Live

Ane URKIRI | Ion GARATE

Everesteko gailurra zapaldu zuen lehen euskal espedizioko «giro ona» gogoratu dute protagonistek

Berrogei urte bete dira euskal espedizio batek lehen aldiz Everesteko gailurra zapaldu zuenetik. Espedizio hartako hiru mendizale, Martin Zabaleta, Felipe Uriarte eta Kike de Pablo, NAIZ Irratian izan dira orduko uneak gogoratzen. Hirurek baloratu dute bidaia eta erronka hartan zegoen laguntasuna eta «giro ona».

Audio_placeholder

Everesteko gailurra zapaldu zuen lehen euskal espedizioko «giro ona» gogoratu dute protagonistek

Loading player...
Felipe Uriarte, Martin Zabaleta eta Kike de Pablo, 1980. urteko Everesteko espedizioko kideak
Felipe Uriarte, Martin Zabaleta eta Kike de Pablo, 1980. urteko Everesteko espedizioko kideak

«Lan on batek uzten duen zapore onarekin», itzuli ziren Everestetik 1980. urteko euska espedizioan parte hartu zuten hamabi mendizaleak. Felipe Uriarteren adierazpenak dira aipatutakoak, Kike de Pablok nabarmendu duen «giro onaren» haritik. Martin Zabaleta, ikurrinarekin gailurrera iritsi zen kirolaria ere ados agertu da bere bi lagunek aipaturiko laguntasunarekin.

Berrogei urte bete dira lehen aldiz euskal espedizio bat Everesteko gailurreraino iritsi zela. Aurretik, 1974an, Tximist espedizioa bezala ezaguna izan zena, bidean gelditu zen. Bietan parte hartu zuen Felipe Uriartek eta Juan Zelaia enpresaburuak eginiko esfortzu ekonomikoa baloratu du: «Abertzaletasuna eta mendizaletasunarengatik egin zuen».

Orduko lorpena gogoratu asmoz NAIZ Irratian izan dira hirurak, Ion Garate kazetariarekin. Felipe Uriartek adierazi du oraindik ere zorion mezuak helarazten dizkietela herritarrek eta Kike de Pablok onartu du oraindik ere ez duela «ondo ulertzen» zergatik gogoratzen duten hainbeste.

Loading player...

Audio-aurrerapenak: Hari honetan berriketaren une onenak

Nolanahi ere, Felipe Uriartek onartu du herri txiki baten ikurrina Everesteko tontorrean ikusteak «nazio izateko desio hori elikatu» zuela. «Esaten duenak kirola ez dela politika, ez daki ezer politikaz ezta futbolaz ere», azpimarratu du.

Jaitsiera ere benetako erronka

Gailurreraino iristea benetako erronka izan zen bezala, igotzea bezainbesteko lorpena izan zen jaistea. Zabaletak irristakadak ekarri ditu gogora, baita bidean «motxila baten gainean» gaua pasatzeko hautua egin zutela ere. «Astakiloa delako esnatu zen bizirik hurrengo egunean», azaleratu du erdi barrezka Kike de Pablok.

Martin Zabaleta eta Pasang Tenba sherpa jaisten zeudela Felipe Uriarte eta Xabier Errorekin topatu ziren eta hor erabaki zuten espedizioa bukatutzat ematea.

«Mendiarekin harremanetan jartzera joaten gara», adierazi du Uriartek, mendizaletasuna zer den laburbiltzerako orduan. Xabier Amuriza idazle eta bertsolariaren hitz batzuk ere ekarri ditu gogora –«behetik gora begiratu eta esatea ederra haiz, ni baino handiagoa» pasartea– eta ñabartu du Everesti ezin zaiola hika hitz egin eta beraz, esatekotan, «ederra zara» esan behar zaiola.

Era berean, mendira joaten jarraitzen dutela onartu dute hirurek eta gogoratu nahi izan dute mendian bizia galdu zutenengatik jarraitzen dutela mendiak igotzen.

Jaurlaritza Logoa