Live
Abuztuan abiatu zen Naiz irratiko 'Beste Bat' saioa. Geroztik hainbat musikari aritu dira gidari lanetan, haien kantu kuttunak jarriz entzulearen gozamenerako. Irailan aritu dira Ibon RG, Petti, Duplako Beñat Oribe eta Gari Uriarte eta Ane Garcia; eta haien aitzinetik, abuztuan, Miren Narbaiza, Olatz Salvador, Mikel Markez eta Nizuri Tazuneri.
Urriko astelehenak Iban Urizar 'Amorante'-renak izango dira. Mixtape berezia izango da elgoibartarraren 'Beste Bat'. «Nire belarriko zizareak» jarriko dituela dio «burutik kendu ezin ditudan abestiak».
Asier Beramendi 'Eraul' musikariaren txanda izango dira astearteak, bere fonoteka kuttuna ezagutzeko aukera ezin hobea, aurreratu du «kantu intimistak eta indartsuak» aukeratu dituela.
Ibai Osinaga, Amets Aranguren, Areta Senosiain, Eder Escalera eta Javier Larrañetak boskote gazteak osatzen du Ibil-Bedi taldea. 'Berandu baina garaiz' du izena talde nafarraren lehen diskak, (oraingoz bakarra) 8 kantuz osatutako lana. 'Beste Bat' saioan txandaka arituko dira taldeko kideak gidari lanetan. Ibai Osinagak eta Amets Araguren taldekideak izanen dira lehenak: «irizpide berezirik gabe arituko gara, beraz, denetarik entzuteko aukera izango da» azaldu dute.
Birkite Alonso 'Birkit' bakarlari bilbotarraren eskutik datoz ostegunak. Emakume sortzaileei buruzko saioak egingo ditu eta aurreratu du lehendabiziko saioan (urriaren 10ean emitituko da) «emakumez osatutako taldeak izango ditut hizpide: indie, punk eta rock alternatiboan aritzen diren talde atzerritar eta euskaldunak».
Musika proposamenak, musikarien eskutik
Abuztuan ekin zion ‘Beste bat’ saioak NAIZ Irratian. Musikarien kantu kuttunak ditu ardatz eta hauen gustuko fonotekari tiraka osatutako ordubeteko saioak dira.
Zuzenean 15.00etan eskaintzen ditu saioak NAIZ Irratiak, bai sarean eta baita FMz ere. Ohiko podcast plataformentan ere zabalduko dira saioak.