Live

Peru Atxa - Iker Gurrutxaga

Rock proiektu berrien loraldia ‘Zarata’ tartean

Rock estilo desberdinak izan dira protagonista kazetari bilbotarrak egin digun aste honetako hautaketan. Tartean, jaioberriak diren hainbat proiektu aurkeztu dizkigu Zarata Mondosonoro aldizkariko kudeatzaileak.

Audio_placeholder

Rock proiektu berrien loraldia ‘Zarata’ tartean

Loading player...
Gernikako Feline laukoteak diskoa kaleratzear du.
Gernikako Feline laukoteak diskoa kaleratzear du. (Gabriel MENDIZABAL)

Urretxu eta Zumarragako hiru lagunez osatutako Vivak taldea aurkeztuz hasi du Iker Bárbarak MusikHaria saioan eskainitako ‘Zarata’ tartea. Musika instrumentalaren eta akustikoaren eszenan kokatzen den proiektu berri bat da, haizezko instrumentuak eta sintetizadoreak erabiltzen dituena. Kaleratu duten EP homonimo berriko ‘Makila (St. Ageda)’ kanta entzun ondoren, musika instrumentala baloratzen ikasi behar dela aipatu digu bilbotarrak: «Hitzik gabeko musika mota hau, joko asko ematen duen estiloa da eta erabilera asko izan ditzake artearen beste diziplinetan ere».

Bide luzeko musikariez osatutako eta 70.hamarkadako rock klasikoan oinarritzen den talde oñatiarra da Ramada Inn. «Taldearen izenaren jatorria hotel kate batetik jasota dagoela dirudien arren, Neil Young eta Crazy Horse artistek sortutako abesti batetik dator. Horrez gainera, abeslariaren ahotsa, Bob Dylan-en antzekoa dela iruditu zait», esan digu Bárbarak. Aste honetan estreinatuko dute haien lehen diskoa.

Gasteizen 2018an bikote batek sortutako rock esperimentaleko taldea da Horma: «Gaur eguneko musikari proposamen bitxia egiten dion taldea da. Musikan leku deserosoak bilatuz edota beste bide batzuk bilatzeko soinu ezberdinak probatuz sortutako musika da, hau da, belarritik sartzea kosta egiten den estiloa. Kanten izenak berak ere bitxiak dira eta letren hitzetan surrealismo puntu batekin jokatzen dute». ‘Ohmeopatia’ izeneko diskoa dagoeneko entzuteko moduan dago haien plataformetan.

Bermeon eta Gernikan jaio zen Feline taldea, kazetari bizkaitarrak azken tokian aurkeztu diguna: «Ezagunak diren taldeetan parte hartu duen laukote honek, bere lehen diskoa oraindik kaleratu ez duen arren, lehen abestia eta bideoklipa argitaratu ditu. Ikus-entzunezko pieza Hannot Mintegiaren eskutik dator, eta, bere estilo abstraktu hori alde batera utzita, lan tradizionalago bat egin du gernikarrak». Aste honetan bertan argitaratuko dute diskoa.

Hau da, beraz, aste honetako ‘Zarata’ menua:

– Vivak - Makila (St. Ageda)

– Ramada Inn - Partly but fiercely gone

– Horma - Suziriak

– Feline - I hate you

Jaurlaritza Logoa