Live

Nerea Intxausti - Maite Bidarte

«Jendeak ez daki arrauna zeinen sakrifikatua den»

Urritik, apenas atsedenik gabe, ari dira entrenatzen Iñarra, Puy, Eskitxabel eta Azkue. Ez daude lehen mailan baina, hala ere,  «oso sakrifikatuak» dira egiten dituzten entrenamenduak. Batelerak traineruko arraunlariak dira Pasai Donibaneko Koxtape Arraun Elkartean.

Audio_placeholder

«Jendeak ez daki arrauna zeinen sakrifikatua den»

Loading player...
San Juaneko Batelera taldeko kidea arraunak garraiatzen
San Juaneko Batelera taldeko kidea arraunak garraiatzen

Ez daude lehen mailan, baina, hala ere, sakrifikatua da oso aukeratu duten kirola. Neguan, astean sei aldiz entrenatzen dute. Udan, segun eta asteburuan estropada duten. Baina, gutxienez lau aldiz itsasoratzen dira astean. Izaskun Iñarra, Maddi Puy, Malen Eskitxabel eta Nahikari Azkue Batelerak traineruko arraunlariak dira Pasai Donibaneko Koxtape Arraun Elkartean.

Emakumezkoen Traineru Elkarteen ligan ari dira lehiatzen aurten (ETE liga) eta bosgarren postuan daude sailkapen orokorrean. «Estropadak jarraitzen ez badituzu oso gutxik dakite liga hau existitzen denik ere, askok uste dute 'Kontxako neskak' direla soilik», dio Izaskun Iñarrak.

Arratsaldeko seietan egin dugu beraiekin hitzordua San Juango klubean bertan. Elkar agurtu, eta eguneko nondik norakoak kontatu bitartean batzuek arraunak hartu eta besteek trainerua hartu dute bizkar gainean ranpara hurbiltzeko. 18 neskek osatzen dute taldea, 13 arraunlari eta patroia,  «besteak supente». Giro ona dute, «nola ez ba! Kuadrilakoekin baina denbora gehiago pasatzen dugu taldekideekin» dio Maddi Puyk. Egiten dituzten entrenamenduen inguruan galdetuta, laurek baieztatzen dute: «Arrauna ez dago baloratuta. Kontatzen dudanean nola ibiltzen garen, denek esaten didate, baina zer ari zara hor? Benetan merezi du?» dio Nahikari Azkuek. Ba bai, merezi du, hala pentsatzen dute, «nahiz eta batzuetan emaitzak onak ez izan, merezi du», baieztatu du Malen Eskitxabelek. 

Urria geroztik ari dira entrenatzen, «neguan lan asko egiten dugu gero ligan lehiatzeko, eta berdin entrenatzen dugu guk eta liga gorenekoek» azaldu du Iñarrak. Entrenamenduak aldatzen dira negutik udara, noski. Neguan gogorragoak dira eta luzeagoak. Udan biziagoak, eta intentsoagoak.

Ordu eta erdi eta 2 ordu inguruko entrenamenduak egiten dituzte orain. Traineruaren atzetik motorra eta katamarana beti, babes teknikoa eta motibazioa bermatzeko. Taldean badituzte haien hereserkiak taldea motibatzeko erabiltzen dituztenak, horietan artean dago OT telebista saioan ezaguna egin den ´A tu lado me siento seguro´ kantua.

Iñarrak, Puyk, Eskitxabelek eta Azkuek parte hartu dute Deustuko Unibertsitatea egiten ari den ikerketan. Emakumeen tosta finkoko arraunari bultzada zientifikoa emateko ikerketa bat ari dira egiten, 240 arraunlarik hartu dute parte, tartean Batelera traineruko laukote honek. «Patxi Leonek deitu zigun parte hartzeko. Pisatu gintuzten, neurriak hartu, eta gero 10 minutuko elkarrizketa bat egin ziguten. Nik uste dut nahiko ongi egon zela» gogoratu du Izaskun Iñarrak. Deustuko Unibertsitateko Health Pass ikertzaileko taldea ari da egiten ikerketa.  Beñat Larrinaga, Ane Arbilalga, Itziar Urkijo, Patxi Leon eta Aitor Cocak osatzen dute taldea. 

Ikerketa honek hiru helburu nagusi ditu. Tosta finkoko emakume arraunlarien errendimenduaren inguruko  ezagutzan sakontzea. Bigarrena, ikerketa eta emaitzak ikusaraztea eta hirugarrena, kluben arteko errendimendua baloratzeko sistema bat bateratzeko aukera aztertzea. Kirolari baten errendimenduak baina, ez da soilik arlo fisikora mugatzen. Emozionalak garrantzia handia du, noski. Lehen datuak esku artean, ikerlariek segituan egin dute lotura emakume arraunlariek pisuarekin duten harremanaz. Horri buruz galdetuta duda egin gabe erantzun du Iñarrak: «Nik uste dut laguntza psikologikoa beharrezkoa dela» eta Eskitxabelek gehitu du: «azken urte hauetan gero eta anorexia kasu gehiago egin dira, eta ez dago psikologorik hori ekiditeko, baina badute ordea mediku profesional bat bestelako eritasunak artatzeko. Arraunak pisu batean egotea exigitzen du, eta askotan ez dakizu pisu horretara nola jeitsi».

 

Jaurlaritza Logoa