien disko batek ere azalean lantegi bat duelako irudi nagusi moduan. Hautatu dituen taldeak Pink Floydekin harremana dutela azaldu digu, talde britainiarra hautaketako lehenengo tokian aipatuz: «Musika arloan gauza desberdin asko egiten zituen taldea da. 70etako hamarkadako klasiko hutsa direla esan dezakegu eta audiofilo asko erakartzen dituen taldea da. Horrez gainera, gaur egun adin guztietan ezagunak izan arren, gizarte honetako gizon nagusi zuriaren talde kuttuna dela esan dezakegu, edo horrela irudikatzen dut nik behintzat».

Radiohead taldeak beste talde askorengan izan duen influentziaren inguruan ere hitz egin du Lemoako musikan adituak: «Guns N' Roses baino gehiago eragin zuela konbentzitu ninduen lagun batek, nik hasieran kontrakoa uste arren. Hard rockaren ibilbidea Guns N' Roses taldearekin bukatu zen eta Radioheadek Nirvanaren ildo antzekotik jo zuen. Mundu mailan izugarrizko arrakasta izan zuen taldea da, eta, Pink Floyd taldearekin alderatuz, hauek belaunaldi baten edota jende alternatibo eta intelektualen talde kuttuna dela esan dezakegu. Rock alternatiboa egiten hasi ziren arren, ‘Ok Computer’ diskoarekin iraultza bat eragin zuten sistemaren eta musika industriaren aurka».

Pink Floyd taldearekin gizon nagusi zuria aipatu ondoren, Joanna Newsom artistarekin emakumeen esentzia nabarmendu du Fernandezek: «Arpa batekin musikatzen du bere ahots berezia Joanna Newsomek. ‘Ys’ bezalako disko bereziak egiten zituen, estruktura konplexuekin eta pertsonalitate indartsu batekin. Lan hau bost abestiz osatuta dago baina 55 minutu irauten duen proiektua da. Musika sortzerako orduan, erreferentzia gutxi behar dituen artista da eta bere abesti asko ipuin klasikoekin egin diren filmetako soinu banden antzekoa da. Urte asko musika munduan ibili den arren, hamazazpi guztira, soilik lau disko kaleratu ditu».

Rush taldearekin jarraitu du Fernandezek, zerrenda honetan hutsik egin ez zuena bera bezalako musikazaleentzat: «Beren ibilbidea hard rockarekin hasi zuten eta estilo aldetik Led Zeppelin izaten saiatu ziren arren, beren estilo propioa jotzen bukatu zuten, rock progresioekin jolastuz eta bateria-jotzaileari garrantzia emanaz. ‘Tom Swayer’ abestia hainbat pelikula eta bideo-jokoetan agertzen denez, oso ezaguna dela esan dezakegu eta talde hau Kanadan sortu zen arren, garrantzi nagusia Estatu Batuetan lortu zuen, ‘Rock & Roll Hall of Fame’-aren parte izatera iritsiz».

Izkanderrek izendatu duen azken taldea Coheed and Cambria da: «Talde honen hasierako pausoetan bestelako doinuak izan bazituzten ere, emo musikaren munduan izan zuten arrakasta nagusia, nahiz eta beren estiloa ez zegoen hertsiki lotua. Aipatu ditudan beste taldeen antzera, abesti kontzeptualak egiten dituzte eta talde honen diskoek abeslariak sortutako komikiekin lotura dute, hau da, Coheed and Cambriaren jatorria komiki batean dago. Gitarra aldetik proiektu oso interesgarria da eta laster disko berria kaleratuko dute», bukatu du Fernandezek.

Hauxe da ‘Flipauendako musika’ zerrenda, Izkander Fernandezek sortua:

– Pink Floyd - The great gig in the sky

– Radiohead - Airbag

– Joanna Newsom - Sawdust and diamonds

– Rush - Tom Sawyer

– Coheed and cambria - Welcome home

Jaurlaritza Logoa