Live
Hautatu kolore bat eta zuri-beltzera eramango zaitu Habik, horixe egiten baitute diskoari izena ematen dion ‘Koloreak’ kantuarekin. Disko mardula, iluna, baina iluntasunetik argi izpi bat lortzeko nahia duena. Edo intentzio hori nabaritzen zaio behintzat.
2018an elkartu ziren Jon Ander Artola eta Yerai Gascón musika egiteko. «Hasiera batean laukotea ginen, baina bikoan geratu gara. Lokalean jarraitu genuen eta elkar ondo ulertzen genuela ikusita eta egiten ari ginen musikarekin pozik ginenez, aurrera jarraitu genuen», kontatu digu Villabonako bikoak MusikHaria saioan.
Sormen handia dutela nabari da, bi urtetan bi disko kaleratu dituztelako, biak Elkarren. Guztia kasualitatez izan zela esan digute: «Bertako soinu-ingeniaria ezagutu genuen, Victor Sanchez eta erdi-brometan hasi zen kontu batek Elkarren bi disko grabatzea ekarri du. Lehendabizikoa gure kontura kaleratu genuen eta ‘Koloreak’ elkarlanean».
Biko formatua izanik, diskoan jasotzen dena zuzenekoetara ahalik eta fidelen eramatea izaten da helburu nagusia gehienetan. Hauek ere hori egin nahi izan dute eta, horregatik, aldi berean jota grabatu dute. «Berezia izan da grabatzeko modua. Aurreko diskoarekin era batera egin genuen, baina oraingoan elkar ikusi gabe baina batera jota dago diskoa. Biak batera hasten genituen kantak eta batera bukatu elkarri keinu bat ere egin gabe. Berezia izan da», adierazi digu Gasconek. Victor Sanchez bateria-jotzailea ere bada eta Artolak kontatu digu asko ikasi duela grabaketan: «Gauza bat da bateria lokalean jotzea, eta, bestea, guztiz desberdina, estudioan. Victorrekin asko ikasi dut eta gainera material pila bat probatzeko aukera izan dut. Egia esanda, kantu pare bat grabatzen sufriarazi dit, baina pozik nago oso».
Uztailean herrian jo zuten kontzertuaz oso oroitzapen gozoa dute, «oso berezia» izan zelako. Duela egun gutxi, berriz, Durangoko Azokaren bueltan bi kontzertu eskaini dituzte. Bata Ahotsenean eta bestea Donostiako DabaDaba aretoan Dena taldearekin. «Bi esperientzia garrantzitsu izan dira guretzat. Ahotseneakoari esker ikusi ahal izan dugu nola jotzen dugun zuzenean. Irudi eta soinu kalitate oso onarekin eskaini zuten eta streaming bidezko kontzertuen kontu hau gustatu zaigu. Gainera, gure emanaldiak hobetzeko gauzak ere ikasi ditugu. Eta, DabaDabakoari buruz zer esan… Gu asko izan gara bertan kontzertuak ikusten eta orain oholtzara igotzeko aukera izatea sekulakoa da», pozarren esan digute Habikoek.
Goxotasuna eta indarra oso ondo uztartzen dituzte ‘Koloreak’ diskoan. Hitzak sakonak dira eta bakoitzak berera eraman ditzake luzatu dituzten mezuak. Baina ‘Pareidolia’ kantuaz ere galdetu diegu: «Egia da batzuk harrituta galdetu digutela kantuaren izenaz eta, kasualitatez edo jakingo dut, baina nire hiztegian nahikoa ohikoa den hitza da», dio Gasconek.
Diskoaren azala modu bitxian egin dute. Berek egina da. Bakoitzaren ileari argazki bat atera, Elkar estudioko moketari beste bat atera, guztia nahasi eta horrela sortu dute ‘Koloreak’ diskoaren azal beltza. Binilo hori-laranja erdi garden bat hautatu dute beren euskarri kuttun bezala. «Idazle batek liburu bat kaleratzen duenaren antzeko sentsazioa izango dela uste dugu. Guk biniloan nahi genuen zerbait kaleratu, ilusio handia egiten zigulako eta Elkarren aukera bazela esan zigutenean, ez genuen bi aldiz pentsatu», nabarmendu du Habikoek.
Bi data itxita dituzte eta gehiago ixteko bidean dira. Urtarrilaren 23an, Gernikako Astran izango dira Etxekalte taldeko lagunekin eta, martxoaren 13an, berriz, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean Zea Maysekin batera.
Bitartean elkarrizketa entzuteko moduan duzue, eta errotulagailu soinu bat ere entzungo da tartean. Izan ere, bi gauza aldi berean egiten aritu da Gascon elkarrizketak iraun duen bitartean: erantzuten eta marrazten. A zer nolako artista parea Habi taldekoak!