Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Aurreneko singlean taldea aurkeztu nahi izan nuen eta bigarrenean nor naizen ni, pianoarekin»

Lehen diskoa kaleratu berri du Idoia Asurmendi (Aramaio, 2000) musikariak, ‘Ilun eta Abar’. Ezohiko urte batean oparotasunarekin topo egin du Idoiak eta 8 kantuz osatutako lana kaleratu berri du. MusikHaria saioan izan da diskoaren nondik norakoak kontatzeko.

Audio_placeholder

«Aurreneko singlean taldea aurkeztu nahi izan nuen eta bigarrenean nor naizen ni, pianoarekin»

Loading player...
Bakarkako lehen diskoa kaleratu berri duen arren, hasiera emankorra izaten ari da Idoiarentzat.
Bakarkako lehen diskoa kaleratu berri duen arren, hasiera emankorra izaten ari da Idoiarentzat.

Donostiako Muir estudioan sartu zenetik hilabete batzuk pasa ostean argitaratu du bere estreinako diskoa Idoiak, ‘Ilun eta abar’. Denetariko abestiak entzun daitezke bertan, baina guztiek ere barruan ditugun sentimenduak azaleratzeko balio dute. Bai dituen mezuengatik, baita doinuengatik ere.

‘Ilun eta abar’ kontzeptua nondik galdetu diogu Idoiari, horrelaxe izena baitu bere lehen lanak eta azalpenak hein batean badu bizi duen etapa berriarekin lotura: «Estetikoki asko gustatzen zaidan kontzeptua da eta Donostian bizi naizenetik ilunabarrak asko gustatzen zaizkidala konturatu naiz. Hortik dator kontzeptua, baina esan behar dut ‘eta abar’ hori bakoitzak nahi duena dela».

‘Munstroa‘ ez da sehaska kantu bat baina bada gertu dagoen zerbait. «Gauez zein egunez entzun daitekeen kantua da. Diskoari izena eman nionean, ez nuen halakorik buruan baina ilunabarra hasi eta bukatu arteko pasarteak jasotzen dituela konturatu nintzen. Hala, kantak dauden ordenak ere hori iradoki nahi du. Abesti honetan Oriol Flores, Joanes Ederra, Andoni García, Sergio Valdeíta eta bostok gaude. Baina, horrez gainera, Amaia eta Nora, hurbileko bi lagun aritu dira koroetan. Diskoaren prozesua nik bezain beste bizi izan dute, ondoan izan ditut, eta estudiora gonbidatu nituen egun batean abesten bukatu zuten. Agian akabatuko naute hau kontatu eta gero».

Jesus Guridi kontserbatorioan hainbat urte eman ditu musika ikasketak burutzen aramaioarrak. Baina Euskadiko Gazteen Abesbatzan ere abestu du eta, egun, Musikenen dabil pedagogia musikala ikasten. «Eskatzen den maila altua izan arren, nire saltsan nago eta musikariz inguratuta, benetan pozik egiten ari naizenarekin», kontatu digu Idoiak

Etxeko berotasuna dario diskoari
Familia musikazalea du eta bertako kideak abesten entzun daitezke ‘Viejo refranero’ abestian. Aitona da kantuaren sarreran entzuten dena eta bukaeran guztiek elkarrekin abesten dute: «Udan elkartu ginen batean grabatu nien kantuan familiakoei, oso ongi pasa genuen egun hartan. Aitonak askotan abesten du ‘Cielito lindo‘ abesti ezaguna eta han esaten moduan, abestu eta ez negarrik egin. Horixe esaten dut kantuan, bihotzak abestuz pozten direla, alegia. Aitonak esaera zahar asko erabiltzen ditu eta horregatik izena du horrela abestiak eta gaitegia ere bere bizitzaren bueltan dago, ikazkina izan zelako Artatzako aitona». Pandero hotsak ere entzuten dira eta haiek Idoiak berak jo ditu; akordeoia berriz, Garazi Esnaolak.

Nola diren kontuak, estudioko lehen esperientzia trikiti mundutik etorri zitzaiola Idoia Asurmendiri. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak kaleratu zuen ’Zintzilik’ izeneko bilduma batean hartu zuen parte eta hura izan zen estudiora lehenengoz sartu zen aldia, 2017an. Urte berean, ‘Hitzetan‘ kantua grabatu zuen: «Nire lehenengo abestia izan zen eta eskolako lan baterako sortua izan zen. Xabi Igoa bertsolariarekin harremanetan jarri nintzen eta beste hiru lagunekin batera bideo bat egin genuen. Lau urte pasa direnik ere ez du ematen. Orain berriro grabatu dut eta bi bertsioak asko gustatzen zaizkit. Lehendabiziko hark badu bere xarma, lehen bertsioa delako eta lau urte pasa direlako. Beste musikari batzuk jo dute albumean eta beste soinu bat hartu du, folk ukitu gehiago du eta asko gustatu zait nola geratu den. Jendea harritzen da aldaketarekin, baina berez duen xarmari eusten dio kantuak eta hori ere pozgarria da».

Americana kutsua hartzen du kantuak, instrumentu akustikoekin jo delako. «Estilo desberdin asko landu ditugu diskoan eta aberasgarria delakoan nago, norberaren musika ezin etiketatzea interesgarria dela uste dut». Azaroaren 25aren bueltan sortutako kantua izan zen, Xabi Igoak eta biak elkarrekin egin zituzten kantuen hitzak: «Ongi dago institutuan halako gauzak egiteko aukera izatea, erreferente horiek ezagutzera emateaz gainera sorkuntza lantzen delako. ‘Beldur barik’ lehiaketarako sortu genuen eta irabaztea ere lortu genuen gainera. Hortaz, institutua, irakaslea eta ikaskideak pozarren ziren kantuarekin».

2020 emankorra
Urte ona izan da 2020a Idoiarentzat. Kutxa Kultur egonaldia, Chillida Lekun kontzertua, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlana, Olatz Salvadorren diskoan parte hartzea… eta guztia ezer argitaratu gabe, ahoz-ahokoarekin. «Urte oso-oso ona izan da, gauza asko gertatu zaizkidalako eta guztiak onak. Hori kudeatzen jakin beharra dago, jakina, emozio oso indartsuak bizi izan ditudalako. Orkestrarekin abestea, esaterako, sekulakoa izan da. Umetatik maite izan dudan zerbait da orkestra mundua eta etxera iristean esan nien etxekoei, ez nuela halakorik sekula bizi izan bizitzako inongo esparrutan. Abenduaren 12a egutegian betirako izango dut markatuta. Olatzekin elkarlana egiteak eta gertutik ezagutu izanak txip aldaketa bat ekarri du niretzako. Olatz, Eñaut, Izaro… erreferenteak izan dira eta izango dira niretzat eta bat-batean haiekin oholtza partekatzen ikusten duzunean zure burua, aldaketa handia da eta arraroa ere bada. Hortaz, kontziente naiz dena oso positiboa izan dela, une batzuetan zaila izan den arren».

‘Viejo refranero’ abestiaren bertsio berezia ere osatu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. «Fernando Velázquez udan jarri zen nirekin harremanetan eta esan zidan ea zerbait nahi nuen grabatu Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Berehala eman nion baiezkoa. Irailean joan nintzen haien egoitzara eta orduan grabatutakoa da diskoan entzun daitekeen abestia», esan digu Idoiak.

Etxekoak musikazaleak direla argi geratu da beste behin, ‘Mundo al revés’ abestia Bea eta Nerea ahizpekin batera grabatu duelako hiruetan gazteenak. «Beak 7 urte daramatza Londresen eta egun Jazz estiloan kantu masterra egiten ari da; gainera, beti izan da gertuen eduki dudan erreferente musikala. Nerea, berriz, ez da musika munduan ibiltzen baina oso ongi abesten du. Hartara, hirurek elkarrekin abesteak ilusio berezia sortzen zidan eta, Bea ikasten ari den hori kontuan izanda, bossanova kantua egin dut bere soloa eduki dezan eta ikasten ari den hori entzun dadin», azaldu digu Idoiak.

‘Lo kanta’ eta ‘Aulki jokoa’ izan ziren diskoaren aurrerapen kantuak. «Lehendabiziko singlean taldea aurkeztu nahi izan nuen eta bigarrenean nor nintzen ni, nire pianoarekin. Mezu aldetik nahiko argiak dira, azalpen askorik ez dute behar. Baina ‘Aulki jokoa’ bada berezia, Maria Oses eta bion artean sortutako lehen kantua delako, proiektuaren hastapenetan idatzia eta berezia zen niretzako hori aurkeztea».

Eñaut Elorrietaren kolaborazioa izan du ‘25. artikulua‘ balada energikoan, baina harremana aurretik dator: «Duela sei urte, Nafarroako kanpin batean izan zen kantu afari batera etorri zen eta ni oso fana nintzen. Berarengana joan eta ea elkarrekin abestuko genuen esan nion. Ordutik ona harreman askorik ez dugu izan, baian batak bestearen pista jarraitu du. Kantu hau idazten hasi nintzenean, bere ahotsa entzuten nuen eta harremanetan jarri nintzen ea parte hartu nahi zuen galdetzeko eta baiezkoa eman zidan. Oso eskertuta nago, orain harreman oso polita daukagulako eta bere alea jarri duelako nire disko honetarako. Hitzak Maria Osesekin elkarlanean idatzita daude, elkartasunari egindako abestia da eta geroz eta jende gehiagok abestu edota jo, zentzu gehiago hartuko du abestiak. Hartara, elkarlanean idazteak badu bere zentzua».

Udaberrian aurkezpen kontzertuak
Ostiral honetan, 30ean, Gasteizko Jimmy Jazzen, Maiatzaren 7an Bilboko Bidebarrieta Liburutegian eta 9an Donostiako Antzoki Zaharrean izango dira lehen hitzorduak. Baina, atzetik gehiago ere badatoz: Otxandio, Iruñea, Arrasate, Zuma eta Azpeitia bisitatuko ditu Idoiak. «Gu zortedunak gara, talde asko geldirik daudelako eta guk kontzertuak ditugulako, toki berezietan gainera. Jimmy Jazzen eta Antzoki Zaharrean hainbat kontzertu ikusten izan naiz eta orain oholtzan izatea sekulakoa da, gainera lagun asko etorriko direla badakit eta gogotsu nago. Zuzeneko formazioan aurretik genbiltzanez gainera, Nacho Soto musikeneko ikasle asturiarra batu da teklatuak jotzeko. Hartara, Andoni Garcia, Joanes Ederra eta Karlos Aranceguirekin batera, boskotea osatuko dugu. Sotok teklatuak joko ditu, baina nik pianoa jotzen jarraituko dut zuzenean, ez dut hori utziko», gaineratu du Idoiak.

Diskoa kontzertuetan eskuratu daiteke, «lagunak eta familiakoak mareatu ondoren» mahai bat jarriko duelako emanaldi bakoitzean. Horrez gainera, Elkar, Fnac edota El Corte Inglés dendetan eskuratzeko modua izango da eta baita www.idoiaasurmendi.com webgune berrian ere.

Jaurlaritza Logoa