Zuzenean

Bigarren Kafea

Garbiñe Larrea: «Guk oraindik garatu ez ditugun gaitasunak dituzte landareek»

Garbiñe Larreak sendabelarrak izan ditu bidelagun txikitatik eta ikasitako guztiarekin 'Sendabelarrak dakitena' liburua osatu du. Sendabelarren inguruko ezagutza elkarbanatzea du helburu liburuak, jakitea ez delako gizakion monopolioa.

Audio_placeholder

Garbiñe Larrea: «Guk oraindik garatu ez ditugun gaitasunak dituzte landareek»

Loading player...
Garbiñe Larreak 'Sendabelarrek dakitena' liburua argitaratu du.
Garbiñe Larreak 'Sendabelarrek dakitena' liburua argitaratu du. (Argia Azoka)

Sendabelarrak jasotzeko makurtu egin behar gara eta, eta horrek bakoitza bere tokian jartzen du. Hortik, gure tokitik, asko ikasi dezakegu; eta hori erakusten digu Garbiñe Larrea Iturraldek, aitari eskainitako liburuan. 

Bere bizitzaren gertakari batek eraman zuen osasunean arreta jartzeko behar horretara. «Laguntza bila hasi nintzen, eta behin eta berriz sendabelarrak agertzen ziren nire bidean» kontatu digu. Norbera osasuntsu mantentzeko ardura eta autonomian sinisten du, eta askotan alboratuta gelditzen den emakumeen osasuna erdigunean jarri nahi izan du bere azken proiektu honekin. Hortik jaio zen plazaratu berri duen 'Sendabelarrek dakitena' liburua, hauek ezagutu, bildu eta erabiltzeko gida.

Naturopata kolegiatua eta hezitzaile ayurvedikoa da Larrea, nahiz eta Zuzenbidean lizentziatuz hasi zuen ikasketa ibilbidea. «Inoiz ez nuen pentsatu nire ogibidea izango zenik, amak oraindik pentsatzen du noizbait abokatua izango naizela» aitortu digu, barrez. Azken bost urteotan ikastaroak ematen espezializatu da; Urnietan, Zestoan, Mutrikun, Donostian eta Gilluen (Huescan) ikastaroak emanez. Sendabelarren inguruan hitzaldi dibulgatzaileak eman izan ditu eta 2018az geroztik EiTBko Txoriene saioko kolaboratzailea da. Afiziotik ofiziora egin zuen salto, ia oharkabean. «Nik ez nuen profesionalizatzeko erabakia hartu, erabakiak hartu ninduen ni».

Baina zer da sendabelarrek dakitena? «Maila askotako gaitasunak dituzte landareek, guk oraindik garatu ez ditugunak» esan digu. Izan ere, «jakitea ez da gizakiaren monopolio bat». Sendabelarretatik abiatuta, botika ugari egiten dira gaur egun, medikuntza herrikoia eta medikamenduak ez baitira kontrajarriak; «Jendeak etsaitasuna bilatzen du, baina nik ez dut horrela bizi».

Garbiñe Larrea Iturralderekin sendabelarretaz eta transmisioz hitz egin dugu Bigarren Kafean, Mikel Laboaren 'Lilularen Kontra' entzuten genuen bitartean.

Jaurlaritza Logoa