Live

«Asko ikasi dut gazteleraz abesten, baina Omagoren hizkuntza euskara da»

Hirukote moduan aurkezten da Omago talde bizkaitarra. 2018an jaio zen proiektua eta hiru urteko lanaren ostean ‘Ningún ser’ diskoa kaleratu berri dute. Aitziber Omagogeaskoa Zabala (Bilbo, 1983), taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea, lana aurkeztuz izan da MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

«Asko ikasi dut gazteleraz abesten, baina Omagoren hizkuntza euskara da»

Loading player...
Ilusio handiz eta disko berria esku artean duela etorri da MusikHaria saiora Aitziber Omagogeaskoa. (Andrea HERNÁNDEZ)
Ilusio handiz eta disko berria esku artean duela etorri da MusikHaria saiora Aitziber Omagogeaskoa. (Andrea HERNÁNDEZ)

Diskoa kalean duzue azkenean, zuentzako prozesu luze baten ostean.

Urtebeteko prozesua bai gutxienez, baina azkenean irten da.

2019ko BBK Soinu berriak saria eskuratu zenuten, baina tokitan ikusiko duzue sari hura eskuratu zenuten momentua.

Handik hona hamaika mila gauza pasa direnaren sentsazioa dut. Iazko udaberrian kaleratu behar genuen diskoa, baina pandemiak atzeratu egin du. Hori bai, zerbait positiboa ekarri du, bi kanta gehiago gehitu izana lanera.

‘Omago soinua’-ren bila ibili zaretela diozue. Deskriba dezakezu?

Uste dut bidea dagoeneko topatu dugula, baina oraindik ezin dut erabat zehaztu. ‘Suerte’ abestia edota azkena sortutako ‘Egiak’ edo ‘Aro berri bat’ entzunez gero, zeharo desberdinak dira. Eboluzio bat izan dugu eta nabaritzen da. Bidea topatu dugun arren, gauza eta soinu berrien bila goaz. Hasi ginenean erabat analogikoan genbiltzan, baina digitala ezagutu genuen bidetik eta asko gustatu zaigu hori. Zentzu horretan Jon Aguirrezabalagak asko lagundu digu, akaso lar gustatu zaigulako atal digital hori eta dena bere neurrian orekatu behar delako, bai gure estiloan behintzat. Hortaz, hortik joan da gure eboluzioa, hori landu eta ikasten. Izan ere gauza guztiak gustuz erabiltzen ikastea ez da erraza.

‘Hitzik esan gabe’ kantuan ahotsari zeinen trataera berezia eman diozuen, ezta?

Hori Jon Aguirrezabalagaren eskua da. Nik kantatu ahal dut leunago edo gogorrago, baina berea da hor entzuten denaren meritua.

Baina dena ez da Jonen eskua, koroak eta badituzuelako dotore sartuta.

Tira, betetzeko eta egin behar dira halakoak.

Hala ere elkarrekin urte asko daramatzazue Iñigo Larrazabalek, Oier Aldekoak eta zuk, hori ere nabaritzen da. Non dago magia hainbeste urte eta gero batera segitzeko?

Eztabaidatu ere egiten dugu e? Baina lagunak izatea eta elkar ulertzea da garrantzitsuena. Claudio Pavan, bateria-jotzailea ere, Nun eta The Great Barrierren lehen etapan ibili zen. Denak ezagun.

Hitzik esan gabe elkar ulertzearen garrantziaz hitz egiten duzue, eta batez ere oholtzan garrantzitsua da hori. Azken oholtza handia izan zen gainera, BBK Live Udazkena jaialdikoa.

Ez gara talde ezagun bat eta horrelako aukerak ere ez dira gehiegi izaten, asko disfrutatu genuen. Ez dakit talde handiek beti disfrutatuko duten, baina guk bai. Dena dela, arraroa izan zen sentsazioa, oraindik ere bizi dugun egoeragatik-edo.

Diskoari izena ematen dion ‘Ningún ser’ abestiak bi bertsio ditu, bata Nacho Vegasekin egina.

Guretzako ohorea izan da. Ez du zertan halako kolaborazio bat egin eta pozik egin du; hartara, gu oso eskertuta gaude.

Kantuen hitzak zuk idazten dituzu?

Gazteleraz laguntza behar izaten dut. Orain arte ez dut gazteleraz abestu eta eroso euskaraz abesten dut, gainera. Nun taldean zortzi urte eman nituen euskaraz abesten. Horri gehitu behar zaio gazteleraz ez dudala musikarik apenas entzun eta belarria ere egin behar dela hizkuntza desberdinetara. Sekulako esperientzia da eta asko ikasi dut gazteleraz abesten, baina Omagoren hizkuntza euskara da. Gaztelerazko «ción» edota «tión» bezalako bukaerak oso gogorrak egiten zaizkit belarrira eta hasiera batean ez nuen gogoko zer entzuten nuen, baina ikasten joan naiz eta ‘Flores’ abestia, adibidez, polita geratu da. Dagoeneko ez dut esaten «¡Qué horror!» nire burua entzutean.

Zuen konposaketak nola hasten dira. Gitarrarekin, ahotsaren melodia batetik…

Batzuetan gitarrarekin frogaren bat egiten da eta besteetan melodiaren bat etortzen da burura. Mugikorrarekin grabatzen dugu eta bozeto hori lantzen hasten gara. Izugarri aldatzen dira kantuak, noski.

Diskoan kantu instrumental bat ere sartu duzue, ‘Guda hasi da’ deiturikoa. Non hasten da guda?

Kaukasoa egin genuen bidaia bat Larrak eta biok. Han kontatu ziguten euskarak eta bertako hizkuntzek duten arteko harremana eta halako gauzak. Gudauri deitzen den mendi batean, halako mural bat badago eta bertan Georgiako historia kontatzen dute eta bertako guda guztiak aipatzen dituzte. Turkoekin, Errusiarrekin… izandako istorio guztiak ikusi daitezke eta bertan sortu genuen ‘Guda hasi da’ abestia.

Naziotasunaren kontuarekin gorabehera asko izan dituen herrialdea da Georgia.

Herri txikia da eta sekulako indarra dute, gudari hutsak dira. Hizkuntza propio bat dute, alfabeto propio bat… Errusiera ez dute ukitu ere egin nahi, georgieraz harro daude. Espero ez genuen bidaia bat izan zen, onerako. Izan ere elurra, eskiatu, Kaukaso… Hori guztia genuen buruan, baina askoz ere gehiago dago.

‘Egiak’ abestiak galdera bat sortzen dit: Norbere egiaren baitan bizi gara?

Batzuetan, bizitzan engainatuta bizi izan garela konturatzen gara, ez garela pentsatzen genuen modukoak. Erakutsitakoa ez da beti egia izaten eta begiak zabaltzen ditugunean ohartzen gara. Zure izaera edota zure iritzi propioa ezagutzen duzunean, besteek ikasitakoa edota barneratuta ditugun hainbat kontu gure begirada kritikotik garatzen hasten gara. Familia tradizionala, generoaren gaia… Mundua aldatzen ari da eta ikasi dugunarekin apurtu egin behar dela aldarrikatzen dugu, gure errealitatea sortu behar dugula ezagutu dugunaren gainetik.

Zeinen progresio dotorea duen abestiak.

Egia da lokaletik eraman genuen bozetoak ez duela aldaketa askorik izan, baina hemen ere Jonen eskua nabaritzen da.

‘Flores’ kantuak diskoa irekitzen duen arren, elkarrizketaren bukaerarako utzi dut ematen duzuen mezuagatik.

Kantu hau idatzi nuenean, hilda dagoen pertsona baten azalean jarri nintzen. Agurtzeko abesti bat-edo da.

Diskoaren azalera eraman dituzue loreak. Zuk arte ederrak eta diseinu grafikoa ikasi duzula, zuk egina al da azala?

Ez ez, ni ez nintzen pintura aldetik joan. Ana Arsuagak, ‘Verde Prato’-k egin du. Hasieran zalantza izan genuen, koadro bat enkarguz eskatzea ‘bilbainada’ bat iruditzen zitzaigulako. Baina ez, eta oso pozik gaude. Ez da disko bateko azala dugula, baizik eta artelan bat daukagu orain guretzako, koadroa gure eskuetan dugulako. Artista itzela da Ana eta bere obra sekulakoa da, ez soilik guri egin digun koadroa. Bideoklipean ere sartu dugu, hortaz, ongi aprobetxatu dugu.

Oso Polita diskoetxearekin atera duzue lana, harreman interesgarria zuentzako ere.

Inoiz ez dugu halako harremanik izan eta esperientzia bat bada eta laguntza handia ere bai. Familia daukagu, gure lanak… Heurekin egotea laguntza handia da guretzako eta zortea izan dugu, hortaz, aprobetxatu egin behar.

‘Aquí y allí’ abestian desberdin abesten duzula iruditu zait.

Bada, maketan ‘Bakarti koldarra’ zen kantua, euskaraz kantatu genuenn. Gaztelerara pasa eta hizkuntza horretan abestu genuen lehendabiziko abestia izan zen, kosta egin zitzaidan, eta nik uste hizkuntza aldaketa dela desberdin entzuten zaidanaren arrazoia.

‘Ves el espejo y ves más alla de tí’, bete-betean gertatzen da hortaz hemen.

Bai noski!

‘Mi voz’ abestian ahotsek duten limurtzeko gaitasunaz ari zaretela iruditu zait. Benetan erakartzen gaitu ahots batek?

Bai, bai, bai… Nik uste baietz! Diskoan ere asko aldatu da ahotsa, diferentzia handia dago ‘Mi voz’ edota ‘Aquí y allí’ abestiaren eta ‘Flores’ berriagoaren artean. Asko ikasi dut eta zalantza asko izan nituen hasieratan. Joni esaten nion ea r eta halakoak ez ote nituen gehiegi markatzen, fonetikoki asko landu behar izan ditut nire abesteko modua disko honetarako.

Suerte kantuan diozu: «Fuiste tan fuerte, tuviste la suerte de no romperte» Zu ez zara hautsi diskoa egiterakoan.

Ez ez, hemen nago osorik. Prozesu horretan ohitu eta, ikasi ostean, ‘Flores’ abesten bukatu nuen, prozesu garrantzitsua izan da.

Omago taldearekin lehenengoz kontzertua Donostian eman berri duzu.

Abuztuan ginen ematekoak eta orain berriz ere aukera sortu da eta aprobetxatu dugu.

Lan handia dago diskoaren atzetik eta hori aurkezteko gogoz, ezta?

Hiru urtez egindako lana eta ikasketa prozesu luze bat izan dira, hortaz, bai, gogotsu gara.

‘Aro berri’ bat kantua utzi dut azken abesti bezala, hori baita gertatzen ari den hau akaso zuentzat ere.

Hau da gure azken abestia, eta ‘Suerte’ edota ‘Aro berri bat’ segidan entzunez gero, ohartzen zara ez daukatela zerikusirik. Eboluzioa bertan nabaritu daiteke argi eta garbi.

Jaurlaritza Logoa