Live

Naiz Irratia

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala NAIZ Irratian

Urte bateko atzerapenarekin, baina badator Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala. Larunbatean, Bilbao Arenan, jokatuko da eta NAIZ irratiak zuzenean eskainiko du (16:30). Finalaren atarian, gurean izan dira Amagoia Mugika kazetaria eta Joseba Etxebarria. Azken honek jarriko dio txapela onenari.

Audio_placeholder

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala NAIZ Irratian

Loading player...
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako aurkezpena (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako aurkezpena (Aritz LOIOLA/FOKU)

Zortzikotea osatuta, dena prest dago Bilbao Arenan, Miribillan. Gorka Pagonabarraga, Etxahun Lekue, Nerea Ibarzabal, Aitor Bizkarra, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Aitor Etxebarriazarraga eta Onintza Enbeita igoko dira larunbata honetan oholtzara. NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du finala arratsaldeko 16:30etatik aurrera. Asier Iriondo izango da saioko gidari eta ondoan izango du Iratxe Ibarre bertsolari ohia. Saioa, FM bidez zein streaming bidez jarraitzeko aukera izango da.

2021eko txapelketa honek baditu berezitasun ugari, horietako bat, txapel bakarra bada ere, bi txapel-emaile daudela aurten: Moises Enbeita eta Joseba Etxebarria. Oholtzaren muntaia, sarreren salmenta, kartzelako zaindari lanak… inork baino hobeto ezagutzen dituzte txapelketaren aurreko eta ondorengo zeregin guztiak talde antolatzaileko kide ezinbesteko hauek, eta Bizkaiko Bertsozale Elkarteak urte luze hauetako lana eskertu nahi izan die.

«Guretzat oso pozgarria da han egotea eta txapela txapeldunari jartzea» aitortu du Etxebarriak NAIZ irratian. Txapelketa bat antolatzeak atzean dakarren lan eskerga nabarmendu du Etxebarriak, «talde lan ikaragarria dago: epaileak, gai egile eta gai jartzaileak, komunikazioa eta koordinazioa. Euren lana ez balego, gu ez ginateke hemen egongo» dio. Txapela jartzerako orduan, Moises Enbeita izango du ondoan, aspaldiko laguna. «Enbeitar bat ondoan izatea ohorea da».

Bai Etxebarriak eta baita Enbeitak ere ibilbide luzea dute bertso munduan. Lehenak gehiago egin du atzeko lana, bigarrena mikrofono aurrean gehiago. Dela bi hamarkada hasi zen elkartean Etxebarria eta geroztik garaiak asko aldatu direla dio, batez ere generoari dagokionez. «Kristina Mardaras izan zen txapelketa batean parte hartu zuen lehen emakumea. Eta begira orain. Inor ez zuen pentsatuko horrenbeste emakume bertsolari izango zirenik orain eta hori zoragarria da!»

3 urtez txapeldun

3 urtez izan da Bizkaiko Bertsolari txapeldun Onintza Enbeita, ez da hori ohikoa. Bi urtetik behin egiten baita txapelketa baina pandemiak urte batez atzeratu du lehia. Urte estra horrek Muxikarrari indar gehiago emango ote dion ezin jakin, baina argi dago txapela mantendu nahi badu fin egin beharko du lan.

Finala zuzenean jarraituko duen Amagoia Mugika Garako kazetariaren esanetan «oso final interesantea geratu da. Final bikain bat izateko osagai guztiak ditu». Oholtza gainean bertsotan arituko dira bi beterano, Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue. Badaude finala ezagutzen dutenak:  Galletebeitia, Ibarzabal, Uria eta Bizkarra. Estreinakoz arituko dira Aitor Etxebarriazarraga eta Gorka Pagonabarraga.

Pandemiaren itzala

Covid 19ak protagonismoa nahi du nonbait Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. 2020an zen lehiatzekoa Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, baina pandemiaren ondorioz atzeratu egin zen. Orain, 2021eko finaleko atarian, bete betean harrapatu du Araba, Bizkaia eta Gipuakoako Lehendakariaren abenduaren 14ko dekretuak. Horren ondorioz, aretora sartzeko ezinbestekoa izango da EB-ko COVID ziurtagiri digitala aurkeztea (Nafarroako finalean ere hala izan zen). Proba negatiboaren ziurtagiria ere onartuko da, antigenoen proban gehienez 48 ordu lehenago eta PCR proban gehinez 72 ordu lehenago proba diagnostiko negatiboa behar du izan. Hemen azalpen gehiago.

 

 

Jaurlaritza Logoa