Live

Eli Pagola
Interview
Estitxu Villamor
Fisikaria

«Ezin dira erregai fosilak berriztagarriekin edo hidrogenoarekin ordezkatu»

Errusiako gasarekiko dependentzia murriztea helburu bihurtuta, hidrogenoa erabiltzeko aukera berriz ere jarri da mahai gainean Europan, soluzio magiko bihurtuta. Villamorrek, aldiz, arazo ugari ikusten dizkio: «Ikuspegia aldatu ezean, inongo teknologia ez da baliagarria izango».

Audio_placeholder

«Ezin dira erregai fosilak berriztagarriekin edo hidrogenoarekin ordezkatu»

Loading player...
Estitxu Villamor.
Estitxu Villamor. (E.V.)

Lehenik eta behin, zer da hidrogeno diatomikoa?

Hidrogenoa naturako elementuetako bat da, guztien artean arinena. Orain hainbeste interes pizten ari dela, esan ohi da naturako elementu ugarienetakoa dela, eta hala da, baina ez da bakarrik ageri, beste konposatu batzuetan baizik. Adibidez, urean (H2O), edo hidrokarburoetan. Hidrogenoa bakantzeko energia asko behar da. Gainera, kontuan hartu behar dugu hidrogenoa ez dela energia iturri bat, energia bektore bat baizik. Energia iturri bat da petrolioa, zuzenean erauzi eta energia ematen diguna. Energia bektorea litzateke, aldiz, elektrizitatea, energia garraiatzeko modu bat.

Eta horrekin lotuta al dago hidrogenoak dituen koloreak? Grisa, arrosa, urdina, berdea... izan daitekeela entzun dugu.

Bai, bakantzeko erabiltzen den energiaren arabera kolore bat edo beste hartzen du. Garatuena eta erabiliena hidrogeno grisa da. Hori erregai fosiletatik, batez ere gas naturaletik, metanotik, banatzen da, eta banaketarako behar den energia jatorri fosilekoa da. Teknologia garatua da eta merkea dela esan genezake.

Prozesu horretan sortzen den CO2a bilduko bagenu, hidrogeno urdinaz ariko ginateke. Baina karbonoa biltegiratzeko teknologiak gaur egun ez daude batere garatuta, ondorioz, hidrogeno urdina ia-ia ez da existitzen. Arrosa deitzen diogu energia nuklearra erabiltzen bada, eta marroia ikatzetik badator.

Azkenik, hidrogeno berdea da orain hainbat proiektutan sartu nahi dutena, etorkizuna izango dela dirudiena. Uretik askatzen da hidrogenoa, H2O horretatik, eta hori egiteko energia berriztagarriak erabiltzen dira; elektrolisi prozesu baten bidez.


Zer erabilera dute egun hidrogeno horietako bakoitzak?

Grisa findegietan erabiltzen dute, amoniakoa lortzeko. Beste hainbat prozesu industrialetan ere beharrezkoa da. Ez dauka erabilera energetikorik, ez da energia bektore gisa erabiltzen.
Hidrogenoa energia bektore gisa erabiltzea da etorkizuneko erronketako bat. Zergatik? Trantsizio energetiko baten aurrean gaude eta instituzio eta enpresa handiak ere jabetu dira horretaz, baina, energia berriztagarriek mugak dituzte. Besteak beste, elektrizitatea ematen dute eta elektrizitatearekin hainbat prozesu ez dira batere efizienteak. Adibidez, garraio astuna, makineria astuna, itsasoko garraioa, hegazkintza edo bero handia behar duten prozesuak. Horiek denak elektrizitatearekin egitea ez da batere egokia eta espero da hidrogenoa izan daitekeela alternatiba.

Nola erabiliko litzateke hidrogenoa? Erregai gisa erabili daiteke, espazio ontzietan ari dira erabiltzen. Hidrogeno pila ere hor dago, garraiorako erabilgarria izan daitekeena, eta beste aukera bat erregai sintetikoena litzateke. Erregai fosilak sortzea, baina sintetikoak, karbono eta hidrogeno kateak egitea sortutako hidrogeno horrekin. Azken horren onura litzateke egungo motorretan egokitzapen oso gutxi egin beharko liratekeela; baina erregaiok sortzeko ere energia asko behar da. Azken bat blending-a litzateke. Gas naturaleko hodietan hidrogeno pixka bat nahastea, %15 eta %20 artean. Modu horretan gas natural hori zertxobait garbiagoa litzateke.

Alde eta kontra, zer argudio daude hidrogenoaren garapenaren inguruan?

Aldekoen artean, lehen aipatu ditugun hainbat arlotan alternatiba bideragarria dela. Baina arazo asko ditu. Hidrogeno grisak ez du abantaila handirik, erregai fosiletan oinarritzen baita. Berdearen kasuan ez dago garatuta, ez dago produktu estandar bat eta garestia da, grisa baino hiru edo lau aldiz garestiagoa. Teknologia ere ez dago garatuta eta berau garatzeko material berezi eta urri batzuk beharrezkoak dira, adibidez platinoa. Erregai fosilen eskasiarekin gertatutako arazo berbera izango genuke.

Gainera, energia galera pila bat daude, prozesua ez da batere efizientea. Elektrolisiak %50eko efizientzia dauka; beraz, baita %50eko galera ere. Garraiatzeko eta metatzeko ere oso zaila da, oso elementu korrosiboa da eta elementu askorekin erreakzionatzen du, altzairuarekin adibidez. Elementu arinena da eta metatzean egunero %1 galtzen du. Askotan aipatzen da hidrogenoa energia berriztagarrien intermitentziei soluzio bat emateko baliatu ahal dela; adibidez, udan energia berriztagarriekin soberakin pila bat daudenez, hidrogenoa sortzea, metatzea eta energia gutxiago dagoenean erabili ahal izatea. Baina ez da posible udan sortutakoa negura arte metatzea, galtzen baitoa.

Bestalde, energia berriztagarri pila bat beharko lirateke planteatzen ari diren hidrogeno kantitate guztia lortzeko eta hor kolonialismo energetikoaren kontua sartzen da. Non egongo dira energia berriztagarri horien plantak? Eta norentzat?

Energia berriztagarriek muga asko dituztela jabetzea inportantea da. Adibidez, haize errotek edo plaka fotovoltaikoek material oso konkretuak eta oso urriak behar dituzte: metalak, kobrea bezalakoak, edo metal oso espezifikoak, lur arraroak deitzen direnak. Normalean mineral horiek lurrean oso proportzio txikian eta oso nahastuta daude beste mineral batzuekin; oso zailak dira banatzeko eta energia asko behar da. Gaur egun erregai fosilekiko dugun dependentzia beste mineral urri horiekiko dependentziagatik ari gara ordezkatzen, eta, ondorioz, fosilekin ditugun arazo berberak ari gara erreproduzitzen. Planetaren muga fisikoekin egiten dugu topo.

Hidrogenoak ezinbestean dituen mugak eta eraginak ikusirik, zer dela eta konpainia energetikoen eta instituzioen interesa elementu honekiko?

Badago halako desesperazio bat; uste dut ez dugula onartu nahi energia kontsumoa izugarri jaitsiko dela, nahi eta nahi ez. Petrolioak ahalbidetu digun bizitza estiloa baimenduko digun teknologia magiko bat ari gara bilatzen itsu-itsuan. Badirudi hidrogenoa dela batzuentzako teknologia magiko hori.

Bestetik, erregai fosilen lobbyek eta enpresa handiek egiten duten presioa ere hor dago. Hemen Petronor daukagu, enpresarik handienetariko bat gurean, eta, trantsizio energetiko honetara egokitu behar duen unean, Petronorrek ere nola bilatzen du irtenbidea? Ba aipatzen dituzte lehen esan ditugun erregai sintetiko horiek, euren findegietako karbonoa biltegiratzea eta dagoeneko ekoizten duten hidrogeno gris hori urdin bihurtzea. Badirudi Eusko Jaurlaritzaren planak Petronorren beharretara egokitzen direla eta diru publikoaren hainbat milioi bideratzen dira horretara.

Energia berriztagarriekin ez dugu erregai fosilekin ezagutu dugun oparotasun energetikorik izango, baina, aldi berean, energia trantsizio batez hitz egiten da. Bi ideia horiek ez al dute talka egiten?

Energia trantsizioa planteatzen badugu egungo erregai fosilak ordezkatzea berriztagarriekin edo hidrogenoarekin, erregai bat beste batekin ordezkatzea, argi dago hori ezinezkoa dela. Argi izan behar dugu, bai etxeetan, bai industrian eta baita garraioan ere, energia kontsumoa izugarri jaitsiko dela; erregai fosilek eman diguten oparotasun hau amaitu egingo da eta momentuz ez dago pareko beste iturririk.

Gainera, nik uste dut justuak baldin bagara dagoen energiaren banaketa egin beharko genukeela. Orain arte iparralde globalak egin duena izan da hegoalde globaleko energia guztia ustiatu eta gure mesederako bakarrik erabili. Energia trantsizio justu baterako dagoena banatu beharko litzateke. Ondorioz, guretzako erronka bikoitza da.

Sistemaren logika aldatzea behar-beharrezkoa da. Gaur egun hazkunde ekonomiko etengabe batean oinarritzen da, horretarako energia erabileraren hazkunde etengabea eman behar da eta ez dago teknologiarik etengabeko hazkunde hori ahalbidetzen duenik.

«Erregai fosilekiko dugun dependentzia, mineral urri batzuekiko dependentziagatik ordezkatzen ari gara, eta, ondorioz, arazo berberak ari gara erreproduzitzen»

Gainera, sistema energetikoaren logika ere aldatu egin behar da, gaur egungoa petrolioaren gainean eraikita baitago guztiz: erregai izugarri efizientea, garraiatzeko oso erraza eta ahalbidetzen duena gaur egun dugun sistema zentralizatu hau. Baina sistema berriztagarri batean pentsatzen badugu, horrek ia ez du zentzurik. Deszentralizatua behar luke, ekoizpen lokalizatukoa, azpiegitura txikiagoak dituena.

Aldaketa mental eta sistemiko hori egin ezean... Kontua ez da hidrogenoa bai ala hidrogenoa ez, zer teknologia bai eta zer teknologia ez; inongo teknologia ez da baliagarria izango ez badugu ikuspegi hori aldatzen.


Jaurlaritza Logoa