Live

NAIZ irratia

[17] Garbiñe Larreak sendabelarrak izan ditu bidelagun txikitatik

Audio_placeholder

[17] Garbiñe Larreak sendabelarrak izan ditu bidelagun txikitatik

Loading player...
Garbiñe Larreak 'Sendabelarrek dakitena' liburua argitaratu du.
Garbiñe Larreak 'Sendabelarrek dakitena' liburua argitaratu du. (Argia Azoka)

Transkripzioa:

Ioar:
Kaixo, Ander. Zer moduz zaude?

Ander:
Ondoezik nago, Ioar. Eta nekatuta ere bai.

Ioar:
Ez duzu garagardo bat edan nahi?

Ander:
Ez dut batere gogorik. Botika bat hartu dut goizean, eta lau ordu barru berriz hartu beharko dut. Bi kapsula, egunero.

Ioar:
Ba al dakizu badirela bideak hainbeste botika hartu behar ez izateko?

Ander:
Bai, sendabelarrak. Baina haiei buruz ez dakit ezer.

Ioar:
Garbiñe Larrea Iturralde izeneko emakume batek liburu eder askoa argitaratuta dauka. Sendabelarrek dakitena, horixe du izenburua.

Ander:
Ezaguna egiten zait andre hori...

Ioar:
Irratian entzungo zenuen, agian, sendabelarrez mintzatzen. Urnietakoa da Garbiñe Larrea, 1976an jaioa. Ikastaroak ere egiten ditu Donostian, Zestoan, Mutrikun, Urnietan...

Ander:
Dirudienez, interes bizia daukazu belar horien inguruan.

Ioar:
Medikuntza beti izan da munduko kulturetan. Txinakoa, Afrikakoa, Europakoa, Indiakoa... Ayurveda medikuntzako kontuak ikasi ditu Garbiñe Larreak. Entzun egiozu, kontu politak esaten ditu landareen inguruan.

Ander:
Grazia egin dit Garbiñe Larrearen lehenbiziko esaldiak. Lagun batek esan omen zion begetal bat zirudiela haien aitak.

Ioar:
Gizon hark sofan eserita igaroko zuen egun osoa! Gizakiak eta animaliak mugitu egiten gara. Landareak eta harriak ez dira mugitzen.

Ander:
Aizu, Ioar, zuk uste ez duzun arren, nik ere bereizten ditut zoologia eta botanika.

Ioar:
Esadazu: zergatik egin dizu grazia esaldiak?

Ander:
Fotosintesia egiten irudikatu dut gizona. Sofa eroso batean, leihoaren aldamenean, egonean gozo. Horixe da nik behar dudana, ondoez hau pasatzeko.

Ioar:
Hain gaizki al zaude?

Ander:
Tira, belar pixka bat erreko banu, ziur aski hobeto.

Ioar:
Bistan da, umorea behintzat ez duzu galdu.

Ander:
Apartak dira landareak, benetan. Fotosintesia egiteko gaitasuna dute, oihalak egiteko materiak ematen dizkigute, gizakiak sendatzeko propietateak dituzte...

Ioar:
Botanikaren arloan lan handiak egin zituzten aurreko mendeetan.

Ander:
Zuri, Ioar, zer iruditzen zaizu, medikuntza herrikoia eta farmakoak kontrajarrita daudela?

Ioar:
Ezta pentsatu ere. Sendabelarretatik abiatuta, botika ugari egiten dira gaur egun munduan.

Ander:
Nola nahi dela, jendeak ez al du etsaitasun moduko bat bilatzen sendabelarren eta botiken artean?

Ioar:
Izatekotan, ezjakintasunez gertatuko da hori.

Ander:
Badakizu zer pentsatzen dudan sarritan? Kontzienteki izan gabe ere, geure burua sendatzen aritzen garela barazkiak, lekaleak, zerealak eta fruituak jaten ditugunean.

Ioar:
Hara! Orduan, gauza bera pentsatuko duzu sagardoa eta garagardoa edatean, ezta?

Ander:
Ba bai, alproja samarra naiz. Baina... zu ere ez zara oso diferentea, e!

AUDIOA-2 | GARBIÑE LARREA

Ioar:
Arrazoi du Garbiñe Larreak. Batzuetan, idealizatu egiten dira gauza naturalak.

Ander:
Eta gauza sintetikoak ez?

Ioar:
Irudipena daukat, azken aldian, errazegi mespretxatzen direla gauza sintetikoak.

Ander:
Niretzat, argi eduki behar da kontu hau: perretxiko guztiak jatekoak ez diren bezala, belar guztiak ez dira sendatzekoak.

Ioar: Alproja bat zara, bai. Ederki dakizu zuk onddo batzuek efektu bereziak eragiten dituztela.

Ander:
Belarra erretzeak kalte egiten die pertsona batzuei. Horregatik, berdin ondorioztatu behar genuke, sendabelar guztiak ez direla aproposak mundu guztiarentzat.

Ioar:
Erosiko al dugu Garbiñe Larrearen liburua?

Ander:
Gida ona izango da sendabelarrak ezagutzeko, biltzeko eta erabiltzeko.

Ioar:
Goazen.

Ander:
Ni xentimorik gabe nago.

Ioar:
Ixo! Zuk eman niri hamar euro, eta jarriko ditut nik hamabost.

Ander:
Konforme. Zein ongi konpontzen garen gu biok!

Epilogoa - Beti ikasten

Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?

Denbora adierazteko euskarazko modu dotore bat.
Anderrek esan du botikak hartzen ari dela:

—«Bi kapsula, egunero».

Ander:
Hori da:

—«Bi kapsula, egunero».
Euskaraz ez dugu esaten «egun guztietan», egunero baizik.
Hitzari bukaeran -ero morfema edo atzizkia eransten zaio.
Jar ditzagun adibideak:

Ander:
Goiz guztietan da goizero.

Ioar:
Arratsalde guztietan da arratsaldero.

Ander:
Gau guztietan da gauero.

Ioar:
Ordu guztietan da orduero.

Ander:
Larunbat guztietan da larunbatero.

Ioar:
Aste guztietan da astero.

Ander:
Hilabete guztietan da hilabetero.

Ioar:
Urte guztietan da urtero.

Hemen entzun dezakegu Garbiñe Larreari egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa