Live
«Gogorrena gure beldurrei aurre egitea izan da»
Alex Txikon Euskal Herrira itzuli berri da Manasluko espedizioa bukatutzat eman ondotik, baina ez da geldirik egotekoa eta gogotsu dagoela dio, buruan dituen proiektu eta jarduerei heltzeko. NAIZ Irratian izan da gaur goizean.
«Gogorrena gure beldurrei aurre egitea izan da»
Bi hilabeteko espedizioaren ondoren Manasluko gailurra zapaldu gabe itzuli dira Alex Txikon eta bere taldekideak Euskal Herrira. Ia atsedenik hartu gabe, «gogotsu» dagoela dio beste proiektu eta jarduera batzuei ekiteko, «irribarre on batekin».
Dagoeneko Euskal Herrira bueltan. Zer moduz zaude?
Oso ondo. Oso gustora hartzen da beti etxerako bidea. Udaberria ate joka daukagu eta gustora. Batzuetan neketsua izaten da, zure barneko hausnarketak izaten dituzulako azkeneko bi hilabete intentso horiek bizi ostean, gainera koronabirusaren arazoak jarraitzen du…
Bueltan zara baina atseden hartzeko tarterik hartu duzu edo ezin zara geldirik egon?
Azkenean denbora aprobetxatu beharra dago. Gogotsu zatoz, motibazio altuarekin, horman eskalatzeko eta beste jarduera batzuk berrartzeko gogoarekin. Aurten desberdina izan da, ze pasa den urtean martxoaren 9an edo bueltatu ginen eta segituan larrialdi egoera hau aktibatu zen. Buelta hori arraro samarra izan zen etxeko itxialdia zela-eta. Aurten egoera berdintsuan jarraitzen dugu baina saiatu gara irribarre on batekin aurre egiten… Hainbeste proiektu ditugu esku artean ba ez daukagula denbora askorik.
Himalaian egon zarete, Manaslu igo nahian. Tontorra ez duzue erdietsi, 7.000-7.200 metro ingurura iristea lortu zenuten. Helburu nagusia osorik itzultzea da baina ze sentsazioekin zatozte?
Sentsazioak onak dira. Baina gailurtxo bat ondo etorriko litzaiguke, bai pertsonalki eta baita gure nahi hori asetzeko ere. 2016tik Pumori, Ama Dablam eta zenbait tontor lortutakoak gara baina gure helburua ez dugu guztiz bete. Gorputzak tarteka eskatzen dizu tontor bat egitea. Aurten oso gertu geratu gara nahiz eta 1.000 metroko desnibelean geratu garen. Manaslun "bakailao" guztia behean dago, behin 2. kanpalekura helduta gainontzekoan ez duzu oztopo nagusirik.
Behe kanpalekura iristea ere ez da erraza ze elur asko pilatzen da, baina hori ere lortu genuen. Gero eguraldi ona topatu genuen, baina lehen eta bigarren kanpalekuen artean arrakala handia agertu zen... Hanka bat jada etxerako bidean ikusten genuen. Gure onena aterata gai izan ginen hirugarren kanpalekura iristeko, baina esfortzu asko egin eta gero ez dugu ordainsaririk izan… Otsailaren 19an eguraldi ona zegoen aurreikusita baina azkenean ia 100 kilometro orduko haize ufadekin ezin da ezer egin.
Beste alde batetik, K2 mendiko ezbeharra gertatu zen. Ali Sadpara anai bat baino gehiago zen. Horri ere psikologikoki buelta eman behar zaio. Lagun bat gelditzen zaizu bidean eta prozesu psikologiko gogorra eta intentsua izan zen. Egoera gogor horiei aurre egin eta gero errematatzea falta izan zitzaigun. Arantza hori daukat. Gero behe kanpalekuan prozesu desatsegina pasatzen duzu, taldekideen artean ere sortzen da tentsio moduko bat… Baina denbora pasa ahala pisua kentzen zoaz eta denborarekin gauzak hobetzen dira. Neguak gauza eder asko ditu baina gero esker txarrekoa da.
Neguak gauza eder asko ditu, baina gero esker txarrekoa da
Arrakala handi bat izan zenuten, haizea ere bortitza. Zer izan da espedizioko gauzarik gogorrena?
Gure beldurrei aurre egitea izan da gogorrena, inongo ezbairik gabe. K2ko espedizioak jasandako ezbeharraren ondotik, nolabait gure zentzu denak argiago azaleratzen ziren. Oztopo ezberdinak gainditzen zabiltza, inoiz inor pasa ez den lekuetan zabiltza eta ez dakizu zer aurkituko duzun. Beldur guzti horiei aurre egite hori izan zen psikologikoki gogorrena.
Beti aipatzen da menditik osorik itzultzea izaten dela helburua. Zuek hala egin duzue baina lehen aipatu dugu ez zutela zorte bera izan John Snorri, Juan Pablo Mohr eta Ali Sadpara alpinistek, K2-an gertatutako ezbeharrean desagertuak. Ze eragin izan zuen honek zuengan?
Neguko igoeretan gai zara zure barnean bizitzeko gertatzera doana; hau da, aurreikusteko behar hori momentu zail horiei gailentzeko. Estres momentu horiei aurre egiteko prest egon behar duzu.
Ez neukan susmo ona. Hiru egun lehenago Alirekin [Sadpara] hitz egin nuen whatsappetik, esan nion ez irteteko. Hurrengo 24 orduetan hitz egin nuen K2ko beheko kanpalekukoekin, esan zidaten motel heldu zirela hirugarren kanpalekura… Bidali zidaten argazki batzuk, kriston lainoa ikusi nuen. Ez ziren itzuli hirugarren kanpalekura ezta Aliren [Sadpara] semeak bertan daukan dendara… Eta 50 zero azpiko tenperaturan ezinezkoa da bizirik ateratzea. Hasten zara zure ondorioak ateratzen, Alik [Sadpara] eta Juan Pablok [Mohr] "walkie talkie" bana zeramatzaten… Lehenengo kolpe hori gogorra izaten da, ziztada bat; gero itxaropena ikusten duzu… Pentsatzen hasten zara eta hiru egun lo egin gabe eman genituen. Gogorra, bortitza… Eta gainera zu beste erronka baten aurrean zaude.
Eta bestalde, eragiten du baita nola izan den guztia. Horrelako ezbeharrak gertatzen direnean bozgorailua handitu egiten da eta milaka mezu jasotzen dituzu. Egun, hilabete pasa denean, beraien senideak izan ezik, inor ez da gogoratzen. Zarata guzti hori ere neketsua da eta mezu mingarri batzuk entzuten ditugu.
Horrelako ezbeharrak gertatzen direnean bozgorailua handitu egiten da eta milaka mezu jasotzen dituzu. Zarata guzti hori ere neketsua da eta mezu mingarri batzuk entzuten ditugu
Ali Sadpara zure gertuko laguna zen, Nanga Parbateko igoera bera eta Simone Mororekin egin zenuen. Espedizioa bertan behera uztea baloratu zenuen?
Sergiren istripuagaz [Sergi Mingote K2an zendu zen lehen kanpalekutik oinarrizkora jaistean eroriko bat izan ostean] behera jaitsi ginen errespetuz. Hor galtzen duzu motibazioa. Hori gertatu izan zitzaigun 2005eko Makalun ere bai… K2an egonez gero bertan behera utziko nuke, baina Nepalen ginen eta ez genuen laguntzeko aukerarik, soilik telefonoz egoera arintzeko aukera genuen. Planteatu genuen, baina ezer gutxi egin genezakeen eta jarraitu genuen. Horma zaila izan zen guretzako, momenturik zailena izan zen hori.
Aurreko espedizioetan asetuta itzuli naiz, baina ez oraingoan
Zer ikasi duzue azken espedizio honetatik?
Ikasketa segundu-segundukoa da. Ikasi ditut berba asko (barre egiten du). Manaslu gutxietsi bezala egin dugula ere iruditzen zait, ez diogu atera etekina momentu batzuei. Bestalde, taldean ikusi dut jendea itsututa dagoela sare-sozialekin eta hemendik aurrera ez dakit interneten kontu hori nola kudeatu, agian desatseginena izan da hori. Horren menpe egote hori desatsegina izan da. Ni neuk ez diot kasu askorik egiten eta nahiko arriskutsua iruditzen zait. Azkenean egiten dira gauzak zibermundu horri begira eta ez dut ikusten hori positiboa.
Eta orain, zein helburu dituzu?
Orain filmaketa batekin gabiltza. Lehen ataleko grabazioak egin ditugu Nepalen eta orain Sierra Leon eta Pakistanerako bidaiak prestatzen gaude. Gogotsu bueltatuko nintzateke Nepalera, gailurraren gogo horrekin geratu naiz. Aurreko espedizioetan asetuta itzuli naiz baina ez oraingoan.