Live
2020an abiatutako 'Etxeko Uzta' podcastaren adar bat da 'Pandemoniyua'. Elkarrizketa sorta zabal bat. Gure herriko sortzaileekin arituko gara solasean, pandemiak haien bizitzara eta lanetara ekarri duena ezagutu eta hausnartzeko. Arrate Rodriguez artista gonbidatu dugu.
Pandemia honek Mexikon harrapatu du Arrate Rodriguez, bertan bizi da dela denboraldi bat, Guadalajaran. «Ni oso sentibera naiz eta dena sentitzen dut x 1500. Hasieran? deskontrolatuta erabat, ez nituen nire emozioak ulertzen eta hori ez zait askotan gertatzen» esan digu Rodriguezek. 100 egun baino gehiago eman ditu konfinatuta «oso luzea, oso luzea» dio. «Paranoiak eta krisi existentzialak. Giro honekin, bihar mundua bukatuko dela pentsatzen oheratzen zara» dio Arratek. Asko meditatu duela dio, asko idatzi duela, autoterapia asko egin duela eta baita autokritika ere. «Ez dut eduki denbora paretari begira egoteko».
Pandemia honek bere lanean nola eragin dion galdetuta dio konfinatu aurretik oso enkargu politak jaso zituela. Horietako bat Aberri Egunerako kartela egitea «Euskal Herri osorako kartel bat!» dio, oraindik ere, emozionatuta. Baina pozak putzura....azkenean digitalki ospatu baitzen Aberri Eguna ere. «Ikatz kalean imajinatzen nuen nire kartela» dio barrez Arrate Rodriguezek.
Orain proiektu interesgarri batekin dabil lanean bere ahizparekin, Eider Rodriguez idazlearekin. Ari da sortzen liburu ilustratu bat, «13 urte elkarrekin lan egin gabe» esan du, «ia ia txoratu egin naiz» aitortu du. Baina esfortzu erraldoia ez da antzua izan: «ikusi dut zer ari nintzen mozorratzen perezaren atzean», eta maiz jabetzea da lanik zailena.
'Pademoniun' hitzak, grekeraz, deabru guztien bilkura edo aingeru guztien bilkura omen da. Gurean ez ditugu guzti-guztiak izango, baina bai, gure inguruko musikari, sortzaile, deabru eta aingeru lagin anitz bat.
'Pademoniun' hitzaren beste esanahia, nahaspila da, nahaspila eta kaosa...pandemia demonio honek gure herrira eta besteetara ekarri duena.