Live
Eurodance ez, Agrodance deitzen diote berek egiten duten musikari Gora Etorri taldekoek: «euskaldunagoa eta baserritarragoa da egiten duguna», aipatu digu Katalin Garaitak. Parrandan asko entzun izan duten musika da egiten dutena. «Dantzagarria da, oso ondo pasatzeko musikaa eta horrek motibatu egiten gaitu. Plateruenan, esaterako, entzun zitekeen musika hori».
Sorkuntza prozesua bi modutara egiten dute. Batetik kantu propioak dituzte, eta, bestetik, bere egiten dituzten kantuak. «Ezjakinak gara eta ikasten goaz kantuak nola egin eta hori guztia. Letra zati bat etortzen da batzuetan, besteetan doinua eta horrek markatzen du sorkuntzaren erritmoa, ez daukagu patroi finkaturik», kontatu digu Magali Camarero taldeko abeslariak.
Ironia eta benetan gustuko duten hori nahasten dituzte kantuetan, batzuetan. Mezu zuzenagoak bestetan. ‘Domeketako maratoie’ kantua, esaterako errealitatearen isla bada. «Ni neu pilota ikusten egon nintzen aurreko igandean. Hartara kantua egiteko ideia gustatu zitzaigun, ironia asko duelako baina benetan gustatzen zaigun zerbait ere badelako», nabarmendu du Garaitak. Kantuaren oinarria lortzeko karaoke bat hartu zutela aitortu digute, baina beren kantu propioak euskal karaokeen inguruan Gabi de la Mazak duen kanalean gehitu ditu karaokea eginda eta horrek ilusioa egin zien Gora Etorrikoei.
Julene eta Magali dira betidanik abestea maite izan dutenak eta horregatik dira abeslariak, baina gainerakoek ere musikaren mundua maite dute. Hala, Durangoko gazte egunerako elkartu ziren eta bertan Hemendik at! taldearen kantu batzuen bertsioak egin behar zituzten. Horrez gainera, egun horretarako propio kantu bat sortu zuten. Hartara, orain horrela esaten dute: «Broma eskuetatik joan zaigu. Egun hartan mozorrotu, tontoarena egin eta kito, hori zen gure asmoa. Guk ondo pasatzearena. Kontua da bideoklipa egin genuela, irratitik deitu zigutela eta, horren ondorioz, tonto-tonto herriz-herri 30 emanaldi ematera iritsi garela», kontatu digute taldekideek.
Batzuk abesten duten bitartean, besteek publikoa animatzen dute. Eta itxialdian ere beren aletxoa gehitu zuten. «Beste taldeek kontzertuak egiten zituztela ikusita guk ere zerbait egiteko beharra genuen. Gauzak horrela, gu ere bizirik gaudela erakusten saiatu ginen. Behar genuen zerbait abestu eta dantza egitea eta etxean genituen gauzak hartu eta horrela osatu genuen bideoa», esan digute Gora Etorrikoek. «Bideoa nola egin ideiarik eduki gabe hasi ginen egiten eta emaitza txukuna geratu zen, hortaz, pozik geratu ginen. Denbora soberan genuen eta ondo pasatzen ari ginenez, ez zen halako lan kargarik izan, baina badakigu lana dagoela atzean», azpimarratu dute.
‘Beste bat’ saioak egiten dabiltza orain eta haietan denetariko musika sartu dute, ez parrandan entzuten duten musika soilik. «Dance eta disco musikaren bilakaera eta historia ekartzen saiatu gara eta bilakaerarekin jarraituko dugu datozenetan ere; eurodance musika edota italo-discoa ez dira faltako», aurreratu digu Magali Camarerok.
Kontzerturik ezin eman eta sorkuntza prozesua nahikoa geldik dute orain Gora Etorri taldekoek. «Kontzertuak behar ditugu adrenalina hori askatu eta gora etortzeko, eta horrek ekarriko du sorkuntza prozesua aktibatzea», kontatu digu Katalin Garaitak.
Hemendik at! taldearen aroa ezagutu ezaren nostalgiatik sortutako taldea da Gora Etorri. Nafarrek ‘Iragana’ diskoa atera zuten duela gutxi eta haien itzuleraren inguruan galdetuta, «sekulakoa» izango zela esan digute. «Haiek izan dira gure erreferente eta haiek zuzenean ikusi ez izanaren pena dugu. Egiten dugun musikaren lehen erreferentzia euskalduna dira ezbairik gabe», diote taldekideek.
Elkarrekin oholtzan ikustea, hori bai litzatekeela sekulako. Bitartean, haiek jarritako musikarekin gozatuko dugu urtarrila bukatu bitartean.