Live
Urtarrilaren 30eko grebarekin bat egin ez duten alderdiek, ia denek, «kutsu politikoa» izatea egotzi diote. Jon Fano Bizkaiko pentsiodunen plataformako kideak «tontokeria hutsa» direla adierazpen horiek esan du NAIZ Irratian, «greba denak dira politikoak».
Bi urteko mobilizazio aldiaren ostean mobilizazio indartsu baten beharra zutela pentsiodunek adierazi du Fanok eta hor kokatu du hilaren amaierako deialdia.
Pentsiodunen elkarteen artean arrakala sortzea ere egotzi diete hainbat alderdi politikok, honen aurrean Fanok dio «pentsiodunen mugimenduaren %95 deialdira batuko dela». Greba «potentea» izatea espero duela esan du eta Euskal Herrian gauzak lortzeko indarra badagoela erakutsiko duela.
Espainiako Gobernu berriaren iragarpenen harira, %0,9ko igoera, kontuak aterata, 6 bat euroko igoera izango dela eta «pentsiodunen artean poza beharrean haserrea» eragin duela esan du Fanok.
Eskumenak eta borondatea
Madrili ez ezik, Iruñea eta Gasteizeko gobernuei ere dagozkien neurriak hartzeko deia egin die Fanok. Eurek eskumenik ez dutela esatea «aitzakia» dela uste du Fanok eta «ahalmen kontua baino borondate kontua» dela, bi gobernuek baitute aukera pentsioak osagarritzeko neurriak hartzea. Urtarrilaren 30eko greba deialdira batzeko asmoa erakutsi du Fanok.