Live
Murrizketen kontrako greba batean, 2012ko irailaren 26an, poliziaren pilotakada batek jo eta begi batetik itsu utzi zuela Aingeru Zudaire ebatzi du Nafarroako Auzitegi Probintzialak. Epaimahaiak, ordea, polizia absolbitu du, ez baita argi gelditu pilotakada hark bota ote zuen.
Bide luze eta neketsua izan da Zudairerentzat. Poliziak absolbitzeak ez du harritu, hasieratik espero zuen hori. Horregatik, «pozik» mintzatu da auzitegiak ebatzi duelako pilotakada batek jo zuela. Gainera, oso zaila izan da poliziak kargatu zuenean, lekuan bertan eta egoera lasaiean zegoela frogatu ahal izatea. Hori onartu du sententziak, eta «garaipena» izan da atarrabiarrarentzat. «Gusturago nengoke poliziak zigortu izan balituzte, baina ikusita nola joan den auzibidea, pozik nago epaiarekin» nabarmendu du. Hasieran, epaiketa bera egitea «ezinezkoa» izango zela uste zuten.
Pilotakada batek jo zuela ukatu izan dute epaiketan Fiskalak eta Estatuko Abokatutzak, harri batek edo ukondokada batek jota galdu zuela begia esan zuten. «Hasieratik ni hondoratzen saiatu dira; beraien lana egia desitxuratzea da» salatu du.
Orain, prozesua «muturreraino» eramateko determinazioa du Zudairek, ez du urte batzuetara hala egin ez izanaren «damurik» izan nahi. Gainera, uste du urte hauetan izan dituen beldur eta fobiak uxatzeko «baliagarria» izango zaiola auziarekin jarraitzea. Estatuaren erantzukizuna eskatzeko errekurtsoa jartzeko aukera du atarrabiarrak: «orain arte ni izan naiz egia frogatu behar izan duena, bada garaia niri norbaitek zerbait esateko».
Pilotakada jaso zuenetik, «emozioz» betetako urteak izan dira Zudairerentzat. «Tentsioz, ezintasunez eta beldurren zurrunbiloan» murgiltutako urteak. «Mamuak» ditu bueltaka uneoro, petardoek barrua astintzen diote, haur bat pilotarekin jolasean ibiltzeak izutzen du. Beldur horiek kudeatzen ari da gutxinaka, eta lortu du gauero sentitzen zuen «gorrotoa» gainditzea.
«Ez da nahikoa» Zudairerentzat gomazko pilotak debekatu eta poliziek istiluen kontrako beste material bat erabiltzea, 'foam balak' kasu; polizia eredua bera da «aldatu» behar dena.
Alboan izan dituen guztiei «eskerrak» eman dizkie.