Live

Eli Pagola
Interview
Miren Cajaraville eta Manu Soto EHUko zientzilariak

«Zilarrezko nanomaterialak toxikoeneak dira organismo urtarrentzako»

Oso txikiak dira, baina eragin handia dute. Begi hutsez ikusi ez, baina itsasoan dauden eta eragin handia duten nanomaterialen inguruan aritu gara 'Gelditu Makinak' saioan Plentziako Itsas Espazioko kideekin.

Audio_placeholder

«Zilarrezko nanomaterialak toxikoeneak dira organismo urtarrentzako»

Loading player...
PIE ko kideak laginak hartzen [ARG. PIE-Plentziako Itsas Estazioa]
PIE ko kideak laginak hartzen [ARG. PIE-Plentziako Itsas Estazioa]

Plentziako Itsas Estazioa (PIE) ezagutu dugu Gelditu Makinak saioan. EHUko Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikerketa Zentroa da. Miren Cajaraville Biologia Zelularreko Katedraduna da UPV/EHUn eta 'Biologia zelularra ingurumen toxikologikoan' ikerketa taldeko burua. Talde horretako kide ere bada Manu Soto katedraduna, eta horretaz gain, PIEko zuzendari ordea da. Itsasoraino iristen diren nanomaterialen inguruan aritu gara eta lupa antibiotikoetan jarri dugu. 


Miren, zurekin hasiko naiz eta oinarrizko galdera batekin, gainera. Nanomaterialak zer dira?

Nanomaterialak nanoteknologiaren garapenaren ondorioz sortu dira. Teknologia horri esker, gai gara materia eskala nanometrikoan maneiatzeko eta hortik sortzen diren material berriak dira nanomaterialak. Tamaina oso-oso txikikoak dira, ile bat baina mila aldiz txikiagoa. Zein da material hauen bereizitasuna? Ba,  azalera eta bolumenaren arteko erlazio oso handia dutela, eta gaitasun handia ere edozein molekula eta zelularekin erreakzionatzeko. Material talde berri bat da eta industria eta kontsumo produktu guztietan sartu da. Edonon daude nanomaterialak: janarian, enpaketatze materialetan, mikro elektronikan...horren ondorioz, material horiek pixkanaka ingurumenera heltzen ari dira. Hori da guk aztertzen duguna, batez ere, ingurumen urtarrean.  Mota askotako nanomaterialak daude: dela hamar urte metal nanopartikulak aztertzen hasi ginen, nahiko toxikoak dira hainbat organismorentzat. Karbonoan oinarritutako nanomaterialak ere aztertu ditugu, grafenoa adibidez. Azken 5-6 urtetan nanoplastikoak aztertzen ari gara, plastikoaren kutsadura hain hedatuta dagoenez lanean ari gara horrekin ere.

Eta nanomaterialek zer bilakaera dute itsasoan?

Alde batetik, itsasoko edo ibaiko faktoreek nanomateralei eragingo diete. Adibidez, uraren bereizitasunarengatik  nanomaterialek  joera izango dute elkarren artean aglomeratzeko eta agregatzeko. Beste kasu batzuetan, han bertan dagoen material organikoekin elkartuko dira. Metalen kasuan, disolbatu egingo dira, eta prozesu horiek oso garrantzitsuak dira. Nanomaterialen bereizitasunak aldatuko dira eta ondorioz, materian duten eragina ere aldatuko da. Metal nanopartikulen kasuan, faktore garrantzitsua da disolbagarria den edo ez. Siliziea, zinka, titanioa, urrea, zilarra...zilarrezko nanomaterialak toxikoenak dira organismo urtarrentzako.

Eta habitat horietako espezietan zein eragin dute?

Nanomaterialen mundua oso anitza da. Infinito nanomaterial mota ezberdin daude eta toxikotasuna aldatzen da batetik bestera. Badira batzuk ez direla batere toxikoak, titanio oxidoa, eta urrea adibidez. Baina zilarra, genotoxikoa da. Zelulan material genetikoa dugu eta DNA hori eraldatzeko gai da zilarra. Mutagenikoa eta genotoxikoa da, beraz. Organismoaren sistema inmunean  eragiten du, enbrioien garapenean, ugalkuntzan, liseriketan. Hori bati, baldintza zehatz batzuetan gertatuko da hori.

Diozu nanomaterial horiek jatorri oso anitzekoak direla, ezaugarri ezberdinak dituztela. eta gero eta ugarikoak direla. Beraz, zenbateraino saihestu dezakegu beraien presentzia itsas uretan?

Bi gauza kontsideratu behar ditugu, batetik, saiatu behar gara saihestu daitekeen produkzioa saihesten, saiatu behintzat. Bestetik, toxikoak diren nanomaterialak toxikoak ez direnekin ordezkatzen. Hori oso estrategia ona da eta Europa mailan ikerketa asko ari dira egiten, hain zuzen, horretarako. Saved by design, alegia, ezaugarri jakin batzuk dituzten materialekin diseinatzea toxizidadea ekiditeko. Noski, behin ekoiztuta, helburua da hori itsasora ez iristea, baina uraren tratamenduan material toxiko horiek guztiak erretenitzeko gaitasuna ez dago. Teknologia berria garatu behar da eta bide horretan gaude. Nanoplastikoen kasua ezberdina da, beste gauza bat da, beste eskala bat...nahi baduzu azalduko dizut.

Azaldu, noski!

Nanoplastikoa ezberdina da iturria ere ezberdina delako. Nanoplastikoa asko erabiltzen da arropetan adibidez, eta arropa horiek garbigailuarekin garbitzen ditugunean nanoplastiko horiek askatu egiten dira eta itsasora iritsiko dira. Kosmetikoek ere nanoplastiko ugari dute eta zuzenean doaz mediora. Kontzientzia badugu plastikoaren kutsaduraz, ikusi dugu arrantzako sareak adibidez nola nastabiltzen duen dortoka bat edo marrazo bat. Horiek makroplastikoak dira baina. Plastiko horiek degradatu egiten dira eta mikroplastikoa sortzen dute, hortik sortzen da gero nanoplastikoa. 5 milimetroko tamaina dutenak mikroplastikoak dira, nanoplastikoak 100 nanometro baino txikiagoak dira. Txikiak dira bai, baina beste zelulekin elkarrekintza sortzeko askoz eraginkorragoak dira.

Manu, zu antibiotikoen inguruan ari zara ikertzen. Oinarritik hasiko gara: zer dira antobiotikioak eta zertarako erabiltzen dira?

Gure bizitzan oso ohikoak dira antibiotikoak, ia gehienak sustantzia kimikoa dira baina badira naturalak ere. Onddoek, adibidez, antibiotikoak modu naturalean sortzen dituzte. Fleminek ustekabean aurkitu zuen antibiotikoa 1928an eta 15 urte beranduago sortu zuten penizilina.

Bakterioak hiltzeko edo bakterioen presentzia murrizteko erabiltzen dira. Egia da, gizartearen osasuna bermatzeko aurrerapauso handia izan dela antibiotikoa, baina azkeneko hamarkada hauetan nahikoa arazoa sortzen ari da antibiotikoak gaizki erabiltzen ditugulako, edo hobe esanda, gehiegi erabiltzen ditugulako. Preskribitzen den antibiotikoen heren bat soberan dago. Gehiegi erabiltzen ditugu, eta gaizki. Zein da arazoa? Bada Mirenek aipatu bezala, ur plantak ez daudela prest oraindik eta antibiotikoek itsasoan amaitzen dutela. Kontutan hartu, guk hartutakoa gorputzak metabolizatzen duela eta gorozki eta gernuaren bitartez kanporatu egiten dugula. 

Araztegietan ez dago mekanismo egokirik, beraz?

Baina beraiek ez dira errudunak, e? Ez dago teknologia egokirik eta lanean ari dira teknologia gero eta potenteagoa garatzen nanomaterialak erretenitzeko.

Eta orduan zein da irtenbidea?

Gugan dago. Eskerrak Europan debekatu egin den, baina animalia granjetan abereak loditzeko erabiltzen ziren antibiotikoak. Animalia ustiaketan biomasa kopurua oso handia da infekzioak ere. Antibiotiko horiek gero ingurumenera doazte zuzenean. Horrek eragiten du ere erresistentzia geneak sortzea eta gene horiek inkorporatuko dituzten bakterioak super erresistenteak bihurtuko dira, eta gaur egungo antibiotikoek ez dira baliogarriak izango...

Beraz... elikadura katean daude antibiotikoak? 

Bai, super merkatuetan dauden edo era freskoan hartzen ditugun barazkietan antibiotikoko erresistentzia diren geneak aurki ditzakegu.

Zein da alternatiba?

Galdera ona. Printzipioz antibiotikoak ongi preskribitzea. Bestetik, iturria kontrolatzea, adibidez, ospitalak. Garatu beharko litzateke isurketak kontrolatzeko modu bat. Beste adibide bat: animalia ustiaketetann abere kopurua murriztu beharko litzateke gaixotasunak sahiesteko, sistema jasangarriago bat behar da, baina noski, hori konfliktoan sartzen da ekonomia etekinekin, baina, bai, beharrezkoa da sistema jasangarriago bat martxan jartzea.

 

 

Jaurlaritza Logoa