Zuzenean

Habi taldeko Yeray Gascon ari da asteazkenetako Beste Bat saioak gidatzen

2020ko abenduan izan zen Yeray Gascon MusikHaria saioan Jon Ander Artola taldekidea lagun zuela. Habi bikoa osatzen dute eta ‘Koloreak’ diskoa aurkezten izan ziren orduan. Yerayk bien izenean urriko Beste Bat saioetan hartu du parte orain, asteazken bazkalosteak berak musikatzen ditu Naiz Irratian.

Audio_placeholder

Habi taldeko Yeray Gascon ari da asteazkenetako Beste Bat saioak gidatzen

Loading player...
Jon Ander Artolak eta Yeray Gasconek osatzen dute Habi taldea.
Jon Ander Artolak eta Yeray Gasconek osatzen dute Habi taldea.

Villabonan sortutako bikoa da Habi eta azken lana Etxekalte Bermeoko taldearekin batera kaleratu dute, bi abestiz osatutako EPa. «Etxekalterekin harremana 2019ko Durangoko Azokatik dator. Batzuk besteei idatzi genien zorionduz haien musika zeinen gustuko genuen esanaz eta Durangon, topo egin ostean, parranda egin genuen. Handik aurrera, geratzen hasi ginen eta oholtzan kointziditu nahi genuenez, harremana handituz joan zen, harik eta bi kantu grabatzeko erabakia hartu genuen arte. Elkarrera joan ginen Victor Sanchezi estudioa eskatzeko, egun bakarra nahikoa genuen. Orduan Jituk jakin zuen gure asmoaren berri eta handitu egin zen hasierako proiektua. Bi kantu grabatu eta sarean partekatu asmoa genuen guk eta azkenean disko laburra eta hainbat kontzertutako gauza izaten bukatu du. Jendea Elkar argitaletxekoei idaztera animatzen dut, gu bezalako bi talderi, inpaktu handirik ez dugula, eman digutena ikusita, haiek gauzak egiteko gogoz daudenaren seinale da», azaldu digu Gasconek.

Bermeon, ordea, Etxekaltekoekin bakarrik ez, Perrerekin ere badu harremana Yeray Gasconek. Bere goitizenarekin, ‘Bele’ bezala sinatuta, kantu bat kaleratu zuten Perre eta biek. «Etxean egin genuen eta genituen baliabide apurrekin. Ez zegoen inor ekoizle lanetan edo esanaz zer egiten ari nintzen… Kantuak horrela abesteko eskatu zidan eta horrela egin nuen. Perre aurretik ezagutzen nuen, Urgatz taldeko gitarra-jotzailea delako. Urgatzen oso fanak ginen Habi bezala eta 2019 hasieran Igarako Gross-en antolatu genuen kontzertuan jo genuen elkarrekin. Sekulako harremana sortu zen hortik», kontatu digu Villabonako musikariak.

‘Bele’ ezizenaren jatorriaz ere galdetu diogu. «Interneteko natiboa naiz eta bertan ezizena behar izaten da. Crow edota Bele bezala sinatu izan dut. Baina musika entzuten hasi nintzenean ere denak belearekin zuen zerikusia, ‘The Black Crow’ abestia, ‘A Crow left of murderer’ diskoa, Jet Liren pelikula bateko erreferentzia eta haren bukaerako gitarra solo… Hori dena jasota, musika niretzat bele bat da, horregatik ‘Koloreak’ diskoko ‘Hegoak’ kantua ere», nabarmendu du Habiko kideak.

Beste bat saioetan rockaren bueltan aritu da gehien bat Gascon: «Erronka garrantzitsua zen lau orduz musikaz hitz egitearena. Hala, ezagutzen dudanaren inguruan aritu naiz orain arte. Musika mota hori denbora libreko monitore bati esker hasi nintzen ezagutzen. Orduan internetik ez eta Natxok pasatzen zizkidan diskoak. Orain, gainera, irratsaioa entzun zuenean Morphine taldearen berri ere eman zidan eta hura ezagutu dut Beste Bat saioei esker».

Jon Ander Artola, Habiko beste erdia, Onki Xinekin dabil orain kaleratu berri duten ‘Hikikomori’ lana aurkeztuz eta Yeray beste proiektu batean ere sartu berri da. «Jon Anderrek bezala, esandakoa jo besterik ez dut egiten sartu naizen proiektu honetan, ekoitzi beharrik gabe nola sentitzen naizen probatu nahi nuen». Habik eta Onki Xinek lokal berean entseatzen dutenez, ez dute sekula kointziditzen eta sormenarekin aurrera jarraitzen du Villabonako bikoak: «Habi beti dago gauzak sortzen eta, batzuetan, zuzenekoetan kantu berriak aurkezten ditugu, nahiz eta horiek gero akaso sekula ez diren euskarri batetara iristen».

Ostiral honetan, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izango dira Audience taldearekin batera eta, azaroaren 20an, Tolosako Bonberenean Etxekalterekin; ‘Arimak Denboran’ zuzenean eta jendea zutik dela aurkezteko aukera izango dute gisa horretara. «Pandemia garaian, egiari zor, zortea izan dugu, bi garenez edozein tokitan kabitzen garelako eta kontzertu dezente eman dugulako. Orain desertua etorriko da ordea, programatzaileek deitu gaituztelako orain arte eta hemendik aurrera agendak beteta daudelako. Ikusi egin behar», bukatu du Gasconek.

Jaurlaritza Logoa