Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Abian dira Musika Zuzenean saioaren denboraldi eta webgune berriak

Bosgarren denboraldia abiatu du Musika Zuzenean saioak aurreko astean eta, 150. saioarekin abiatu diren arren, emanaldi berezi batzuk ere egon dira tartean. Denboraldi berria berrikuntzaz beteta dator. Hori bai, aurrekoetan bezala, euskal musikaren eszena astindu asmoz.

2017an hasi zenetik 150 saio osatu ditu Musika Zuzeneanek.
2017an hasi zenetik 150 saio osatu ditu Musika Zuzeneanek.

2017ko uztailean hasi ziren Musika Zuzenean saioarekin Hamaika Telebistan eta hasiera zaila izan zela gogoratzen du Koldo Otamendi, saioko aurkezle eta zuzendariak: «Guk ideia bat bagenuen buruan eta eskerrak, Hamaikatik proposamena jaso eta bi astera emisioan geunden-eta. Pantaila aurrean egotea tokatu zitzaidan eta telebista beste liga bat da. Irratian eta prentsan aritu naiz, hor erdi-ezkutuan zaude, baina telebistan agertzeak bestelako inpresio bat sortzen du norberarengan. Arrapaladan sortu genuen saio hura eta argi geneukan musika taldeentzat bozgorailu garrantzitsua izango zela, eta horrela delakoan gaude. Nire hartualdiak egiten ez dugu denbora gehiegi ematen, justuko aurkezpena egin eta taldeari ematen diogu protagonismoa, haiek direlako benetako protagonista. Oso eskertuta gaude Hamaika Telebistak urte hauetan egin duen esfortzuagatik».

Komunikabideetan ibiltzeaz gainera, musikaren bestelako alorretan ere bide luzea du Otamendik. «Nire jatorriak Andoaingo gaztetxean daude eta bertan ikasi nuen musikaz dakidan guztia. Txikian egiten diren gauzen balioa eta talde berriek behar dituzten aukerak oso argi izan ditut beti. Pandemia garaian saioari aurrera egin diogu, etxetik eta ahal den moduan egin genuen hilabete batzuetan. Baina argi geneukan funtsa eta musikaren muina entsegu lokaletan zegoela eta aukera izan dugun unean bertara itzuli gara; horren beharra genuen. Musikarien abiapuntura joate gustatzen zaigu, dena nola egiten duten ikusteko», nabarmendu du andoaindarrak.

Tatxers taldea ekarri digu MusikHaria saioan egin diogun elkarrizketan, 150. saioan egon den taldeetako bat delako. Iruñerriako harrobiaren adibide nabarmenenetako bat izan da taldea eta Otamendiri galdetu diogu eta erreferentzialtasuna egun toki hartan kokatzen den: «Iruñerrian jarri dugu fokua eta badirudi sekulako eboluzioa egon dela bertan, baina leku guztietan dago zerbait interesgarria, izan Iparraldean zein Bilboko lokaletan. Tatxers entzutean Hertzainak edota Zarama etortzen zaigu edota Jotakie, sinpletasunera jotzen dugulako, baina hauen estiloa oso britainiarra da talde haiek bezala The Clash, Jam edo Still Little Fingers bezalakoak. Talde interesgarria, freskoa eta eszenan indarrean sartu dena, sarean eta klikek emandako arrakasta eta sona handia kudeatzen jakin beharko dute, sarean gauza bat gertatzen delako eta gero kontzertuetan askotan ez delako sarekoa irudikatzen. Eszena txikia da euskaraz abesten dutenen artekoa eta batzuetan arrakasta handia lortu daiteke kliketan. Tatxers orain aretoak betetzen ari da, baina beste batzuk, sarean bolo-bolo dabiltzan arren, ez dute zori bera izan. EP bat kaleratu dute, 20-22 urte dituzte, baina 7-8 urtetako musika esperientzia dute, ahotsen erabilerak eta melodiak sortzen abilak dira eta nahiz eta oso gazteak izan oso argi dute zer nahi duten. Hortaz, gazteak badira, baina Iruñerriako eszenan egindakoaren esperientzia eta talde berriaren freskotasuna dute», azaldu du Otamendik.

Elkarrizketak prestatzeko diskoak era obsesiboan irensten dituela kontatu digu Andoaingo aurkezleak eta aste honetako saioan agertuko den Hegazkin taldearen ‘Haize beltzak’ diskoarekin gisa horretara aritu dela kontatu digu: «Oso interesgarria iruditu zait diskoa, 4.000 aldiz entzungo nuen dagoeneko, eta nahiz eta ez den musikalki gertua eduki dezakedan zerbait, hauen erritmoak eta ahots melodikoak erakarri naute. Tatxersen antipodetan daude, ez dira sare sozialetan mugitzen eta Mukururen webean eta bandcamp atarian soilik aurkitu daiteke haien inguruko informazioa. Lan egiteko beste modu bat dute eta interesgarria da benetan. Gailu taldea etorri daiteke burura eta ez harritzekoa, jatorri bera izan dezaketelako.  Hegazkineko kideetako bat Zarauzko Putzuzulotik eta hardcorea egitetik datorrelako eta besteak Andoaingo gaztetxetik eta musika estilo beretik; hori bai, aurrera begira dagoen eta esperimentazioan dabilen jendea da, beren ibilbide musikal luzea dutenak».

Musika Zuzenean webgunea ere martxan
Urte eta erdi eta gero Musika Zuzenean webgunea ere bueltan da. «Pandemia etorri zenean webguneak 10 urte bete zituen eta tripak berritzeko garaia iritsi zen, arazoak ematen hasi baitzen weba. Hartara, offline jarri genuen pentsatuz pandemia astebeteko gauza izango zela, baina dena luzatu zen. Hortaz Musika Zuzenean webgune berria egin dugu Gernikako Biklik enpresarekin eta lagun artean eta auzolanean garatu eta egin dugu txukunketa. Eszena txikitik handira egiten da, eta taberna txiki, gaztetxe eta auzotako jai komisioek berriz ere bozgorailua izango dute nahi duten horren berri emateko. App bat ere egin dugu, gainera. Dena dela, agenda osatzea oso nekeza da, eragile bakoitzak bere instagram, facebook eta twitter dituelako eta kosta egiten delako jendeak guri informazioa helaraztea. Hortaz, bakoitzak bere aldetik indarra egiteaz gainera, gure webgunearekin jendeak txikian egiten dituenak bateratu eta zabaldu nahi izaten ditugu. Horrela, musikazaleei menu zabalagoa eskainiko diegu nahi duten hori kontsumi dezaten. Dena den, gurea izebergaren punta baino ez da euskal musikaren eszenan», azpimarratu du Otamendik.

Aurreko ostiralean 150. saioa ospatzeko DOKAN kontzertua antolatu zuten Musika Zuzenean osatzen dutenek. «Hamaika Telebistako lankideek dituzten taldeekin egin dugu jaia, eta ez da suziriak botatzekoa izan sarrerak agortzearena, 60 lagunekin dena salduta dagoelako oraintxe, baina pozik gaude gure ingurukoekin egin dugun lana ospatu dugulako». Rodeo eta Ginger taldeak izan ziren bertan. Ostegun honetan berriz ere Haimaka Telebistan izango dira, 151. saioarekin.

Jaurlaritza Logoa