Live

NAIZ IRRATIA

Naiz Irratia: informazioa, musika, entretenimendua eta, noski, entzulea

Naiz Irratiak programazioa aurkeztu berri du. Entzulearen bidelagun izan nahi du eta musika, entretenimendua eta informazioaren aldeko apustua egin du.  Baina ez da hiru hanketako aulki herrena, laugarren hanka entzuleak dira, «elkar ulertzeko modu onena baita, elkar entzutea». 

Naiz Irratiaren spot berria.
Naiz Irratiaren spot berria.

Entzulearen bidelagun izan nahi du Naiz Irratiak aurten, eta horretarako gogoz ekin dio hirugarren denboraldiari. ´Informazioaren Haria´ albistegi zerbitzuak, ´Musikharia´ saioa eta arratsaldeko´Bigarren Kafea´  magazina dira programazioko ardatz nagusiak, baina eskaintza zabala da 7x24. 

Nabarmentzekoak ere,  bizi dugun krisi ekosozialen  kontzientziazio antidoto izan nahi duen 'Gelditu Makinak saioa', futbolaz harago kirol unibertso bat dagoela  erakusten duen  'KirolHaria' edo, bideo-joko zaleentzako ´Game Erauntsia´.

Lau albistegi zerbitzu nagusi izango ditu denboraldi berriak eta azken ordukoa bermatuta dago egun osoan. Izan ere, Naiz irratiak badaki entzuleari  «ongi informatuta, eta ez uniformatuta» ateratzea gustatzen zaiola etxetik, Ainara Rodriguez Haria 1eko gidariari promozio bideoan entzun diogunez.

Goizeko zazpietan abiatzen da ´Informazioaren Haria’ albistegi zerbitzuaren lehen edizioa eta haria ez da etengo eguna bukatu arte: bigarren  edizioa Amaia Zurutuzaren gidaritzapean izango da (12:00-14:00) eta egunak eman duena birpasatuko du Peli Lekuonak hirugarren edizioan (20:00-22:00). Asteburuetan ere informazioa ziurtatuta dago Naiz Irratian ’Asteburuko Haria’  albistegi zerbitzuekin. 09:00etatik 14:00etara, azken ordukoak eskainiko dira puntuetan eta 09:00 eta 13:00etan izango dira albistegi nagusiak. 

Gaurkotasunari jarraipena egiteak abiadurarekin badu harreman zuzena gaur egun. Baina berehalakotasunaz gain, analisiak leku nabarmena du Harietan. «Lehen lerroko gaiak lantzerakoan edukiz, lurraldez eta generoz oreka mantentzen saiatzen gara egunero», dio Ainara Rodriguezek. Baina gaurkotasuneko zurrunbilotik ihesean, «badira gai batzuk atenporalagoak direnak, eta patxada gehiagorekin lantzea merezi dutenak».

Aurten ere, datuez harago ikasteko aukera emango dute asteroko zientzia solasaldiek. Pandemia giroan jarri ziren martxan, datu-zaparradan argi pixka bat jarri asmoz. Aurten segida izango du solasaldi horrek eta beste arlo batzuetan antzeko izaera pedagogikoa duten tertuliak ere abiatuko dira.  

NAIZ eta GARAren erredakzioaren sinesgarritasunaren eta profesionalen sustengua dira albistegi zerbitzuen zutabe garrantzitsuenetakoa eta hala izaten jarraituko dute, transmedia ereduan sakonduz. 

Etxeko uztaren aldeko apustua

Musikarik gabe ezin da irratia ulertu, ez behintzat Naiz Irratia. Eta bere sorreratik ahalegin handia egin du bertako euskal sortzaileak bultzatzeko. Hasi berriak direnak eta jada ibilbide bat badutenak «hori da gure berezitasuna, hasi berriei ere lekua egiten zaiela Naiz Irratian», dio Iker Gurrutxagak.

Aurten ere euskal musikarien taberna izaten jarraituko du Iker Gurrutxagaren ’MusikHaria’ saioak. (astelehenetik ostiralera 10:00-12:00). Kantuak dioen bezala, ’Txarrenetik onena’ ateratzen jakin du Gurrutxagak, Covid19ko pandemiak erabat eraldatu baitu saioa: «errespetuz eta mimoz tratatzen ditugu euskal musikarien lanak. Artista batek disko batekin pasatzen dituen ordu guztiak pasata, hori guztia ezin da 10 minututan kontatu» dio. Horregatik, ’MusikHarian’ elkarrizketa sosegatuak egiten dira «taberna batean, kafe batekin» bezalakoak.

Kasu honetan ere transmedia ikuspegiak pisu nabarmena du, «musikari baten lana irratian hasi eta naiz.eus-eko webera egiten du salto, eta hortik paperera, GARAra. Ez dut uste hori beste hedabideek eskaintzen dutenik», dio Gurrutxagak. Luxuzko hiru kolaboratzaile ere izango ditu aurten: Izkander Fernandez, Mondo Sonoro aldizkariko  Iker Barbara eta Badok atariko Jon Eskisabel.

Bazkalosteetan ’Beste Bat’ saioek jarraituko dute (astelehenetik ostiralera, 15:00-16:00). Euskal musikarien kantu kuttunak jakiteko tarte aproposa da. Urri honetan: Mikel Karton, Tatxers, Habi eta Marmoka musikari eta taldeak ari dira saioa egiten.

22:00etan musika saioen txanda izango da: Skabidean taldeko Antonio Iriartek gidatzen du ’Global Musik’, (astelehenak 22:00-23:00), eta Daddy Jeffek ’Revolutionary Grooves’ (23:00-00:00). Asteazkenetan Telmo Trenor ziztatzailearen ’∫ateliteak’ saioa, ostegunetan Eneko Alkortaren ’Reggae Fever’ eta ostiraletan ’Prest!’ Ioar Aizpuruarekin, gaueko 22:00etatik 23:00etara denak. Asteburuetan Estitxu Pinatxoren ’Gramofonoa’ (larunbata 09:30), Etxahun Arregiren ’Kera Deia’ (larunbata eta igandea 15:00-16;00) saio monografikoen txanda izango da, igande gauak Inaxio Esnaolaren ’Burdinola’ heavy metal saioarekin amaituko dira (23:00-00:00).

Entzulearen bidelagun

Zer du gustuko entzuleak? Zer kezkatzen du? Zeren inguruan nahi du jakin? Naiz Irratiaren ipar orratzak dira hiru galdera horiek. Herritarrak aldaketa klimatikoarekin eta krisi sozialarekin kezkatuak daudelako egiten da astelehenero 'Gelditu Makinak' saioa. Eli Pagolak zuzendutako saioan kolaboratzaile dira Aranzadi, Goiener, Azti, eta BC3, besteak beste.

Bideo-jokoak tendentzia dira, eta gero eta handiagoa da komunitate birtuala. Euskara eta bideo-jokoak uztartzen dituen ’Game Erauntsia’ elkarteak hamabostero egiten du saio homonimoa (Astearteak 19:00-20:00). Alorreko albisteak biltzeaz gain, Euskal Herriko industriari egiten zaio tokia. Saioa Naiz Irratiko FM eta Streamingean eta Youtube eta Twitch kanaletan entzun eta ikus daiteke. Hor dago ere ’Bilynch’, Naiz Irratiko saiorik ganberroena. Zinemazaleen hilabeteko zita monografikoa da. «Zineaz jakin nahi ez duzun guztia» kontatuko dizute. (Hilabeteko bigarren igandea, 20:00)

Bigarren Kafea

Hirugarren denboraldia abiatu du ‘Bigarren Kafea’ arratsaldeko magazinak (astelehenetik ostiralera, 16:00-18:00). Iñigo Asensio eta Goiuri Eceizaren gidaritzapean, denboraldi honetan iaz hasitako formulari segiko diote: 7 aurkezle ditu saioak, 2 finkoak eta 5 egunez egunekoak, eta hori bada magazina berezi egiten duena Iñigo Asensioren ustez, «14 belarrik eta 14 begik egiten dugu programa, eta errealitatea anitzagoa da horrela, eta hori polita da».

250 saioko langa bete berri, eta pandemiaren neurriak lasaitu direla aprobetxatuta, denboraldi honetan entzulea gertuago izateko asmoz mugitu egingo dira Tolosako estudioa atzean utzita. Victoria Eugenia antzokitik egin zuten saioa pasa den urriaren 6an Iker Laurobaren kontzertua aitzakiatzat hartuta. Azaroan Iruñeko Katakraken izanen dira, eta bisita egingo dute ere Irungo Gordailura.

Saio berri gehiago

Denboraldi berri honetan hainbat saio jarriko dira martxan, su txikian egosten ari dira oraindik baina laster ikusiko dute argia. Memoria historikoa hizpide izango duen podcasta, euskaldun berriei zuzendutako saioak eta emakumeak protagonista izango dituen ‘Sideralak Gara’ , besteak beste.

NAIZ Irratia internetez entzun daiteke, podcast plataformetan (Ivoox, Spotify, Google eta Apple) eta FMz (Donostia 93.8 Urola 91.8 Goierri 102.2 Legazpi 94.6 Bilbo 92.2 Gernika 96.7 Durango 97.4 Gasteiz 91.5 Bortziriak 103.1 Leitza 95.1). Entzuleen parte hartzea sustatzeko NAIZ Irratiak zenbaki propioa du (Whatsappa: +34 644 632 994). 

Jaurlaritza Logoa