Live

Tessa Andonegi / Iker Gurrutxaga
Zarautz
Interview
Mikel Kazalis
Anestesia taldeko musikaria

«Ospitalean minbiziarekin sartu nintzen eta, fentaniloaren erruz, ‘jonki’ bat izaten atera»

Anestesia taldean egin zen ezagun Mikel Kazalis (Zarautz, 1968). Baina oraingoan, batere anestesiarik gabe, gordin-gordin, kontatu digu bere azken urteetako bizimodua. Musikan jarraitzen du buru-belarri, baina minbiziari aurre egin behar izan dio, pandemiaz gainera, zarauztarrak.

Audio_placeholder

«Ospitalean minbiziarekin sartu nintzen eta, fentaniloaren erruz, ‘jonki’ bat izaten atera»

Loading player...
Minbizia gainditu ostean, gogotsu jarraitzen du musikaren munduan Mikel Kazalis zarauztarrak. (Ioar AIZPURUA)
Minbizia gainditu ostean, gogotsu jarraitzen du musikaren munduan Mikel Kazalis zarauztarrak. (Ioar AIZPURUA)

Superbibentziaz ari bagara Mikel Kazalisek asko daki horren inguruan. Urteak asko daramatza lanean eta euskal kulturgintzan eta bertan jardutea, askotan, biziraute kontua dela oso ondo daki. Duela ez gehiegi hitz horren, bizirautearen, esanahia gordinki ikasi behar izan zuen. Laurogeiko hamarkadan Estigia taldean hasi, gero Anestesiara pasa eta Negu Gorriaken  edota Kuraian ere ibilia. Mikel ‘Anestesia’ bezala da ezaguna askorentzat.

Zer moduz?

Ondo. Txarra kenduta, ondo. Kar-kar.

Eta txarra zer da, bizirautea?

Beti dago zerbait.

Oso ezaguna zara musikaren munduan. Mikel Anestesia bezala zara ezagun, baina Negu Gorriaki buruz zer esan…

Proiektu hori izango zen sekula ibili naizen handiena. Publiko aldetik eta oihartzun aldetik. Mundu osoko birak egin genituen, hemen areto erraldoiak bete genituen… Erantzun aldetik handiena izan zen ezbairik gabe.

Horrek emango zizun negozioaren beste ikuspegi bat ezta? Edo ilusioa bai behintzat.

Bai, baino aldi berean oso bereziak ginen. Nahi izan bagenu, garai hartan, aberastu egingo ginatekeen. Baina ez geneukan kontzeptu hori buruan. Bi hilabeteko birak egiten genituen eta gero urte guztia ematen genuen ezer ere egin gabe taldearekin.

Hortik bizi ere bai?

Nahi izanez gero agentzia bat edota manager bat jarri eta nahi genuen guztia egiteko aukera geneukan. Baina taldearen izaera eta ideologia beste bat zan, bira txikiak egitearena. Fenomeno sozial bat izan zen, ez zen talde soila. Milaka pertsonen aurrean jotzeko aukera genuen, baina ez ginen horren bila joan. Fermin zen hori pixka bat gidatzen zuena eta jende askok uste du diruzalea dela, baina horiek guztiek ez dakite Ferminek txeke zuriak izan dituela aurrean eta uko egin dio horri, bere modura funtzionatu ahal izateko. Beste batzuk, ordea, egoera hori baliatuko zuten sekulako dirutza egiteko. Nire kasuan ez dakit zer izango ote zen hobeto orain nagoen tokitik ikusita, kar-kar.



Bi muturrak dira akaso kaltegarriak guretzat ezta? Hau da, dirua txarra dela pentsatzea eta horri uko egitea, eta oso diruzalea izatea. Baina egongo da erdibide bat eta izango dugu artistok ondo bizitzeko eskubiderik ezta?

Bai, jakina. Esaterako, Anestesiarekin ez ditugu estadioak bete, baina bai lortu dugula errespetu bat eta erantzun bat, mila pertsonako areto bat betetzeko beste.

Berez Fenix Tour deitzen dena zeneukaten martxan 2020rako, baina pandemiak eraginik izan du.

Bertan behera utzi behar izan genuen, bai. Oso esanguratsua zen Fenix hegaztiaren metafora horrena, bere errautsetatik jaiotzen den txoria delako. COVID-19a baino lehenago, 2019an, minbizia pasa nuen nik. Urtea lehen diskoaren urteurrena ospatzen hasi genuen, kontzertu gutxi batzuk emanaz, baina areto guztiak leporaino beteta genituen kontzertuak eman baino hilabete dezente lehenagotik. Inoiz gertatu ez zaiguna. Formaz topera ginen eta taldekideei esaten nien, 30 urte hauetan emandako kontzerturik onenak izaten ari zirela. Baina nik, ordurako, eztarrian baneukan mandarina baten tamainako tumore bat.

Nabaritzen zenuen hor zeneukala?

Ez, min txiki bat baino ez nuen sumatzen. Arduragabekeria medikoa tartean egon zela ere esan nezake. Urtebete lehenago joan nintzen otorrinoarengana eta esan zidan glandula bat oso puztuta neukala. Beste urtebetez bizitza normal egin nuen, kontzertuak eta abar tarteko. Baina hori hor zegoen dagoeneko.

Otorrino hori eminentzia bat omen zen. Kamerarekin begiratu zidan guztia eta glandula hori oso puztuta neukala esan zidan. Antibiotikoak eta kortisona eman zizkidan. Kortisonak sintomak tapatzen ditu, baina ez jatorria. Astebetera Zarauzko medikuarengana joan nintzen eta hura txundituta zegoen sartu zidaten kortisona dosia ikusita. Hamabostean behin hartu beharreko kopurua egunero hartzen nenbilelako.

Hobetzen joan nintzen eta nik ere sinetsi nahi nuen hori. Otorrinoak hobetzen nengoela ikusi zuen, eta esan zidan biopsiarik ez zela egin beharko. Baina hori ere nik minbizirik ez ote nuen izango galdetzean erantzun zidan. Eta hori galdetu nion ordura arte eztarrian sentitu ez nuen min mota bat sentitzen ari nintzelako, puntu oso zehatz batean. Urtea pasa zen eta berriz ere itzuli nintzen medikuarengana. Nire errua ere bai, ez nintzelako gehiegi kezkatu nahiz eta molestia hori hor zegoen. Berriz ere gauza bera esan zidan, oso puztuta neukala glandula. Beste mediku batengana bidali zidan eta hark froga sakonagoak egin ostean, mandarina baten tamainako tumorea nuela esan zidan.

Zuk esana da minbizia duzula esanaz geroztik, hau izan dela zu elkarrizketatzeko aitzakia eta ez zure musika ibilbidea.

Bai, kolpetik kazetariek zuten interesa nire gaixotasunari buruz hitz egitekoa zen. Noski, ez neukan ez disko berririk ez eta artistikoki aurkezteko ezer gehiago ere. Berria zabaldu zen eta nolabait ezaguna nintzen aldetik, denak deika hasi ziren. Hor sekulako dilema izan nuen nire buruarekin, nire desgraziaz hitz egitera nora nindoan galdetzen nion etengabean. Berez disko bat kaleratu osteko promozioko elkarrizketek gogaitzen ninduten nolabait esatearren, nik ez nuelako hitz egin nahi, bada askoz ere arraroagoa suertatzen zitzaidan nire gaixotasunaz hitz egitea.

Baina nire minbiziarena gertatu eta gero COVID-19arena etorri zen. Beldurra sartzeko kanpaina bat edo egon zela sumatu nuen garai horretan. Gaixotasun asko daude egunero jendea hiltzen dutenak eta ez da ematen heriotza horien datuen berri inon, baina, pandemiaren kontuarekin, ez dugu besterik izan eta gehiegizkoa iruditzen zitzaidan. Elkarrizketa horiek garai horretan eskatzen zizkidatela ikusita, beldurraren kanpainaren erdian, nire esperientziatik jendeari itxaropen mezua zabaltzeko baliatu nuen; ni oso larri egon nintzelako eta aurrera egin dudalako, momentuz behintzat.

Badakit botikek eragindako albo-kalteen inguruan hitz egiteko interes berezia ere baduzula.

Orain arte egindako elkarrizketa (trabatu egiten da hitza esaterakoan) guztietan, ez dut aipatu gai hau. Baina gaixotasuna pasa ondoren, bi urte beranduago, oso fase gogor batean nago botikengatik. Erradiologia eta kimioterapia tratamenduak pasa nituen. Erradiologiako saioak egunero izaten nituen eta lepoa haragi bizitan eduki nuen. Bi hilabetez hartu nuen tratamendu hori eta listuaren glandulak ere hondatu zitzaizkidan. Ahoa lehor-lehor, ahotik ezin jan, tripan zulo bat egin zidaten bertatik elikatu ahal izateko. Orain bi zilbor dauzkat, gogoratzeko bi bizitza izan ditudala, kar-kar.

Orbainek gorputza aldatzen digute baina ez dira txarrak.

Anestesiarekin badugu kantu bat, ‘Ertzean’ deitzen dena eta horren inguruan hitz egiten du. Orbain bakoitzarekin mina gogoratzearena, ez ahazteko zer gertatu den. «Zauriak ikasgai bihur ditzagun, orbain bakoitzarekin mina gogoratuz».



Baina botikaren kalteaz ari ginen.

Fentaniloa. Nik hartu nituen botika pila bat, armairuak ospitaleko farmazia dirudi. Ez dakit zenbat botika hartzen nituen, zerbait ekiditeko gauza bat ematen dizute baina horrek sortzen dizun beste arazo horri ere aurre egin behar, eta horretarako beste medikamentu bat… eta horrela etenik gabe. Hortaz, alde guztietatik intoxikatuta bukatzen duzu. Baina kimioterapia eta erradioterapia bukatzean, duela bi urte, botika denak uztea erabaki nuen, nazkatuta nengoelako nire gorputza pozoitzeaz.

Baina fentaniloa hor zegoen. Opiazeo bat da, hemen ez dena hain ezaguna, baina Estatu Batuetan drama sozial bat da. Heroina eta morfina baino 50 edo 100 aldiz indartsuagoa da eta adikzio gehiago sortzen duena eta haren efektuak oso iraupen laburra du. Ordu erdiz globo batean zaude eta kito. Dokumentalak eta telesailak ikusiz konturatu naiz zer den benetan fentaniloa. Ebakuntza baten ostean, egun gutxi batzuetan ematen badizute, bada akaso ongi. Baina, hilabete luzez hori hartzen ari bazara, beste kontu bat da. Ospitalean minbiziarekin sartu nintzen eta ‘jonki’ bat izaten atera. Niri hori gertatu zitzaidan. Beste botika denak utzi nituen, baina fentaniloa ez.

Eta gaur egun?

2019ko abuztuan bukatu nuen, ikusi nuen zer arazo neukan eta Zuhaizpera joan nintzen, Karmelo Bizkarrak duen osasun etxea, Nafarroan dagoena eta Donostian ere kontsulta baduena. Medikuntza alternatiboko tratamenduak egiten dituzte bertan. Niri, aurreko tratamenduan erabat debekatu zidaten gisa honetarako botikak hartzea, baina Zuhaizpen ez zidaten halakorik esan. Zure bizitza dago jokoan, baina aldi berean interesak daudela ohartzen zara. Esan dudan moduan, Karmelo Bizkarrak ez zidan esan ez hartzeko kimioterapia eta erradioterapia tratamendurik. Baina ospitalekoa entzutean, erabakia hartu behar izaten da eta medikuntza alternatiboari uko egin nion. Gaur egun horretaz damu naiz, ziur bainago lagungarri izango zela bide harri ere eustea. Albo-kalte gutxiago izaten lagunduko zidan ziur.

Medikuntza tradizionala jainkotzat hartzen dugu, zientzialariek hala erakusten digutelako, ezta?

Baina zergatik tradizionala? Tradizionala baino, ofiziala esango nuke. Ez da tradizionala, 200-300 bidea duen medikuntza da hau eta alternatiboa deitzen diogun horrek gizaldiak eta gizaldiak daramatza gurekin, belarrekin edota naturatik sortutako elementuekin gu sendatuz. Kimikoa berria da, baina tradizionala horri deitzen diote eta hori da sartu diguten tranpa.

Baina medikuntza mota horri kasu egitean, ez diogu barruak esaten digunari behar beste kasu egiten akaso.

Nik esperientzia handia daukat medikuntza ofizial horrekin eta ondorioak izan dira direnak. Sintomak tapatzera joaten direla esango nuke eta ez gaixotasunaren jatorrira. Hori partxe bat jartzea da. Eta ni ziur nago aurrera atera nintzela ez botikengatik soilik, baizik eta izan nuen jarreragatik. Buruak lan handia egiten du. Oso berezia da albistea ematen dizuen unean nola gehiengoak heriotzarekin lotzen duen kontu hau, baina nik esan nuen lehendabiziko gauza zen honek ez ninduela hilko. Barrutik atera zitzaidan indar berezi bat. Aurrekoan ere sare sozialetan jarri nuen, inoiz ez dakizula zeinen indartsua zaren aukera bakarra indartsu izatea den arte, bada hori sentitu nuen. Izutu eta deprimitzeak beste zerbaitetara eramango ninduen.

Dena dela, musikari izateagatik kasu askorik ez dizutela egin azkenaldian aipatu duzu, baina oso presente daukazu gai honi buruz hitz egitea ere.

Mezu positibo bat eman daitekeela uste dut bizi dugun garai hauetan, heriotza eguneroko hizketagai bihurtu den honetan. Gizartea hankaz gora dago, haserre dago jendea, triste, edozein familia eta taldeetan eztabaidak edonoiz… eta batez ere beldurra dago.

Eskerrak zuk beldurrik ez zenuen sentitu.

Bada bai, eta mezu hori nahi dut zabaldu, konpentsatzeko bakoitzak bizi duen egoera hori eta aurre egiteko ditugun beldurrei.

Hala ere musikari izaten jarraitzen duzu. Azken kolaborazioa Giranice taldearekin egin duzu, azken gauza hori izan da?

Talde honi bi disko grabatu dizkiot. Orioko talde bat da eta sekulako taldea da. Musika oso berezia egiten dute, biolinak, gitarra melodikoak, musika instrumentala da egiten dutena. Zortea izan dut teknikari ere banaizelako, Fidelenea estudioa dut, eta bertan grabatu zituztelako bi disko. Azken lana Garate estudioan grabatu dute, bideoan hartuta, lauzpabost abesti eta haietako batean parte hartzeko eskatu zidaten. Niretzako musika guztiz desberdina zen orain arte egiten nuenarekin alderatuta, baina magikoa izan zen. Kantua pasa zidaten, lokalera joan nintzen, gitarra hartu eta eskua joan behar zuen tokira bakarrik joaten zela nabaritzen nuen.



Botikak eragin dizu gitarra jotzerako garaian?

Bai, bizitzako arlo guztietan eragin dit eta jotzerakoan zer esanik ez.

Baina berreskuratuko duzu hori.

Ea, espero dut baietz. Baina eragin dit, eta hitz egiterakoan ikusten duzu, nabaritzen da botikak sortutako kaltea. Lehen ez zitzaidan halakorik gertatzen. Eta ez da gaixotasuna izan, botika izan da, fentaniloa. Fentaniloaren inguruan kontu asko daude. Eta nik salatu nahiko nuke botika hau ospitaleetan ematen digutela eta jendeak jakin dezala zer ematen digute.

Alegia, itsu-itsuan gurpil horretan sartu aurretik, gure eskubidea izan beharko lukeela ematen diguten horri buruz gehiago jakitea.

Bai, niretzat iragan bat eta gero bat markatu ditu botika honek.

Begiak zabaldu dizkizu.

Zabaldu edo itxi edo ez dakit zer. Zure gorputza aldatzen da guztiz, zure burmuinean asko eragiten du… Adikzio maila hori ez nuen sekula ezagutu nik, ez nuen uste horraino iritsi nintekeenik. Edozer gauza egiteko gai zara dosi hori hartzeko. Pelikuletan ikusten diren mono horiek pasa nituen Zuhaizpen. Topatzen zaituztela izerditan blai…

Inoiz pentsatu duzu honen inguruan idaztea?


Badut hor sentimendu kontrajarri bat. Alde batetik egingo nuke, baina bestetik ahaztu egin nahiko nuke. Ez dut idazteko ohiturarik, kantuen hitzak bai, hori idazten dut. Ni ezagutzeko modurik onenetako bat idatzi ditudan kantuen hitzak irakurtzea da. Pista asko ematen ditut naizenaren inguruan. Baina bestela niri buruz idaztea kosta egiten zait.

Mila esker zure testigantza hain gordin eta zintzoa gurekin partekatzearren.

Berriz ere egin dut nire gaixotasun bira honetan beste geldialdi bat eta, esan dizudan bezala, onartu nuen zintzoa izatea eta mezu positibo bat zabaltzea honen inguruan eta horretan ahalegindu naiz.

Jaurlaritza Logoa