Live

Iker GURRUTXAGA

Madeleine taldearen 'Beste Bat' saioak «Bihotzetik egindakoak» dira

Talde donostiarreko kideak ari dira ekaineko astelehenetako 'Beste bat' irratsaioak egiten. Batera bizi eta batera egiten dute musika Jagoba Salvadorrek eta Gartxot Unsainek. Hartara, pozik ari dira Naiz Irratirako saioak ontzen. 'MusikHaria' saioan izan dira, Madeleine taldeari buruz gehiago jakin nahi izan dugulako.

Audio_placeholder

Madeleine taldearen 'Beste Bat' saioak «Bihotzetik egindakoak» dira

Loading player...
Jagoba Salvador (eserita, ezkerrean) eta Gartxot Unsain (zutik, eskuinean) ari dira Madeleinen izenean 'Beste bat' saioak egiten
Jagoba Salvador (eserita, ezkerrean) eta Gartxot Unsain (zutik, eskuinean) ari dira Madeleinen izenean 'Beste bat' saioak egiten

Jagoba Salvador eta Gartxot Unsain ari dira ekaineko astelehenetan 'Beste bat' saioak ontzen 'Madeleine' taldearen izenean. 'Madeleinedarrak' dira beraz biak ala biak, diotenez, «taldearen ordezkari garrantzitsuenak». Elkarrekin bizi direla aprobetxatuz, «ideia oso atsegina» iruditu zitzaien 'Beste Bat' saioarena. Eta bada taldearen izaeraren adierazgarrietako bat hori bera ere, elkarrekin bizi direla.

Gartxot eta Benito elkarrekin ari ziren ordurako musika egiten Astigarragako lokalean eta Benitok Jagobari deitu zion entseatzera joateko. «Hor hasi ginen elkar ezagutzen eta ondo atera zen guztia. Egia da diskoen artean tarte handiak daudela, baina natural egin dugu hori. Bizitzan bakoitzak bere motibazioak ditu eta horren arabera joan gara egiten gauzak» kontatu digu Salvadorrek. «Unibertsitatea eta gero bizitza hasten da. Jendea maitemindu egiten da, lana topatzen du… eta bueno, eragin on hori ere jasotzen du taldeak. Batzuetan aktiboago eta beste batzuetan isiltasun gehiagorekin. Baina ederrena hori da, 12 urte elkarrekin gaudela eta aurrera jarraitzeko gogoz garela», gaineratu du Unsainek.

Bakoitza bere etxean egon da konfinamenduan gauzak egiten eta doinu berriak prestatzen, baina duela gutxi elkartu dira berriz ere lokalean eta gogoz daude gauza berriak egiteko. 'Diskazo kiatza' irakurri genuen instagrameko beren kontuan eta horri buruz galdetuta, Unsainek esan du «erdi broman, erdi serio» esaten duten zerbait dela. «Egiten dugun horretan sinisten dugu, guk ez badugu egiten nork egingo du bestela? Eta bai, datorrena diskotzarra izango da, aurrekoa baino hobea ziur, baina batek daki noiz iritsiko den. Dena dela, badirudi azken diskoaren inertziaz baliatuko garela eta akaso 2021erako etorriko da material berria».

Aurten, Madeleineko kideak, Gartxot Unsainek joan ezin izan bazuen ere, Txinako Wuhanen izan dira kontzertu batzuk ematen. «Dakigula, inork ez du ekarri koronabirusik handik hona. Esperientzia, ordea, sekulakoa izan zen» kontatu digu Salvadorrek.

Nahi bezain beste musika ez zaie sartzen 'Beste bat' saioetan, baina gustura ari dira elkarlanean. «Mugikorrean gordeta ditugun abestiak eta unean burura etortzen zaizkigunak jartzen ditugu. Bihotzetik egiten dugun zerbait da».

Jaurlaritza Logoa