Live

«Unibertso bat sortzen bukatu dut eta autobiografia zena autofikzio bihurtu da»

Kauta taldean ezagutu genuen duela 20 urte Mikel Moreno (Andoain, 1982) musikari eta gitarra jotzailea. Hainbat urtez oholtzetatik aparte ibili ostean, ‘Esnatu baino lehen’ diskoa, bakarkako ibilbidean lehendabizikoa, kaleratu berri du Elkar zigiluarekin. MusikHaria saioan aurkeztu digu.

Audio_placeholder

«Unibertso bat sortzen bukatu dut eta autobiografia zena autofikzio bihurtu da»

Loading player...
Bakarkako ibilbidean estreinatu da hainbat urteko isilaldiaren ostean Mikel Moreno andoaindarra.
Bakarkako ibilbidean estreinatu da hainbat urteko isilaldiaren ostean Mikel Moreno andoaindarra.

Mezu bat jaso genuen eta esan ziguten bueltan zela Mikel Moreno, Kauta taldean hainbatetan entzun dugun eta ahotsaren tinbre benetan berezia duen abeslaria. Bakoitza bere etxetik baina gertu sentitzen garela esan digu, «eroso, txankletetan nagoelako. Tentsio pixka bat izaten da, hala ere, elkarrizketa guztietan». 2014tik isil samarrean egon da, baina ez da geldirik egon, kontatu digunez: «Egia da oholtzak utzi nituela baina gitarrarekin beti jarraitu dut kantuak sortzen edo besteenak jotzen. Lanean topera nenbilen eta orain pandemiagatik-edo, Netflix eta abar ikusi ordez, gitarra hartu eta konposatzen aritu naiz azken bi urteotan».

Pop disko borobila kaleratu berri du, ‘Esnatu baino lehen’ deiturikoa. Kautarekin bazuen pop ukitua, baina tarte honetan zer entzun duen galdetu diogu, bere musikaren bilakaera hobeto ulertzeko asmoz: «John Meyer, Bon Iver, Damian Rice edo Harry Styles eta Billie Eilish. Garai bateko musika eta gaur egungoa entzuten ditut. Sekula ez dut pentsatu ea disko bat edo kantu bat zein estilotara mugatuko den, momentuko sentimenduaren arabera sortzen da. Baina ez diot sekula ixten atea ezer egiteari. ‘Itsaslabarrean’ kantua, adibidez, 90eko hamarkadako kutsua duen kantua da eta freskotasun hori eman nahi izan diot, baina disko irekia da eta denetarik duela nabaritu daiteke hasieratik bukaerara entzunez gero».

Testuinguruz jantzi ditu abestiak, hori ikus daiteke libretoan. ‘Dei bat’ da diskoa irekitzen duen kantuaren izenburua, baina zein da Mikel Morenok jaso nahiko lukeen deia? «Gabezia bat dagoenean lagun batek egiten dizun deia. Egoera txarretan edo momentu gogorrenetan dei hori jasotzea apartekoa da; lagunaren deia, inoiz falta behar ez duen deia da». Testuinguruan izen batzuk aipatzen ditu, egiazkoak zein fikziozkoak: «Luka, esaterako, nire iloba da. Hor dauden izenak lagun, familiarteko eta abarrak dira, omenalditxo bat egin nahi izan diet. Baina erretratatu ditudan pertsonaiak ez dira haiek. Nahikoa autobiografikoa da lana, nahiz eta unibertso bat sortzen bukatu dudan eta autobiografia hori autofikzio bihurtu den. Bertako kontu guztiak sentimendu unibertsalak dira eta bizipen horietako asko edonork izango zituen».

Disko intimoa

‘8D’ kantuaren aurrerapen bideotxoa bidali zigun diskoa atera aurretik eta beste hainbat kanturekin gauza bera egin du: «Bideo horiek Aitor Arrutirekin egin nituen. Egun Kopenhagen bizi da, eta, aurreko Eguberrietan hemen zegoela aprobetxatuz, elkarrekin saltsan ibili ginen bideoak grabatuz eta hortik sortu da ‘teaser’ horien kontua». Zortzigarren mailan gelan zirenak gogoan izan ditu kantu honetan; aspaldian, ordea, ez dira elkartu: «Zenbat porrot ote dagoen afari horren antolakuntzan! Baina egiari zor, sare sozialetan jarri nuenetik, batzuek berriz martxan jarri dugu afaria egitearena. Gelan 24 ginen, batzuk Bartzelonan daude, batzuk Europatik sakabanatuta, beste asko herrian ere bai eta tartean kuadrillakoak. Saiatzen gara elkarrekin ahal den neurrian harremana mantentzen». Barruan duen umeaz ere hitz egiten du abesti horretan: «Beharrezkoa da barruko umea ateratzea eta ni saiatzen naiz. Esperientzia heldutasunak ematen dizu, baina umearen balio horiek, gaiztakeriarik eza eta freskotasuna, mantendu beharrekoak dira».

Negua modu desberdinetan ulertzen du askok, batzuek gogokoago izaten dute eta beste batzuek gorroto dute. Beste ikuspegi bat eman dio, ordea, Mikel Morenok ‘Lehen negua’ kantuan: «Negu asko daude baina pertsona horrekin lehenengoa da abestian aipatzen dena. Lehendabiziko hori izaten da politena eta gero hori mantendu behar da, e? Begira, testuingurua irakurriko dizut: ‘Duela gutxi elkar ezagutu badute ere, zerbait berezia ernetzen ari da haien artean. Udazkena amaitzear, kostaldera gerturatu dira urtaro berriari sorrera emateko asmoz. Sentimenduak oraindik ezkutuan, ‘Lehen negua’ etorri da guztia agerian uzteko’. Kantuak konposatzeko momentuan irudiak erabiltzen ditut hitzak egiteko eta hemen kostaldean, itsasoari begira, negua datorrela, eguzkia badoala ikusiz, farolen azpian dagoen bikote bat ikusten dut».

Kostaldera begira

Kostaldeari erreferentzia asko egin dizkio diskoan Andoaingo musikariak, «itsasbazterra maite» duelako. ‘Itsaslami’ deituriko abestian ere badira hainbat kostaldeko kontu. Baina sinisten ote du lamietan? «Ez dut sekula bat ikusi, baina zergatik ez dira existituko? Dena dela, erlazio toxiko bati eginiko kantua da, momentu gogorrak ateratzen dira bertan. Diskoa orokorrean nahikoa intimoa dela esan dezaket. Kantu honetan erlazio batetik atera ezin duenaren minetik hitz egiten dut, ezer ez eta dena izan daitekeen pertsona bati buruz ari naiz. Dena irabazitzat edo galdutzat ematera bultzatzen zaituen pertsona batez. Baina beti berarengana itzultzen zara eta zirkulu bizioso hori islatu nahi izan dut kantuan. Hori bai, bukaeran askatu eta ihes egiten du bertatik», azaldu digu Morenok.

Lan munduari kritika egin dio ‘Orekaria’ abestian eta gazteek egunero bizi duten egoera bati buruz ere hitz egin du: lan duin bat eskuratzearen esperantzaz. «Ez du zertan ardura postu bat izan… Bat duin sentitzea eta ez askok egun bizi duen egoera hori. Musikarion kasua, esaterako, gogorra da. Nik argi nuen Kautaren esperientzia bizi eta gero, lasaitasuna behar nuela. Esperientzia bikaina izan zen konposatzen, kontzertuetan, lagun berriak eginaz… baina asteburuero hor egotea, gogorra zen. Zuk entzun dezakezulako talde bat, baina kontzertuetara joate hori galtzen ari dela uste dut. Kulturak duen garrantziaz ez gara ohartzen, akaso dekadentzian dago, baina niri ere pasatu zait kontzertuetara ez joatearena, askotan etxean entzuten dugulako erosoago artista horren musika. Baina aldi berean horrek ekar dezake artista horren azken diskoa izatea. Oso garrantzitsua da kontzertuetara joatea, Euskal Herrian, hain zirkuitu txikia izanda, artistek gauzak sortzeko beharrezkoak dituzte kontzertuak. Gutako musikari askoren pretentsio bakarra hori izaten baita, sortzea, gure ogibidea ez delako musika. Sorkuntza lana maite dugu eta bilatzen duguna da kontzertuekin zenbakiak orekatu eta hurrengo diskoa kaleratzea», nabarmendu du Morenok.

Zuzenekorako prest

Diskoan grabatu dituen ahots guztiak bereak dira baina inguruan izan ditu Imanol Goikoetxea, Karlos Arancegui, Adrian Elustondo, Txus Aranburu eta Antxon Sarasua. Nostalgia kontuak agertu dira berriz ere Mikel Morenoren bizitzan, hori irakurri diogu guk behintzat. «Argazki album bat hartu eta garai bateko argazki bat ikusi duen baten inguruan dabil eta nik ere garai batera joan nahi badut argazki bat hartzen dut eta oroitzapen horietara noa», dio Morenok. Zein ote da berak ikusi duen azken argazkia? Eta bereziena? «Oraintxe begien parean dut gurasoekin dudan argazkia, kanpinera laurok elkarrekin joaten ginenekoa. Bereziena, berriz, galduta dudan bat da. Saharara joan ginen lehengusuok bidaian eta otsailaren 27an bertan ginen, hango etxetxo horietako batean. Afaltzen ari ginela, komunikatzeko zailtasunekin baina sekulako gaua pasatzen, lehengusinari argazki bat egin nion eta etxetxoaren leiho txiki hartatik, eguzkia gordetzen ari zen bitartean, ume bat gerlari baten posturan salto egiten harrapatu nuen. Orain, argazkilaritzaren afizioa hartzen ari naizela, pentsatzen dut ez naizela berriz ere halako argazkirik egiteko gai izango».

Koltxoi asko du diskoak bere abestietan eta zuzenean ongi defendatzeko moduan izango direla uste du Morenok: «Entzuten den horretan ez daude doblatutako edo hirukoiztutako gitarrak eta abar. Oholtzan musikari bakoitzak erraz defendatuko duen ziurtasuna dut, izan ere, erabili den koltxoia teklatuekin eta abar egindakoa da orokorrean». Azken aldietan soinean zeraman Fender Telecaster berarekin grabatu du diskoa: «Esan behar dut nire lehen gitarra berreskuratu dudala orain gutxi. Kautan jotzen nuen garaian, gaztetxo bat etorri zitzaidan eta esan zidan nire lehendabiziko gitarra zuela berak etxean. Nik saldu egin nuen eta batetik bestera ibili ostean haren eskuetan erori zen. Bada, ez zuela behar eta itzuli egin zidan, a zer ilusioa!». Gaztain estudioan grabatu dute diskoa, Eñaut Gaztañagaren eskutik.

Kontzertuak iragarri aurretik, publikoa bere musikara gerturatu dadin tarte bat utzi nahi izan du Andoaingo musikariak: «Orain, urte bukaeran, etorriko dira aurkezpen kontzertuak. Baina isilik egon naiz denbora luzez eta jendeak diskoa entzuteko tartea utzi nahi dut orain. Gero, zuzeneko soinua bilatuko dugu taldean, baina aurretik intimoan, akustikoan eskainiko ditut halako kontzertu batzuk. Betidanik abestea maite izan dut, ni ez naiz gitarra jotzailea. Nik sortutakoa inguruko musikariek janzten dute, eta eskerrak».

Jaurlaritza Logoa