Live

«Bizipenetatik buruan pelikulak sortu, eta irudi horietatik sortzen ditut kantuak»

Maren Berzosak lehen disko luzea kaleratu berri du, ‘Margaritas y lavanda’ deiturikoa. Abesti asko aurretik ere ezagutzen genituen arren, buelta bat eman eta kasik disko kontzeptual bat egin duela esan dezakegu musikari bizkaitarrak. MusikHaria saioan kontatu dizkigu lanaren nondik norakoak.

Audio_placeholder

«Bizipenetatik buruan pelikulak sortu, eta irudi horietatik sortzen ditut kantuak»

Loading player...
Kamera analogiko batekin egindako argazkiak hautatu ditu Marenek ‘Margaritas y lavanda’ aurkezteko. (Bea BERZOSA)
Kamera analogiko batekin egindako argazkiak hautatu ditu Marenek ‘Margaritas y lavanda’ aurkezteko. (Bea BERZOSA)

«Nik uste dut ondo kozinatzen dudala, gauza gutxi, baina goxoak, egun bakarra irauten dute etxean!» aitortu du barrez Marenek Musikharia saioan. Guk badakigu kozinatzen duela sare sozialetan konpartitzen dituelako bere postre goxoak. Jakina da ere furgonetan lo egitea eta ilunabarrak gustoko dituela, skatean trebea dela eta izugarri maite dituela ama eta amama. «Badakizu? ‘Margarette, todos lloran por ti’ bideokliperako margaritak amamak hartu zituen landa batetik» kontatu digu.

Bizkaieraz eta abiadura bizian erantzun ditu Musikharian saioko galderak Marenek. Berriki kaleratu du ‘Margaritas y lavanda’ (Hook Ediciones Musicales) diskoa eta hura aurkeztera etorri da Naiz Irratira. Garai bereziak badira ere, kontzertu bira prest du, izango da (eta guztia salduta, gainera) Bilbon, Madrilen, Bartzelonan eta baita Esteponako (Malaga) zezen plazan ere. Berezia da azken hau, kontutan hartzen bada Marenek ez duela ugaztun haragirik jaten. Baina ez da hori problema berarentzako, «erabiliko dugu leku hau gauza eder bat egiteko! Hemen gauza txarrak bakarrik pasatzen dira eta guk gauza polit bat egingo dugu!». Ilusioa nabaritzen da Marenen hitzetan. Ez dakiguna da ilusio hori Marenena ote den edo Margarettena. 

Alter egoarekin bizitzea
Maren eta Margarette. Benetakoa eta alter egoa. Elkarren beharra dute biak eta elkarrekin sortzen dituzte kantuak. «Duela urte bete sortu nuen Margarette eta konturatu nintzen idazterako orduan tresna super aberasgarria zela pentsatzen nituen gauzak beste modu batean esateko». Margarette poz-pozik dago kalean, bera da publikoki erakusten den irudia, geldiezina da. Maren, aldiz, etxean, ezin kalera atera. «Nor naizen eta nor izan nahi dudan nahasten dira. Gaur bat banaiz, bihar bestea izango naiz».

18 urte baditu ere, nortasun propioa duten hamar kantu borobil sortu ditu abeslari bizkaitarrak. Non dream-pop doinuak uztartzen diren, eta bere ahots goxoa beste instrumentu bat gehiago bilakatzen den ia-ia. Kantuak pertsonalak dira oso, barrutik idatzitakoak «nire bizipenetatik pelikulak sortzen ditut buruan, eta gero irudi horiek kantura eramaten ditut» dio. ‘El dia que bajé las escaleras’ kantuan adibidez, 8 urte zituenean bizitutako pasarte bati egiten dio aipamena: «Nire ustez momentu hori izan zen nagusia egiteko modu bat, esnatzeko modu bat». 

14 urterekin kaleratu zuen bere lehen kantua Marenek eta, geroztik abesti ugari sortu baditu ere, ‘Margaritas y lavanda’ diskoan bildutakoak azken bizpahiru urtetan idatziak dira. «Ez dut propio diskotik kanpora kanturik utzi, uste dut lan honetan oraingo kantuak behar nituela sartu, 16-18 urterekin idatzitakoak. Kontzertuetan kantatuko ditudanak dira eta ez banaiz identifikatuta sentitzen esaten dudanarekin, zailagoa da...».

Bere kantuetan hitz egiten du eguzkiaz, zaintzaz, norbera izateaz, erruaz... «betidanik eduki dut erruaren kontzeptua oso markatuta. Bizitzan gertatzen zaizkizun gauzak onak edo txarrak dira, baina momentu txar batean egoteak ez du esan nahi ezin zarenik pozik egon. Gauza txarrak gertatzen diren bitartean zoriontsu izateko eskubidea duzula dio ‘Cualquier cosa que diga yo’ kantuak, errua alde batera utzi behar da».

Bizipen pertsonal batetik sortutako beste kantu bat da ‘Margarette, todos lloran por ti’. Elkarren arteko konpetentziaz hausnartzen du ,«musika munduan beti dago nik ulertzen ez dudan konpetentzia bat. Badago jendea poztuko dena zuri zerbait gaizki ateratzen bazaizu...eta horren aurrean idatzi nuen kantu hau». 

Musikarien artean konpetentzia badagoela dio, baina baita aliantzak ere, eta disko honetan bizitu du hori, justu, ‘Margarette, todos lloran por ti’ kantuan. Anni B Sweet musikariarekin sortutako kantua ahizpatasun adibide bezala har daiteke. Musikari andaluziarrak Marenen kantu bat konpartitu zuen sare sozialetan. «Bua! niretzat erreferente bat da!» dio, «uste dut udan hasi zela sare sozialetan ni jarraitzen, eta esan zidan, nik hala nahi banuen, koroak egingo zizkidala kantu batean. Eta nik: koroak? Ez, ez, kantu bat egingo dugu elkarrekin!» eta horrela sortu zen ‘Margarette, todos lloran por ti’. Hain zuzen kantu horren bideoklipean agertzen dira Marenen amonak hartutako bitxiloreak. Itsasertzean grabatutako bideoklipean, amaren ezkontza soinekoa jantzita agertzen da Maren, ukitu berezi batekin, zilar koloreko bota altuak; berak dion moduan «el toque Bowie».

Heldutasun handiko debut diskoa
Berea hasi eta bukatu behar den diskoa dela dio Marenek. Diskoa nolakoa izango zen irudikatu genezakeen, hilabete batzuk lehenago egindako kantu aurrerapenei esker. Horietako bi, gutxienez, ‘Fotosíntesis’ eta ‘Te invito a mi piscina (para matarte)’ aldatuta entzun ditugu diskoan. Lehendabizikoan berriro egin dute nahasteka eta bigarrena berriro grabatu: «Asko gustatzen zait bigarren abesti horren zuzenekoa, oso ondo pasatzen dut eta sentsazio hori izateko zuzenekoan bezala grabatu dugu diskorako».

Ia-ia disko kontzeptuala osatu duela esan genezake, batez ere kantuak diskoan jarritako ordenagatik. Hartara, lana kaleratu zuenean emandako gomendio horrek zentzurik baduela konturatu gara behin diskoa osorik entzun eta gero.

Ekoizle lanak hein batean bere gain hartu baditu ere, Sergio Sastre ‘Reys’ eta Carlos Dueñas izan ditu ondoan Arctic Wave estudioan. Azken honek egin ditu kantuen nahasketak eta kanturen batean asko nabaritu da aldaketa. «Aurretik aurkeztu ditudan kantu ia denak bere horretan mantendu ditugu eta bakarren bat berriz grabatu, izan ere, aurkeztu nituen horiek demoak edo zirela esan dezakegu. Baina nahasketetan aldaketaren bat edo beste egin dugunez, kantu batzuek beste itxura bat dute orain eta nabaritzen da. Askok esan digun zerbait izan da, gainera».

Zuzeneko banda osatzen dutenez gainera jende gehiagok ere hartu du parte. «Zuzenekoetara ezin dut orkestra bat eraman eta sokak Miguel Lara madrildarrak grabatu ditu. Zuzenekoetan bateria Gloria Maurelek jotzen duen arren Nacho Garcíak grabatu du, baxua Marc Sospedrak eta teklatuak Edu Martinezek. Niretzat horrelako musikari profesionalekin jotzeak garrantzia handia du, erraztasun handiak eman dizkidate baina, aldi berean, errespetua ere ematen du. Zer esan behar diot nik Sidonie bezalako talde batean jotzen duenari? Baina taldetxo bat osatu dugu eta oso pozik nago horrekin».

‘Aeropuerto’ kantuaren aitzakian ea hegan dabilela sentitzen ote duen galdetuta, zer erantzun digu Marenek: «Uste dut gauzak asimilatzeko denborarik ez dudala izan, eta denbora izan dudanetan ez dut lainotik jaitsi nahi izan». Une gozoak bizitzen ari denaren adierazgarri dira hitzok.

Maren eta Margaretten artean osatu dute diskoa, baina badago hirugarren bat, bai ala bai, aipatu beharrekoa, Marenen ama, Bea Berzosa. Buru-belarri egin dute lan disko honek argia ikusteko. «Amak eta biok egin dugu diskoaren diseinua. Kamera analogiko batekin argazkiak atera genituen eta guk egin dugu zuzenketa artistikoa. Nik asko eskertzen diot egin duen guztia. Nire ama ez balitz horrelakoa, ni ez nintzateke arituko gauza hauek egiten».

Jaurlaritza Logoa