Live

Euskal komunitateak hautatutako bideo-jokorik onenak

Game Erauntsia Sarietan Euskal Herriko jokoentzako tokia egon da: euskal jokorik eta euskaratutako jokorik onenen kategoriak izan ditugu aurten.

Audio_placeholder

Euskal komunitateak hautatutako bideo-jokorik onenak

Loading player...
Game Erauntsia
Game Erauntsia (Game Erauntsia)

2022a hasita, atzera begira jarri gara Game Erauntsiaren urteko lehen saioan. Izan ere, euskal bideojokozaleen komunitateak iaz argitaratutako bideo-jokorik onenak bozkatu ditugu Game Erauntsia Sarietan.

AAA mailako bideo-jokoei dagokienez ez zen urterik oparoena izan; hala ere, genero guztietako altxorrak ikusi genituen 2021ean. Hori bai, Euskal Herriko garatzaileentzat urte benetan garrantzitsua izan zen iazkoa. Hainbat izan dira bertoko estudioek kaleratutako lanak, eta horiek saritzeko kategoria izan dugu GESarietako 2021eko edizioan.

Gauza bera gertatuta da itzulpenekin: euskaratutako jokoen sekulako zerrenda ikusi genuen pasa den urtean. Irratsaioa jarraitzen duzuenok ondo jakingo duzue; saio bakoitzean euskarara itzulitako jokoren bat edo beste aurkeztu izan dugu.

Batzuetan garatzaileek propio lokalizatutako obrak izan dira; askotan, baina, euskal komunitateari esker gozatu ahal izan dugu joko hauetaz gure hizkuntzan: hori da azken saioan aurkeztutako jokoarekin gertatzen dena, hain zuzen ere. Ibai Oihanguren bideojokozaleak Owlboy indie abentura liluragarria lokalizatu du Windows-erako eta Linux-erako.

Kategoria desberdinetan lehia biziak ikusi izan ditugu: ez da erraza izan bideo-jokorik onenak hautatzea. Hemen daude, baina, 2021eko GESarietako irabazleak:

• Bideo-jokorik onena: Metroid Dread
• Euskal bideo-jokorik onena: Mirlo: Above the Sun
• Euskaratutako bideo-jokorik onena: Nuclear Corps
• Akzio eta abenturazko jokorik onena: Metroid Dread
• Rol jokorik onena: Monster Hunter Rise
• Indie jokorik onena: The Forgotten City
• Multijokalari onena: It Takes Two
• Gailu mugikorretarako jokorik onena: Pokémon Unite / League of Legends: Wild Rift
• Gehien espero den jokoa: Elden Ring

Sariak alboratuta, gabonetan entzundako azken albisterik garrantzitsuenei errepasoa eman diegu. Alde batetik, PlayStation-ek errealitate birtualeko gailuen belaunaldi berria aurkeztu du Las Vegas-ko CES azoka ezagunean; bestetik, Relevo estudio bilbotarrak Frontball Planet arkade jokoa aurkeztu du Gammera Nest garatzailearekin eta PlayStation Talents ekimenarekin batera.

Nola ez, bideo-jokoen balorazioen txokoa ere izan dugu irratsaioan. Orain aste batzuk estreinatu zen Final Fantasy VII bikainaren remakea PCrako, eta horren inguruan hausnartu dugu. Gainera, Minecraft-eko zerbitzaria gaurkotu dugu azken eguneraketa erabilita: Caves & Cliffs adabakiak dakartzan berritasunak zehaztu ditugu, zerbitzarian sortutako komunitatea aurkeztearekin batera.

Youtube bidez ikus dezakezue saio osoa:

Jaurlaritza Logoa