Live

Transkripzioa:
Ioar:
Egun on, Ander
Ander:
Zer moduz, Ioar?
Ioar:
Hagitz ongi, Iruñean erraten duten gisan.
Ander:
Iruñean izan zara, beraz.
Ioar:
Bai, eta Ander Perez kazetaria ezagutu dut. Euskal Herriko bertsozale elkartean ari da, komunikazioan.
Ander:
Bertsotan jardun zenuten?
Ioar:
Laba erakutsi zidan, Gazteluko plazan bertan euskaltzaleek ireki duten gune berria.
Ander:
Taberna bat?
Ioar:
Euskaraz bizitzeko eta kontsumitzeko toki bat. Kafea, liburuak, hitzaldiak, antzerki lan txikiak edo musika kontzertuak egiteko lekua. Iruñearen erdian.
Ander:
Gazteluko plazako arkupeetan, ostatu anitz bada hor.
Ioar:
Leku ederrean dago Laba. Eta, gainera, atzeko hiru leihok Estafeta aldera ematen dute.
Ander:
Entzierroetako zezenak pasatzen diren karrika famatu horretara?
Ioar:
Bai. Duela gutxi ireki dute Laba. Euskaltzale gazteak dabiltza hori bultzatzen. Haien arteko bat da Ander.
Ander:
Sartuko naiz Interneten, ikusteko non den.
AUDIOA - ANDER PEREZ
Ander:
Sanferminetan baizik ez gara akordatzen Iruñeaz.
Ioar:
Gehienez ere, Aberri egunetan.
Ander:
Bai, baina azken urteotan nork bere herrian edo balkoian ospatu dugunez Aberri eguna...
Ioar:
Euskal Herriko hiriburua da Iruñea. Eta horrela bizi dute hango euskaldunek ere. Hiri buruzagia esaten diote.
Ander:
Askotxo ez al da hori?
Ioar:
Joanes Etxeberri mediku eta idazleak 1712an esan zuen Euskal Herriko hiri buruzagia dela Iruñea, orain dela 300 urte pasa.
Ander:
Etxeberri Sarakoa. Euskararen hastapenak liburuaren egilea izan zen, ezta?
Ioar:
Euskara noblea da titulua dauka liburu horren hirugarren parteak. Eta hortxe hiru bider idatzi zuen Euskal Herriko hiri buruzagia dela Iruñea.
Ander:
Hiri historikoa da, zalantzarik gabe.
Ioar:
Nafarroako kapitala. Euskal Herriko hiriburua. Dotore askoa da: Arga ibaia, harresiak, alde zaharra, auzo biziak, Ezkaba mendia...
Ander:
Iruñean al dago Ezkaba mendia?
Ioar:
Elkarri begira daude Alde Zaharra inguratzen duen harresia eta Ezkaba mendia, parez pare. Kartzela bat zeukaten han, eta Europan izan den ihesaldi handiena egin zuten 1938an.
Ander:
Gerrako presoak...
Ioar.
Ehunka lagunek ihes egin zuen. Baina gehienak harrapatu eta fusilatu egin zituzten. Uste dut lau besterik ez zirela Urepelera iritsi.
Ander:
Iruñetik Urepeleraino? Pentsatzeak bakarrik hotzikara sortzen dit.
Ioar:
Beti Amaiur, Noain eta halako batailak kontatu ohi ditugu. Baina denboran hurbilagoa den historia ere kontatu behar dugu.
Ander:
Irakurtzeko eta entzuteko beti daukagu astia. Aurrerantzean ere erne adituko dizut.
AUDIOA - ANDER PEREZ
Ander:
Laba berri hori zer da, sumendi baten ondorioa?
Ioar:
Iruñean naturalki bizi dira euskaraz. Eta hori praktikan jartzeko sortu dute Laba. Gune bat, irekia, zabala, bizia.
Ander:
Izen horrekin, Su ta Gar musika taldearen disko bat izan behar duela dirudi.
Ioar:
Laba, Ander Perezek dioen bezala, espazio fisikoa da, baina lurpean dagoen energia Iruñea osoan hedatzea dute helburua.
Ander:
Kafe bat hartuta, energia gutxi barreiatuko duzu.
Ioar:
Euskaldunak batuz eta ideiak martxan jarriz, ekimenak oihartzun handia izan dezakeela uste dut.
Ander:
Egia da Iruñean trebeak direla gauza berriak sortzen.
Ioar:
Aspaldian borborka dabilen hiria da.
Ander:
Iruinkokoa inauteria sortu dute. Chill Mafia, Ibil bedi, Tatxers musika taldeak gogor dabiltza. Hedoi Etxarte idazleak esan zuen 2021 ekialdearen urtea izan zela.
Ioar:
Zuk Twitter bidez jarraitzen dituzu iruindarrak?
Ander:
Bai.
Ioar:
Agian, hobe izango da autoa hartu eta hara joatea. Bertatik bertara ikusteko sortzen ari den hori guzti hori.
Ander:
Oraintxe?
Ioar:
Zergatik ez! Iruñea hortxe dago, gure hiri buruzagia. Goazen.
Epilogoa - Beti Ikasten
Ander:
Zer ikasi dugu gaur?
ELKAR hitzaren erabilera polit bat.
Ioarrek esan du:
—«Elkarri begira daude Iruñeko harresiak eta Ezkaba mendia» Bata besteari begira daudela esan nahi du.
Ioar:
Ipiniko ditut beste bi adibide:
—Ez diote elkarri hitz zatarrik esaten.
—Azken boladan elkarrengandik urrun dabiltza.
Ander:
Igandean zuk ni ikusiko nauzu, eta nik zu ikusiko zaitut.
Hori adierazteko, forma labur hau erabiltzen dugu:
—Elkar ikusiko dugu igandean.
Hemen entzun dezakezu Ander Perezi egindako elkarrizketa osoa.


