Live

«Askotan emakumeak ahaztu egiten ditugu erreferentziak aipatzean eta musikaz hitz egitean»

Beste Bat saioen aitzakian, buruan bueltaka darabilen proiektuaz eta egindako ibilbideaz hitz egin dugu Ihana Iriondo Reglero (Gasteiz, 1998) musikari gasteiztarrarekin. Udda proiektuaren lehen diskoa ekoitzi ostean, bere abesti propioak lantzen dabil egun MusikHaria saioan kontatu digunez.

Audio_placeholder

«Askotan emakumeak ahaztu egiten ditugu erreferentziak aipatzean eta musikaz hitz egitean»

Loading player...
Bakarkako bideari heldu dio Ihana Iriondok eta kantu bat eskaini digu primizian.
Bakarkako bideari heldu dio Ihana Iriondok eta kantu bat eskaini digu primizian. (Ane SÁNCHEZ)

Ihana Iriondo Reglero ari da ostegunetako Beste Bat saioak egiten urtarrilean. Musikan batez ere itzaleko lanak egiten ari bada ere, tartean behin ateratzen da jendaurrera abestera: «Azken emanaldia abenduaren 16an izan zen, Gasteizen bertan». Baina Kubik aretoko oholtzara edota Bilboko Kafe Antzokikora ere igo da, nahiz eta bestelako ekimen batzuetan izan.

«Txikitatik abestu izan dut, dantzan eta abesten asko ibili naiz eta familiarekin elkartzen ginean abesten genuen. Taberna batean ginela, gizon bat hurbildu zitzaien gurasoei eta esan zien nabari zitzaidala musika gustuko nuela eta komentatu zien ea zergatik ez nintzen musika eskolan hasten. Solfeo ikasketak egiten hasi nintzen horren ondorioz eta hamar urtez pianoa jotzen ere jardun nuen. Nire aldetik beti jarraitu izan dut abesten eta, grabatzea ere gogoko nuenez, etxean niretzako grabazioak egiten nituen. Idaztea ere betidanik gustatu izan zait eta 17-18 urterekin gitarra oparitu zidatenean, idatzitako hitzei doinua jartzen hasi nintzen», kontatu digu Ihana Iriondok. Irakurzalea ere bada, baina bai eleberriak zein poesia irakurtzea «asko gustatu» izan zaio.

Sentimenduetatik abiatzen da Ihana hitzak idazterakoan, ez da gai sozialei heltzekoa ez eta kritikak egitekoa. «Gustatuko litzaidake kritikaren bat egitea, baina nik ez dakit abestiak idazten. Ez dakit gai bati buruz idazteko esan nire buruari eta horretan jartzen, badakit ez zaidala aterako, ez naiz kapaza ikusten, gustatuko litzaidake etorkizunean gai izatean. Benetan sentitzen dudana esatea asko kostatzen zaion horietakoa naiz, gai bat buruan bueltaka dudanean, ez dut ozen esaten, baina nonbaitetik atera behar izaten du. Orduan, bat-batean, abesti bat ateratzen da, horregatik dira sentimenduei buruzko abestiak, normalean ez ditudalako esaten haietan jasotzen ditudanak eguneroko bizitzan», azaldu digu Iriondok.

‘Superheroi’ da ekarri digun kantuetako bat, izan ere sortutako abestiak oraindik ekoizten eta grabatzen ari da. Guretzako propio grabatu ditu batzuk, ordea. Abesti horrek sorburua non duen galdetu diogu, mila ertzetatik heldu daiteke-eta: «Idatzi dudan azken abestia da. Dantza egitetik etxera bueltan nentorrela, esaldi asko etorri zitzaizkidan burura, pertsona asko, amamaz oroitu nintzen, aitonaz ere bai, gurasoez… eta halako pila bat gauza nahastu nituen. Leloan aipatzen ditudan gauzek, berriz, une hartan bikotearekin neukan broma bati egiten diote erreferentzia. Nire bizitzan inspiratzen nauten pertsonak sartzen saiatu nintzen abesti horretan». 

Soinu ikasketetan murgilduta
Ikasketaz ikus-entzuneko komunikazioan graduatua da gasteiztarra, baina azkenaldian soinuaren mundura bideratu ditu bere ikasketak, nahiz eta argazkigintzan ere aritu den lanean. «Bideoklipak egin nahi nituen, betidanik gustatu izan zait eta bideo edizioa ere gustatzen zait eta kamaren atzean egon nahi nuen, horregatik hasi nintzen hori ikasten. Argazkia eta soinua bi pasioak dira, baina egia da nire burua soinu kontuetan baino, kamara eskuan eta bideogintzan ikusi dudala. Beti pentsatu izan dut musika grabatzeko beste pertsona bat behar nuela eta normalean gizon bat irudikatzen nuen, suposatzen dut bizi garen gizarteak eraginda dela, soinu ekoizle lanetan eta estudioko teknikari moduan beti gizonak ikusten nituelako txikitan. Nik ez nuen nire burua horretan ikusten, gradua bukatzean argazki-zuzendaritza master bat egin nahi nuen, baina pandemia etorri zen eta master hori momentuz alboratu eta Aitor Armentia ‘Udda’ ezagutu nuen. Etxean mikrofono bat nuenez eta abar, grabatzen hasi ginen eta hasi nintzen ikusten gauzak grabatu eta gai nintzela mundu horretan zerbait egiteko eta soinu ikasketak egitera animatu nintzen», kontatu digu Iriondok.

Ikasketak «ez direla errazak» aipatu digu, online egiten ari delako «horrek dituen zailtasunekin», baina uste baino gehiago ari zaio gustatzen. «Poliki noa, gustatuko litzaidake estudio batean aritzea edo edukitzea, baina mundu oso konplikatua izateaz gainera, diru asko behar da. Gauzak orain ez daude oso ondo musikarentzat, baina gustatuko litzaidake eta, momentuz, poliki-poliki etxeko estudio umila osatzen ari naiz». Pandemiak zerbait ekarri badu, logelan sortutako proiektu asko egon direla da, eta hori ondo daki Ihana Iriondok, Udda proiektuaren lehen lana, ‘En las nubes’, ekoitzi duelako eta Gaztea Maketa Lehiaketako entzulearen saria eskuratu dute. «Egun horretan hodei artean banintz bezala sentitu nintzen. Urtebete eman genuen logelan grabatzen eta kantuak lantzen, ahal genuenetan elkartuz. Biontzat lehenengo proiektua zen eta ez genekien inork entzungo ote zuen ere, hortaz, tarte batzuetan jarraitzea ere kostatu zitzaigun, baina aurrera egin genuen, elkar motibatuz. Lehen erantzuna nahikoa ona izan zen eta horrekin oso pozik geratu nintzen, baina uste nuen hor geratuko zela. Aitorrek esan zidan lehiaketara bidaltzearen kontua eta aurrera egiteko esan nion. Finalerdietarako aukeratu zuten eta, botoak ematen hasi zirenean, ez nuen ezer ulertzen, lehenengo postuan ginen eta finalean jotzeko aukera eduki genuen». Egun horretan epaileen artean zegoen Izaro Andresek Aitorri «hitz politak» esan zizkiola kontatu digu Iriondok eta bera, Uddaren emanaldiaren denboran, argazkiak egiten ari zenean ere «jendearen hitzak oso politak» izan zirela gaineratu du.

Ekoizle eta sortzaile
Ekoizlearen rola askotan ez da samurra izaten, izan ere kantuekin duen iritzia gordin eman behar izaten dute eta hor sortzailearekin duen harremana eta konfiantza garrantzitsuak izaten dira. «Egia esanda, Aitorrekin oso erreza egin zait, ez dakit beste pertsonaren batekin nolakoa izango zen. Arrazoiren batengatik, Aitorrek nigan jarri zuen konfiantza osoa eta berari esaten nion dena betetzen zuen. Maketa lehiaketa aurretik, bizpahiru entsegu ere egin genituen, bera egun Italian dagoelako eta musikariekin dena prestatzeko astebete geneukalako, eta hor esaten nizkion gauzak bete egiten zituen eta musikariak berak ere harrituta zeuden horrekin. Ni uste horregatik funtzionatu duela elkarlanak, erabateko konfiantza jarri zuelako», esan digu gasteiztarrak. Proiektua geldirik dago orain, esan bezala Armentia Italian dagoelako ikasketak egiten, baina «ekainean bueltatzen denean, ziur zerbait egingo dela«. 

Iriondo bera ere ari da bere kantuak prestatu eta grabatzen «poliki-poliki» baldin bada ere. Denboran mugak jartzen saiatu da kantuak aurkezteko: «Mugak kendu ditut une honetan, jartzen joan naizelako ez ditudalako bete. Baina oraintxe lanean hasi naiz eta ondo pentsatu behar dut proiektu hau nola atera aurrera. Lanarekin, ikasketekin eta honekin, malabarismoa egiten nabil apur bat». Hala ere aurreko irailean idatzitako kantu bat ere luzatu digu MusikHaria saioan, ‘Begien ekosistema’ deitzen dena: «Uda eta urte oso arraro baten ostean idatzi nuen. Udan nahikoa aske izan ginen, baina bukatzean berriz ere dudak, musukoak eta halakoak etorri ziren. Gainera nire bizitzan ere aldaketak etortzear ziren, ez nekien zer egingo nuen, pertsona asko hiritik joatekoak ziren… eta puntu horretatik abiatuta hasi nintzen abesti hau idazten nituen sentsazioak kontuan izanda. Baina iraila aldatuz joan zen eta bukaeran ez nuen hilabete hori bukatzerik nahi, hasieran beldurra banion ere. Hala, hilaren bukaeran amaitu nuen abestia eta hori da kantuak berak egiten duen ibilbidea».

Bere eraginak irratian erakutsiz
Beste Bat saioak egiten ari da Ihana Iriondo urtarrileko ostegunetan, proposamenak harriduraz harrapatu zuela kontatu digu: «Zeharo harrituta geratu nintzen. Dei galduak nituen mugikorrean eta bueltan deitu nuenean eta kontatu zidatenean, pozik hartu nuen, denetara apuntatzen naizelako, baina aldi berean oso harrituta ni ez naizelako inor musika mundu honetan». Bere eraginak erakusten dabil saioetan eta haietatik lehendabizikoan emakume abeslariak izan zituen ardatz nagusia: «Espazioa eman nahi nien nigan eragin dutenak emakumeak izan direlako eta beti ez direlako egoten lehen planoan. Askotan ahaztu egiten ditugu erreferentziak aipatzean eta musikaz hitz egitean, halako beste talde ‘guay’ batzuk jartzen direlako lehenago. Eta ni beti zentratu izan naiz ahotsetan eta, bereziki, emakumeen ahotsetan. Tira, eta letretan ere bai, baina hori beranduago iritsi zen. Horregatik, errepaso txiki bat egin nahi izan nuen txikitatik gaurdaino entzun ditudan emakumeen inguruan».  

Zerrendan sartu duen Olatz Salvadorren ‘Korapilatzen’ kantuaren coverra ere duela egun gutxi jarri zuen bere sare sozialetan Iriondok. Kasualitatea edo kausalitatea ote? «Besterik gabe gertatu den zerbait da. Olatz azken urteetan erreferente izan dut, tira, ez dakit zuzenean erreferente izan den edo ez, baina asko gustatzen zait. Egia da idazteko eran eta soinuan oso antzekoak garela sentitzen dudala, bere abestiek nik nireentzako nahiko nukeen soinua dute, entzun aurretik nik nire abestietan soinu hori irudikatzen nuen. ‘Korapilatzen’ abestia azken urteetan beti nirekin etorri da eta beti abesten dut eta lagunek ere beti eskatzen didate abesteko, kontzertuetan ere jo izan dut eta, beste abestia grabatzera joan ginenean, bukatzean, hau abesten hasi nintzen eta grabatu zuten. Hortaz, sareetara igotzea erabaki nuen gero», kontatu digu Gasteizko musikariak.

Bigarren saioan talde eta artista klasiko gehiago izan ditu zerrendan, baina «beti entzun izan duen musika» dela azaldu digu, nahiz eta lagunek entzuten dutena oso bestelakoa izan: «Askotan nahikoa galduta ibiltzen naiz lagunek entzuten dutenarekin. Hip-hop dantzak egiten ditut eta klaseetara noanean entzuten diren reggaetoia, trap-a, eta antzerako musikak mundu guztiak ezagutzen ditu eta nik ez. Hortaz, nahikoa barregarria izaten da egoera; nire munduan nabilela esaten dut eta kito». 

Aukeratu dituen emakumeen artean, oso erregistro desberdineko abeslariak aukeratu ditu Iriondok Beste Bat saioetarako, soul edota r&b ukitua duten arren ia gehienek. Berak, kantatzerako garaian, ea haien kantatzeko moduak probatu izan dituen galdetu diogu: «Bai, batez ere txikitan, saiatzen nintzen haiek bezala abesten, baina nire ahotsa modu batekoa da eta haiena beste era batekoa. Baina suposatzen dut garai hartatik hartutako gauzak izango ditudala, gerora nire abestietan erabiltzen ditudanak». 

Jendaurreko esperientzia eta aurrera begirako asmoak
Gazteagotan saiatzen zela aipatu duen unean, telebista saio batean parte hartu zueneko momentua gogorarazi diogu, abestutako kantua entzunaz. «Pentsatu dut honi buruz galdetuko zenidala. Nahikoa ridikulua izan zen», baina testuinguruan jarri dugu, 17 urte baitzituen orduan Ihanak eta orduan bai esan digula «polita» izan zela esperientzia. «Ni gustura egon nintzen, baina kontuan izan behar da abestia zerrenda itxi batetatik aukeratu behar zela, ez zen oso luzea eta ni saiatu izan naiz halako abestiak kantatzen, baina tonu aldaketak-eta egiteko ez zegoen aukera gehiegi. Saiatu nintzen ahalik eta ondoen abesten eta gustura pasa nuen momentu hura». Horren harira, ea talent showren batean parte hartzeko saiakerarik egin duen galdetu diogu: «Txikitan pasa zait burutik, baina gurasoek esaten zidaten helduago nintzenean nahi nuena egiteko eta nik uste asmatu zutela hori esatean. Txikiagoa zarenean gogoa duzu halako gauzetan parte hartzeko, baina gero ez dakizu zer pentsatuko duzun nagusiagoa zarenean. Hortaz, bideoren bat bidali nuen tokiren batetara edo bestera eta gauzatxoak egin nituen, baina orain ez nuke egingo».

Geratzen den irratsaioan ea ‘guilty pleasure’-rik sartuko duen galdetu diogu Iriondori, hau da, konfesatu ez duen eta gogoko duen halako abesti bereziren bat: «Ez dakit halakoak ditudan berez. Nik beti entzun dudana entzun dut eta listo, ez diot buelta gehiagorik eman. Azken saioan saiatuko naiz orain entzuten nabilen eta hain ezagunak ez diren abestiak eta abeslariak jartzen». Galdera hori egin diogu, Estopa taldearen abesti batek zerrendan halako ‘outsider’ kategoria hartu duelakoan: «Talde hau gogoko dut. Gauza da nik musika mota oso desberdinak entzuten ditudala eta guztia sartzen ahalegindu naizela irratsaioetan, baina ez da posible, ez dago guztientzako denborarik. Animatzen nauen musika estiloa da, logela jaso edota etxea txukuntzen dudanean entzutea gogoko dudana. Talde hau batez ere institutu garaian entzuten nuen eta letrak gustatzen zitzaizkidan. Halako taldeetan batez ere hor jartzen dut atentzioa, soinu aldetik urrunago daudelako, baina gustatzen zaizkit».

Esan digu zerbait prestatzen badabilela, baina kontzerturik emateko datarik ez du Ihana Iriondok. «Hurrengoa tabernaren batean egitea gustatuko litzaidake, zerbait desberdina izateko. Hortaz, ea gauzak hobetzen diren eta kontzertuetan jendea mugitu daitekeen, orain artekoak eseritakoak izan direlako. Ni eta gitarra besterik ez gara izan oholtzan eta jendea oso isilik egoten da, hortaz zerbait desberdina nahi dut hurrengorako». Ostegun batean, Gasteizko Parral tabernan, kontzertua ematea «guay» egongo zela esan digu. Sortzen ari den musika, berriz, abesti solteetan plazaratzeko asmoa du hasiera batean «nahiz eta gerora disko batean borobiltzeko asmoa« baduen. «Nik bat-batean abesti bat bururatzen zaidalako idazten dut, baina gero ez du zerikusirik kantu batek bestearekin. Orain momentuan Andoni Serrano dabil gitarrarekin laguntzen eta bion artean ari gara hau aurrera eramaten, baina bateria grabatzeko edota buruan ditudan beste soinu batzuetarako ari naiz laguntza bilatzen nire lagunen artean. Baina oraindik bidea dago egiteko eta pentsatzen nabil gauzak nola egin».

Bide horretan, kontzertu hasieratan kantatzen duen ’Nola izango da?’ abestia eta haren bideoklipa luzatu dizkigu primizian Ihana Iriondo musikari gasteiztarrak. Zorionekoak gu.

Jaurlaritza Logoa