Live
Transkripzioa:
Ioar:
Kaixo, Ander.
Ander:
Arratsalde on, Ioar.
Ioar:
Ez dago txarra, goizean euri apur bat egin badu ere.
Ander:
Zer da atzean entzuten den musika hori?
Ioar:
Pauline eta Juliette dira. Lapurdiko neska bikotea, kantuan.
Ander:
Pauline eta..., nola esan duzu?
Ioar:
Pauline eta Juliette. Kanbo eta Itsasukoak dira. Gaur egun Baionan bizi dira. Veloma izeneko diskoa kaleratu dute berriki.
Ander:
Euskaraz kantatzen dute?
Ioar:
Besteak beste.
Ander:
Nola besteak beste? Euskaraz eta... zenbat hizkuntza gehiagotan?
Ioar:
Guztira sei hizkuntza baliatu dituzte disko honetan. Euskara, frantsesa, gaztelania, ingelesa, malgaxea eta basaa. Zenbat hizkuntza, hainbeste kolore.
Ander:
Baina... ez al dira afrikarrak malgaxea eta basaa?
Ioar:
Izen-abizenez Pauline Junquet eta Juliette Alfonso dira. Pauline kanboarra da. Eta Juliette, Madagaskarren sortu zen arren, txikitatik bizi izan da Itsasun.
Ander:
Erdaldunak ala euskaldunak?
Ioar:
Ederki egiten dute euskaraz biek.
Ander:
Gustura entzungo nituzke gehiago ere. Jarri beste kanta bat, otoi.
AUDIOA-1 | PAULINE ETA JULIETTE
Ioar:
Zer iruditu?
Ander:
Marka da gero! Zer-nolako aberastasuna!
Ioar:
Hamahiru kantu ditu Veloma diskoak. Sei hizkuntza baliaturik, aniztasun bitxia ageri dute.
Ander:
Badute halako aire afrikar bat. Eta ez da soilik hizkuntzarengatik. Musika moldeetan eta instrumentuetan Madagaskar gogorazten dute abesti batzuek.
Ioar:
Bistan da, Juliettek ez dituela bere sustraiak galdu. Baina euskaraz ari direnean geuk bezalaxe kantatzen dute.
Ander:
Zenbat eta arreta handiagoz aditu, orduan eta maiteago ditut.
Ioar:
Musikari onak direlako.
Ander:
Argi dago gogotsu sartu direla musikaren eszenan. Segur naiz doinu hauek han eta hemen entzungo direla.
Ioar:
Nik zuri diskoa entzunarazi bezain laster gustatu zaizkizun bezala, beste askok ere atsegin izango dituzte doinu hauek.
Ander:
Kantu era berri bat antzematen zaie.
Ioar:
Beharbada betiko euskal kantagintza da, molde berriagoez jantzia. Ez dira momentuko kantari modernoenak, baina ez dira Pantxo eta Peio.
Ander:
Emakume bikote gutxi dago gure musikaren zelaian.
Ioar:
Trikitixa bikoteetan izan ziren neskak: Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Kristina eta Amaia. Halako boom bat izan zen trikiti munduan. Triki-pop edo nola esaten zioten horri?
Ander:
Bai. Baina Paulinek eta Juliettek egiten dutena beste zerbait da.
Ioar:
Entzun nahi al duzu irratian zuzenean grabatu zuten kanta bat?
AUDIOA-2 | PAULINE ETA JULIETTE
Ander:
Abesti ederra, bi ahotsetan. Ondo uztartzen dituzte ahots eztiak.
Ioar:
Beraien amei eskainitako kantua da. Emakumeei, oro har.
Ander:
Emaztetasuna esaten dute?
Ioar:
Bai. Kontzeptu berria da, ezta? Borrokatzeko indarra eta emaiteko gaitasuna, hori da maitasuna.
Ander:
Halakorik entzun gabea nintzen.
Ioar:
Lehen aditu duguna irratiko elkarrizketan abestu zutena da. Diskoan, aldiz, Izarok ere kantatzen du pieza horretan.
Ander:
Izarok ere bai?
Ioar:
Egoki uztartzen dira haien hiru ahotsak. Badute antzekotasuna kantuan. Eta Izaro bera ere hizkuntza batean baino gehiagotan aritzen da.
Ander:
Ondo kantatzen dutelako bat egiten dute hirurek hain ederki. Erritmo alaiak, gitarraren protagonismoa, emakume ahotsaren fereka.
Ioar:
Argi dago, aurrerantzean gero eta emakume kantari gehiago entzungo direla euskaraz.
Ander:
Liher, Eneritz Furyak, Olatz Salvador, Hatxe, Afrika Bibang, Idoia Asurmendi, Nahia Zubeldia, J Martina, Kai Nakai, Sara Azurza, Ginger... eta beste asko, emakumeen ahotsa oso bizi dabil.
Ioar:
Pauline eta Julietteren beste abesti bat entzungo dugu?
Ander:
Aurrera, jarri beste bat, dudarik gabe.
Epilogoa - Beti Ikasten
Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Konparazioak egiteko modu bat.
Anderrek honela esan du:
—«Zenbat eta arreta handiagoz aditu, orduan eta maiteago ditut».
Ander:
Antzeko forma batzuk ere badira:
—Zenbat eta gehiago saldu, hainbat eta gehiago irabazi.
—Zenbat ere azkarrago irakurtzen dudan, are ulergaitzagoa liburua.
Ioar:
Eta hauek ere bai:
—Zenbat buru, hainbat aburu.
—Zenbat hizkuntza, hainbeste kolore.
—Zenbatenaz gosea handiagoa, hainbatenaz janaria gozoagoa.
Hemen duzue Pauline eta Julietteri egindako elkarrizketa.


