Live

Oihana AZKUE

Azokan, zer berri?

Koronabirusak eragindako alarma egoerak eta osasun krisiak tokiko merkatu txiki edo azoka asko istera behartu ditu. Baserritarrak, aldiz, ez daude konforme erabaki honekin, segurtasun eta higiene kontuak errespetatuz euren lana egin dezaketela argudiatuz. Azpeitia, Tolosa eta Ordiaziako azoken berri jaso dugu.

Audio_placeholder

Azokan, zer berri?

Loading player...
Laida GOIBURU
Laida GOIBURU

Konfinamenduaren lehen asteetan, irizpide argirik gabe, herri bakoitzak, azoka bakoitzak, bere bidea egin du: batzuk beharrezko neurriak hartu eta aurrera jarraitu dute, beste batzuk bertan behera geratu dira. Eta horretan ginela, aste santutako oporren bezperan etorri zen ur hotz baldekada: azokak eta feriak egiteko debekua. Ez da nolanahikoa izan erabaki honek sortu duen harrabotsa eta haserrea, eta ez da makala sektorean sortu duen mesfidantza giroa ere, izan ere, erabakiak egun gutxi batzuk baino ez baititu egin indarrean.

Zurrunbilo honen erdian, gertatzen ari dena ulertu nahi izan dugu Naiz irratian hiru bidelagun hartuta: Lierni Elortzak urteak daramatza hainbat hedabiderentzat Ordiziako azokari buruzko kronikak egiten. Leire Saizar okina da, eta Tolosako zerkausian izaten da larunbatero bere opilak eta gozoak saltzen. Azpeitiko azokan kokatuta dagoen Elikagunea deritzon guneko kidea da Ioritz Aizpuru.

Lierni Elortzak azaldu digunez, Ordizian hasieratik izan dute argi azokak aurrera egin behar duela. Batez ere ekoizleak babestea helburu hartuta, herriko frontoian ari dira asteazkenetako azoka egiten. Debekua suminduraz hartu zuten, ez baita makala izan, udalak berak eta baserritarrek egin duten ahalegina azoka aurrera ateratzeko. Eta aldi berean hipermerkatu handiak, martxan ikusteak min handia egiten zuen.

Azpeitiko udalak, debekuak debeku, beti izan du argi azoka egiteko erabakia. Ioritz Aizpuruk azaldu digunez, debekua etorri zenean ere, udalak argi utzi zien azokako baserritar eta hornitzaileei honek aurrera egingo zuela. Ioritz Aizpuru, Azpeitiako azokagunean jarrita dagoen Elikagunea, gune egonkorreko kidea da. Bertan, Azpeitia erdigunetzat hartuta 150 kilometrotako erradioan ekoizten diren  produktuak soilik saltzen dituzte. Lehendik ere harrera beroa bazuen ekimenak, salbuespen egoeran gaudenetik zer esanik ez, Aizpururen esanetan.

Urak aztoratuago ibili dira Tolosa aldean. Inolako debekurik etorri aurretik, udalak bere kabuz erabaki zuen azoka egin bezperan hau bertan behera uztea. 200 ogi egiteko orea prest zuen Leire Saizarrek albistea jaso zuenean. Etxez etxeko salmenta proposatu zien udalak azokako saltzaileei irtenbide bezala, baina hau ez da soluzioa Saizarren iritziz. Debekua ere bertan behera geratu denean, Tolosako udalak irizpidez aldatu du, eta datorren larunbatetik aurrera azoka egiteko baimena eman du, zerkausian bertan eta baita Beotibar pilotalekuan ere.

Jaurlaritza Logoa