Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Psikologia, kimika eta musika uztartu ditu Chica Sobresaltok ‘Sinapsis’ diskoan

Maialen Gurbindo (Atarrabia, 1994) da Chica Sobresalto proiektuko abeslari eta konposatzailea, baina proiektua ez du ulertzen bere taldekiderik gabe. Berrehun lagunen aurrean jotzetik ‘Sinapsis’ diskoa salduenen zerrendan egotera pasa da tarte txikian artista nafarra. MusikHarian kontatu digu dena.

Chica Sobresalto proiektuari aurpegia jartzen dion arren, taldeari garrantzia handia ematen dio Maialen Gurbindok. (Andrea BAGHEERA | EH LOLITA)
Chica Sobresalto proiektuari aurpegia jartzen dion arren, taldeari garrantzia handia ematen dio Maialen Gurbindok. (Andrea BAGHEERA | EH LOLITA)

Telebista saio entzutetsu batek onerako zein txarrerako eragina izan dezake musikari baten ibilbidean. Kasu honetan alderik gozoena ezagutzen ari da Maialen Gurbindo, baina kontzienteki egindako hainbat hauturi esker izan da hori guztia. Arrakastaren aparrak ez dio batere eragin eta hori argi geratu da MusikHaria saioan eman digun elkarrizketan. Neurotransmisore eta hormonen inguruan landutako disko kontzeptuala da ‘Sinapsis’, baina guztia txukun azaldu digu atarrabiarrak.

Zer moduz zaude?

Ba oso pozik, baina aldi berean oso ero, oso nekatuta, baina oso pozik.

Penintsularen punta batetik bestera zabiltza, aurkezpen lan asko pilatu zaizu, elkarrizketak etengabe…

Mundua dagoen bezala, oso pozik eta eskertuta nago lanean ari naizelako. Gero gehiago ezin dudala esaten dut eta txakurrarekin mendira noa. Baina benetan diot ezin dudala, eta behar dudalako egiten dut txakurrarekin ihes.

‘Mari kalanbre’ abestia ezagutzen zenuen? (Diskoko hainbat elementu abesti horretan sartu zituzten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek) Egia da psikologia ikasten ere hasi zinela.

Abestia ezagutzen nuen bai! Gero psikologia hasi nuen, baina UNEDen ari nintzen ikasten, ahal zen moduan ordainduz, eta ‘Sobresalto’ martxan jarri genuenean utzi nuen. Ikasle txarra naiz gainera, ezin naiz bi orduz eserita egon. Hori bai, munduan zirrara gehien sortzen didan gauza gure burmuinean gertatzen den guztia da. Batzuk unibertsoari begira bizi diren bitartean, nik horrekin flipatzen dut.

Hortik dator ‘Sinapsis’, ezta?

Dena jaiotzen da sinapsi horretan, noski! Horregatik izena.

«Que la esencia reine y sea, imparcial con mis delirios de no grandeza…» esaten duzu ‘Somatropina’ kantuan. Handinahikeria eza zure esentzian mantentzen dela esan dezakegu. 400.000 jarraitzaile dituzu egun eta bizi-estiloan aldaketarik gabe ikusi zaitugu. Tentaziorik-edo izan duzu?

Niretzat erraza izan da, tentaziorik ez dut izan. Batzuetan badirudi jarraitzaile pila bat dituzula eta dena aldatzen dela. Baina nik nire bizitzarekin jarraitu dut eta batzuetan erretzen du jendeak oker esaten dituenak entzuteak. Toki batean argazki bat egiten dut eta gonbidatu nautela uste dute ‘influencer’ moduan hartzen naute eta ez. Dromedariorekin (Iruñeko diskoetxea da El Dromedario Records) jarraitzea bezala, niretzako onena delako jarraitu dut bertan. Egoista puntua edukiz hartutako erabakia izan da. Egia da ez dela etorri diskoetxe handi bat milioi bat euro eskainiz, nahiz eta ezetz esango nieken, nire askatasunak gehiago balio duelako.

OTtik atera zinen lehendabiziko aldian La Morean, Iruñeko merkataritza zentroan, egon zinen diskoak sinatzen. Nolakoa izan zen harrera?

Sinatzera joaten ginen batzuetan jotzen uzten zidaten, baina Iruñean ez zidaten utzi. Hortaz, zerbait egin nahi nuenez, superheroi jantziarekin joan nintzen bertara eta argazki saio ‘random’ bat egin nahi nuen. Bolatokian, supermerkatuan, eskailera mekanikoetan… Lerdoarena egiten aritu nintzen eta oso ongi pasa nuen. Batzuek ez zuten ezer ulertzen, baina ezagutzen nindutenek barre asko egin zutela badakit.

Horren aurretik Sobresaltoren azken kontzertuan zenbat jende izan zen?

Orduan Marengo deitzen zen tabernan, egun uste dut Canalla deitzen dela, eman nuen azken kontzertua bandarekin eta 200 edo etorri ziren eta mesedez eskatuta.

‘Melatonina’ gure loan eragiten duen hormona da. Zuk betiko loa aipatzen duzu ordea abesti honetan, berezia da zuretzat.

Nire aitona oso gaixorik jarri zen, minbizia izan zuen eta oso azkar joan zen guztia. Momentu batean medikazio guztia kendu zioten eta badakizu, hortik aurrera badaude baina ez daude egoera horretan bizi diren gaixoak. Guk aitonak bere bidea egitea nahi genuen eta nik abestia idatzi nion, berarekin joan nahi nuen pixka bat eta sehaska kanta moduko bat idatzi nion. Nik uste nuen berak bere iloba eroa nintzela uste zuela eta ez zidala ongi ezagutzen, baina bere etxeko tiradera batean nire disko eta elkarrizketa guztiak jasota zituela ikusi nuen. Horrek sekulako ilusioa egin zidan, uste nuelako iloba erotzat ninduela, besterik gabe.

‘Dopamina’ abestian beste aldea, bizitzan aurrera egitera eraman zaituen Marina lagunaz ari zara.

Marina eta biok pipican batean (txakurren parte batean) ezagutu ginen gure zakurrekin. Ni ez nengoen unerik onenean, bizitzarekin aspertuta nengoen nahi nuen hori ez nuelako lortzen eta bera ere lanik gabe zegoen. Bizitza oso gogorra eduki duen norbait da Marina eta horri aurre egin dio. Bere bizitzaren inguruan idatzi nahi nuen abestia, baina ez nuen dramarik nahi. Dopamina ekarri dit nire bizitzara, berak ezin du geldirik egon eta sekulako energia ematen dit elkarrekin gauden bakoitzean. Gainera gure bi txakurrak ere anaia modukoak bihurtu dira orain.

‘Endorfina’ abestia maitasun erromantikoaren bueltan idatzita dago eta bertan Almeriako Nixon taldea izan duzu ondoan, ezta?

‘Sobresalto’ atera genuenean, telonero gisan aritzeko eraman gintuzten haiekin eta Valentzia, Alacant, Malaga… hainbat tokitara eraman gintuzten, beren publikoa bazutelako ordurako. Oso ondo pasa nuen biratxo horretan, lehen bolo garrantzitsuak izan zirelako eta egunen batean eskertu nahi nien eman zidaten hori. Orain, tamalez, geldirik daude, urtebete daramate jo gabe, baina diskoan egon behar zuten, bihotz handiko jendea direlako. Kantuan, berriz, maitasunaz ari naiz, ezkontzarako botoak dira bertan jaso ditudanak, ezkontzen banaiz halakoak egingo nituzkeelako. Onartu behar dut pixka bat kostatzen zaidala sentibera izaten, nahikoa ‘gore’ naizelako maitasun kontuetan. Kantu honetan kontatzen dena badakizu akaso ez dela erreala. Begiak itxi eta zure baitan abesten hasten zaren une horietako batean sartzen zarenean, baina halako bake bat sentitzen duzunean, une hori? Bada hori kontatzen da ‘Endorfina’ abestian.

Zenbat poeta kaxkar sortzen dituen maitasunak ezta?

Zure ustez sekulakoa egin duzunean eta parean duzuna ezer gertatuko ez balitz bezala ikustean, edota zu burugogor eta bestea zuri poesia kontatzen, egoera oso bitxia da bai!

‘Sobresalto’ lanetik hona ez da hausturarik egon, jarraipen modukoa da ‘Sinapsis’, nahiz eta ekoizpen oso landua izan duen.

Konposatzaile batzuek ekoizpenean pentsatzen dute, nik ez. Konposatzen dudanean nire terapia egiten ari naiz eta nahi dudana egiten dut. Orain saiatzen nabil beste modu horretara konposatzen, baina ez dakit lortuko dudan edo erabiliko dudan. Santos & Fluren izan dira ekoizleak eta gure esentzia mantendu dute eta hortik aparte lotura polita egin dugu gure artean. Egia da orain batzuk ez dakit nolako fusioak eta abar egiten dituztela, magia egiten dute, nahiko nuke nik halako zerbait egin, baina ez da horrela!

Ekoizlea sartzen denean aukeratzen ere jakin behar da, ordea.

Estudioan dena guk jo genuen eta kantuaren hezurdura horrela sortu da. Nik nahikoa argi izaten dut zer nahi dudan eta zer ez eta zalantza badut, dakien baten esku uzten dut. Grabatzen asko disfrutatu genuen, terrazara irten, garagardo bat edan, denbora joan zaigula konturatu eta berriz ere grabatzera itzuli. Horrela grabatu dugu lana.

Urtebetetze opari modukoa izan da zuretzat, ezta?

Egutegi gogaikarri hori osatu behar eta martxoa jarri zen mahai gainean eta abar eta eskatu nien mesedez nire urtebetetze egunerako kaleratu zedila. Maiatzaren 13koa naiz eta 14an kaleratu zen eta niretzako egoera surrealista bat eman zen, Altafonten elkarrizketak ematen nituen bitartean zoriontzen nindutelako. Oparirik ederrena izan da.

Diskoan instrumentuak jotzen taldekideez aparte beste inor izan al da?

Santos eta Fluren bai, baina gainerakoak taldekideak dira. Leire (Celestino) badago eta ez dago, irakaslea delako eta ezin duelako beti egon, baina gainerakoak egon ziren eta badakite berek nahi duten arte nirekin egongo direla. Ander Arlegi baxuan, Ibai Sanz gitarrarekin, Aritz Legarrea baterian eta Gorka Cia gitarrarekin. Leirek teklatuak jo eta koroak egiten ditu.

Telebistan zineneko arrakasta ikusita, beren tokia zalantzan ikusi zuten?

Nik uste ezetz. Jendea oso ahozabala da eta esaten zieten hortik aurrera ez zutela nirekin joko. Castingera joan nintzenean haiei galdetu eta gero izan zen, baimena eskatu nien. Banekien taldearen irudia nintzela eta horregatik galdetu nien, eta ezetz esan izan bazidaten, akaso ez nintzen joango. Hortaz, haiek bazekiten taldearen izenean nindoala. Dena dela jendeari halakoetan ez diogu jaramonik egiten, oso ondo pasatzen dugu entzuten ditugunak entzunda, izan ere bizitzak berak ematen die zaplastakoa bueltan.

Operación Triunfoko lehiakideen artean, musikan ibilbide luzeena zuk zeneukan sartu aurretik?

Nia eta biok izango ginen bide luzeena genuenak. 3indarrok elektrotxarangan lau urtez kaleetan kinkiarena egiten, Iruñeko Orfeoian, Biluzik taldean, gospel abesbatza batean, musika eskolan… Pila bat tokitan izan naiz eta toki guztietan, denetan, ikasten da zerbait. Ez naiz oso argia, baina gauza hauetarako bai. Leku guztietan jasotzen dudan horretatik merezi duena gordetzen dut eta gustatzen ez zaidana baztertzen dut eta aurrera jarraitu. Hortaz, askori arraroa egingo zaio bi mutur horietan ibiltzea, baina beren kontua da hori.

Anne Lukinekin egon zinen lehiaketan eta biok euskarazko lehen abestia kantatu zenuten. Hari egindako galdera bera luzatuko dizut: Zure esku egongo balitz, ‘Ilargia’ abestuko zenukeen?

Ez. Kameretatik kanpo galdetu zidaten eta ziurrenik Kerobiaren ‘Agur Anna’, Katamaloren ‘Betazalak erauztean’ eta Kautaren ‘Nostalgia’ pasa nizkien eta besteren bat ere bai. Baina nerabeen ereserki bat eskatu zidaten eta ‘Ilargia’ bada hori eta niri ere asko eman didan taldea da Ken Zazpi. Bizitzan markatzen zaituzten abestiak badaude, eta ‘Ilargia’ bada horietako bat.

Kerobia aipatu duzu eta Xabi Bandinirekin ‘Zalantza eta egia’ abestian ikusi zaitugu.

Oso fana naiz, Hatortxu batean ikusi nituen, herrian bertan, 17 urte edo nituela, Irati nire lagunak joateko esanda. Ni normalean halako plan guztietara animatzen naiz eta entzuten dut parean jartzen didaten taldea eta gero errepikatzen dut edo ez. Xabi Bandini musikaria da, konposatzailea da, baina ‘performerra’ ere bada eta oso fan bihurtu nintzen. Lotura bat sentitu nuen, uste dut musika garuneko toki berean dugula biok. Gerora, beranduago, 25 urte nituela lagun baten bitartez ezagutu ginen eta elkarrekin abestu genuen. Oso urduri egon nintzela ere aitortu behar dut, halako txoriburua naizelako batzuetan. OTra joan aurretik bere buruan zuen ideia kontatu zidan eta, gero, atera nintzenean, berriz ere gogorarazi zidan berriz ere, baina lasai hartzeko esanda, akaso denborarik ez nuela izango-eta. Horretarako jakina banuela denbora!

‘Selección natural’ abestian halako barne gatazka bati buruz ari zara, norbera zaintzea eta egoismoa jartzen dituzu aurrez aurre. ‘Somatropinan’ ere esaten duzu «Hazte la normal, no delante de ese anormal», hori ere bada autobabeserako mezua.

Niri asko kostatzen zait jendearekin komunikatzea. Adibidez, toki batean zortzi pertsona elkartzen gara eta bat ez badut ezagutzen, kolapsatu egiten naiz eta hor hasten naiz nire buruari esanaz ez dela nabaritu behar, ez nagoela eroso… Eta gero parekoa anormal hutsa da eta zure burua alferrikako estualdi batetik pasarazi duzu. Behin gertatu zitzaidan teknikari batek esan zidala, «Zeinen polita eta gitarra ere bai. Ala, jotzen daki-eta!» eta horrelako gauzak. Nik argi esan nion, «Aizu soineko loreduna jantzita izango dut, ahots hau izango da nirea, baina arazotan sartuko zara nirekin». Bakoitza den bezalakoa da eta kito. Gerora, kantu honekin terapia asko egin dut eta bi zatitan idatzi dut. Sistematik kanpo sentitzen naiz askotan eta hori kanporatzea terapia handia da. Gero OT barruan ikusi dut beste zerbait ere banaizela. Bizitza erreala baina dimentsio txikietan da hura. Hartara, jendea kaleratzen zutenean negar egiten nuen eta abar, baina segidan pasatzen zitzaidan, bakoitzak bereari begiratzen ziolako bertan. Prest egon behar zen kaleratua izateko edo aurrera egiteko. Eta ni ez nengoen prest eta gaiztoa nintzela sentitzen nuen, norbait kaleratu eta aurrera jarraitzean berekoia izan nintzelako, baina kasu horretan berekoikeria hori ez zen txarra eta hori ikasi dut. Hori kontatzen dut abestian.

‘Adrenalina’ abestian Zahara izan duzu alboan. Adrenalina txutea ezta?

Nik betidanik esaten nien taldekideei Xabi Bandinirekin eta Zahararekin abestu nahi nuela. Pena bakarra da ez dugula elkarrekin konposatu, baina bidean badut abesti bat eta espero dut arantza hori aterako dudala. Madrilgo Rivieran ikusi nuen aurrekoan, ‘Puta’ lana aurkezten, eta sekulakoa da. Nahi duena egiten du Zaharak. Orain lanpetuta dabil, baina ea aurrerago kantu horri forma ematen diogun.


‘Serotonina’-n oinordetzan jasotako depresioa aipatzen duzu. Ez dut oso ongi ulertu.

Serotonina entzutean poztasuna espero duzu eta ni serotonina horren faltaz ari naiz. Serotonina faltak, depresioa ekar dezake. Murphyz ere abesten dut bertan, nire txakurra ikusi nuenean ere oso txikia sentitu nintzelako. Abestia tren batean idazten hasi nintzen, beste trena ari zen mugitzen eta sentsazioa zen gu ginela mugitzen ari ginenak. Halako ideia zaparrada kaotiko batetik atera zen abestia, nire bizitza ere pixka bat horrela baita. Aitak depresioa pairatu du aspalditik eta psikologia ikasten hasi nintzenean horri beldurra hartu nion. Izan ere serotonina asko edo gutxi eduki daiteke, S handia edota S txikia, eta nik ez dut nahi S txikia eduki. Baina nire psikologoak esaten dit berdin duela, gero bakoitzak daraman bizitzan dagoela gakoa eta ni zoriontsu izaten saiatzen naiz.

Disko fisikoan, digitalean ez, ‘Incostantes vitales’ ezkutuko kantua entzun daiteke, Murphyri, zure txakurrari idatzia.

Psikologoarekin hitz egin nuen aurrekoan, galdetzen zidan ea zerk ematen didan energia. Lanean topera jartzen naiz askotan eta, bat-batean, erori egiten naiz, gaixo, sukarrarekin eta abar. Hala, esan zidan ea horri aurre egiteko energia zerk ematen zidan bilatzeko eta Murphy da etortzen zaidan gauza bakarra burura. Nire ideia onenak beti bera ondoan dudala etorri zaizkit, nire unerik onenak harekin izan dira.

Filantropia munduan sartuko zarela esango dute.

Nire sareetan lehen egiten nuen gauza bera egiten dut. Jendeak orain usteko du pertsona oso ona naizela eta halako gauzak. Baina ez naiz inor baino gehiago, txakurrak maite ditut, jatea ere bai eta hori da Instagramen gehien ikusten den gauza. Hortaz, faltsua da orain munduko onena naizela. Lehen nintzen pertsona bera naiz.

Basandere kantua eginda, Nafarroako enbaxadore bilakatu zarela esan daiteke?

Eskaera egin zidaten eta zeri buruz idatzi pentsatu behar izan nuen. Nire lurraren toki ederrenak etorri zitzaizkidan burura baina konturatu naiz Nafarroatik kanpora nagoenean ez naizela etxean bezala sentitzen. Energia feminista bat badugula uste dut, halako heziketa feminista desberdin bat izan dugula esan daiteke, sorgin heziketa-edo, eta hemengo emakumeak dira kanpoan nagoenean gogoratzen ditudanak. Sorginen istorioa kontatu nion Diego Arroyori, Veintiuno taldeko konposatzaileari, hark asko idatzi dituelako gisa honetakoak eta berak segidan «Hau basandere da» esan zidan. Gero etxekoekin hitz eginda ‘Golondrinas’ jota, ‘Baldorba’ abestia… sartu ditugu bertan. Lan oso polita izan da niretzako.



Etxean emango duzu datorren kontzertua, gainera.

Iruñeko Ziudadelan izango naiz ekainaren 26an eta atzetik Murtzian eta Castro Urdialesen izango naiz eta abuztuan A Coruñan. Galiziarekin maiteminduta nago, duela gutxi Santiagon izan nintzen eta ez nuen ezagutzen, idilikoa iruditu zitzaidan tokian, pelikula baten dekoratua dirudi. Itzultzeko gogoz nago. Ziudadelakoa berriz berezia izango da, mila bider ikusi dugun oholtza da eta bertan ikusi nuen nire talde gogokoena lehen aldiz, Love of Lesbian.

Azken hiru kantak aipatuz bukatu behar dugu elkarrizketa: ‘Oxitocina’, ‘Fusión de nucleo’ eta ‘Progresterona’. Orgasmo aurreko fasetik haurdun geratzen den unerainoko bidaia kimikoa egiten dugu. Nahita lotuta daude?

Ez zegoen horrela pentsatuta, baina ongi geratzen da eta akaso horrela aurkeztuko ditut hemendik aurrera e? ‘Oxitocina’ sexualitatearekin izandako erlazio arraroaz ari naiz, haserre nintzen nire sexualitaterekin eta hori askatzen dut hor. ‘Fusión de nucleo’-n gauza asko dago batera: OTtik atera, maskarak jantzi behar, etxeratze agindua, itxialdia, Twitterreko mezu negatiboak, sexualitatea… dena nahastu da bertan eta leherketa moduko bat da. Idatzi nuen garaian asko lagundu zidan, gainera. ‘Progresterona’ nire lehengusinak bizi duen egoera batetik sortzen da, endometriosia du eta kosta egin zitzaion haurdun geratzea. Kontatu zidan bai bera eta baita emakume gehiago ere umea edukitzeko saiakeran askotan oso bakarrik sentitzen direla, abortuak izaten dituztenean eta abar. Horri buruz hitz egitea garrantzitsua iruditzen zitzaidan, tabu bezalako hori kentzeko. Abestian, adibidez, momentu batean «soy aire» diot, umetokia puztuz proba bat egiten dietelako eta haurdun dagoenaren sentsazioa bizitzen zuelako nire lehengusinak, nahiz eta ez zegoen. Hori kontatzen zidan eta gogorra iruditzen zitzaidan. Gauzak horrela, kantua esaldiz esaldi bideoklip batekin azaldu nahiko nuke Laura lehengusina lagun dudala.

Guztia azalduta geratu da hortaz, ea Euskal Herrian aukera gehiago izaten dituzun eta zure emanaldiez gozatzen dugun.

Jotzeko aukera ematen badidate ziur bertan izango naizela!

Jaurlaritza Logoa