«Irakasleak ikaslearen irakurketa gaitasuna lehenesten du obren balio estetikoaren gainetik»
Bigarren Hezkuntzan, irakasleak ikaslearen irakurketa gaitasuna lehenesten du, edo bere ustez duen gaitasuna, obren balio estetikoaren gainetik. Hori da Laida eta LasLab ikerketa taldeen azterlanaren ondorioetako bat. Hainbat hutsune identifikatu dituzte euskal literaturaren transmisioan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Euskal Herriko bigarren hezkuntzako irakasleen irakurtzeko ohiturak ezagutzeko eta horrek transmisioan duen eragina ikertzeko elkartu ziren Laida ikerketa taldeko kide Paulo Kortazar eta Aiora Sampedro LasLabeko Amaia Aguirregoitiarekin. Euskal Herri osoko 299 irakasle galdekatu dituzte, era anonimo eta borondatezkoan.
Zein informazio biltzen saiatu zarete zehazki? Zer da kuantifikatu duzuena?
Paulo KORTAZAR: Bi lerro nagusi jorratu ditugu. Lehenik eta behin, irakurketa ohiturak, eta, horrekin batera, irakurketa ohiturak transmititzeko gaitasuna. Finean, zenbat irakurtzen duten, zenbateko maiztasunarekin, zer irakurtzen duten, zergatik... Haien prestakuntza maila ere kontuan hartu dugu eta haien autopertzepzioa ere ikertu nahi izan dugu; hau da, ea haiek nola ikusten duten beren burua irakurle gisa eta transmisiorako agente gisa.
Bigarren lerroari dagokionez, geletan zer transmititzen duten ikusten saiatu gara. Hau da, aztertu dugu ez bakarrik irakasleek zer irakurtzen duten, baizik eta klaseetara zer eramaten duten. Zeintzuk diren idazle irakurrienak eta zein elementuk eragiten duten horretan; argitaletxeen eragina, sarien eragina... Horrekin kanona aztertu ahal izan dugu. Eskola-kanona urpeko kanon bat da, ez delako ikusten. Eskolan transmititzen diren liburuen edo testuen corpusa, normalean, euskal literaturako kanonaren isla bat da, baina bere ezaugarri propioak ditu. Hain zuzen ere, eskolako testuinguruan sortzen delako. Finean, tartean sartzen diren aldagaiak ez direlako soilik obren balio historiko edo estetikoa. Sartzen da, alde batetik, aipaturiko argitaletxeen botere edo zabalkundea, bai eta oso garrantzitsua den kontu berri bat ere: ikasleen irakurtzeko gaitasuna. Gure ikerketaren arabera, horrek asko baldintzatzen du irakasleak zer eramaten duen klasera. Hau da, irakasleak ikaslearen irakurtzeko gaitasuna, edo bere ustez duen gaitasuna, lehenesten du, obren balio estetikoaren gainetik.
Transmisioari dagokionez, plazera gakoa dela diozue. Hor al dago hutsunea?
Aiora SAMPEDRO: Literatura akademikoak edo ikerketek diotena da irakurle pasionala den irakaslea dela, hain justu, literaturarekiko pasio hori transmititzen dakiena. Eta uste dut hori denoi gertatu zaigula irakasleekin edozein eremutan. Denok ikusten dugu irakasgaiekin disfrutatzen duen irakasleak askoz gehiago transmititzen duela. Hor egon liteke identifikatu dugun hutsune bat. Alde batetik, eskoletara eramaten diren irakurgaiak agian ez badatoz bat irakasleek euskal literaturan gehien disfrutatzen dutenarekin, transmisio horretan galtzen dugu pixka bat.
«Galdekatutako 299 irakasletik 53k joan den urtean ez zuten libururik erabili beren Euskara klaseetan»
Bestalde, irakasleei galdetu diegu zein arrazoirengatik irakurtzen duten orokorrean, baita euskaraz eta beste hizkuntza batzuekin alderatuta ere. Hiru aldagai ematen genizkien: lanagatik irakurtzea, plazeragatik edota bi arrazoiengatik aldi berean. Euskararen kasuan erantzun ohikoena lehena zen, lanagatik. Edo bestela hirugarrena, lan eta plazeragatik alderatzea. Beste hizkuntzetan, aldiz, gehiago zen plazeragatik. Honek logikoa irudi dezake; logikoa da pentsatzea irakasle batek lanagatik irakurriko duela euskaraz. Baina guretzat erantzun borobilena edo esperoko genukeena da plazeragatik edo bestela plazer eta lanagatik irakurtzen dutela euskaraz. Hor hutsunetxo bat ikusten genuen eta hutsune hori transmititu egin daiteke.
Irakurtzeko gaitasuna lehenestea irakaslearen irizpide propioa da edo hezkuntza sistemak arautzen edo bultzatzen duen joera bat?
P.K.: Aipatuko ditut garrantzitsuak diren aldagai batzuk. Lehenik eta behin, zergatik diogu uste dugula irakasle askok ikasleen irakurketa gaitasuna lehenesten dutela testuak aukeratzerakoan; hau da, klasera eramateko testuak hautatzerakoan? Hori esaten dugu ikusi dugulako klasera eramaten diren liburu irakurrien artean, baita irakasleek irakurtzen dituzten liburuen artean ere, badagoela autore asko haur eta gazte literaturakoak edo haur eta gazte literatura generoko obrak daudela. Hori lehenik. Horrek garamatza esatera balio estetikoa baino irakurketa gaitasuna lehenetsi dela.
Ñabardura txiki bat hartu behar da kontuan. Guk Bigarren Hezkuntza aztertu dugu eta Bigarren Hezkuntza oso zabala da. Lehenengo DBH-tik bigarren batxilergora gauzak asko aldatzen dira. Eta, beraz, tira, egon badago arrazoirik haur eta gazte literatura erabiltzeko. Ez dut gutxietsi nahi. Hori esanda, badaude beste arazo batzuk. Askotan euskara sailean edo euskara departamentuan hartzen diren erabakiek ere eragina dute klasera eramaten diren liburuetan. Baina datu bat emango dut. Galdekatutako 299 irakasletik 53k joan den urtean ez zuten libururik erabili beren euskara klaseetan. Hor badago, beraz, hobetzeko tarte bat.
A.S.: Genero literarioa ere garrantzitsua da. Testu askotan haur eta gazte literatura lehenesten da. Baina guk irakasleei eskatu diegunean aipatzeko euskal literaturako beren hiru egile kutunenak, haur eta gazte literaturako egileen aipamenak askoz gutxiago ziren.
Horrez gain, nik aipatuko nuke baita ere orokorrean ze genero literario irakurtzen diren. Gehiena narratiba da; eleberriak eta ipuinak. Alde horretatik, zerikusirik izan lezake poesia bera dela agian genero hermetikoago bat. Baita saiakera ere. Ikasleen konpetentziak horretan eragina izan lezakeela ikusten genuen. Curriculumari dagokionez, bestalde, ez dago erabat araututa zein testu irakurri behar diren eskoletan. Egia da datorren urtean USAPerako dagoeneko EAEn eta Nafarroan nahitaezko irakurgai batzuk egongo direla, baina orain arte ez da hori egon. Orain arte, irakasleari egozten zitzaion ardura hori, zama ere badena.
Autopertzepzioa aztertu duzuenean, ondorioztatu duzue askotan uste duten baino gutxiago irakurtzen dutela. Horrek eraginik ba al du?
P.K.: Bai, hala da; horrek badu bere isla. Egin genuen galdera multzo batean aztertu genuen, alde batetik, irakasleen auto-irudia; hau da, ea haiek nola ikusten zuten beren burua euskal literaturaren transmisore moduan. Eta, bigarrenik, beren autopertzepzioa irakurle bezala. Horrek kontrastea sortu zuen beste galdera batzuekin. Urtean zenbat irakurtzen zuten galdetzen genien, zer nolako jakintza maila zuten edo ea uste zuten karreran formakuntza nahikoa jaso zutela euskal literatura ondo transmititzeko. Ostera formakuntza espezifikorik jaso ote zuten ere galdetzen genien. Kontraesan batzuk ikusi ditugu. Irakasleen herenek oso ondo egiten dute bere lana; oso irakurleak dira; 15-20 liburutik gora irakurtzen dituzte urtean. Baina badira beste bi heren beren irakurketa ohiturak gainbaloratzen dituztenak. Izan ere, horien kopuruak ez daude hain urruti 2018ko Soziometroan emandako datu batetik.
Soziometroak zioen EAEko helduek batez beste zazpi liburu irakurtzen zituztela. Gure datuen arabera, aipatutako irakasleen bi heren horiek urtean hamar liburu baino gutxiago irakurtzen dituzte. Zer esan nahi du horrek? Ba, gure ustez, gehiago eska dakiekeela irakasle horiei, duten ardura kontuan hartuta.
«Eskoletara eramaten diren irakurgaiak ez badatoz bat irakasleek euskal literaturan gehien disfrutatzen dutenarekin, transmisioan galtzen dugu»
Bigarren kontraesan bat ere topatu dugu; beren gaitasuna ere gainbaloratzen dute. Alde batetik, uste zuten graduan zehar ez zutela prestakuntza nahikorik jaso euskal literatura transmititzeko. Horrek ez zuen ekiditen beren buruari buruz iritzi ona izatea transmisioari dagokionez. Baina, era berean, galdetu zaienean ea formakuntza espezifikorik jaso duten edo interesa duten halakoetan, heren batek soilik egin du halako ikastarorik.
Aldaketak ere ikusi dituzue. Emakumezko idazleek presentzia handiagoa dute, baita obra garaikideagoek ere.
A.S.: Nik ikusten dudana da irakasleak kanonaren edo sistemaren garapenarekin bat doazela. Agian ez dute irakurtzen guk nahiko genukeen adina edo hori identifikatu dugu gutxienez; baina, era berean, ezagutzen dute sistema. Hortaz, nahiko eguneratuta daude. Galdetegietan aipatzen ziren lehen hamar izenetatik erdiak inguru XXI. mendetik aurrerako argitalpenak ziren. Beraz, badaude nobedadeei begira. Balioan jartzekoa da.
P.K.: Emakumezko idazleei dagokienez, adibidez, alde handia ikusten genuen aurreko ikerketekin alderatuta. Gure kasuan, irakasleen idazle gogokoenetatik ia erdiak, 21etik 9, emakumezkoak dira. Karmele Jaio da gogokoena. Klasera eramaten diren autoreen artean ere portzentajea %45-46 artean mantentzen da. Hau azpimarratu eta aitortu behar zaie irakasleei, kanona eguneratu baitute.
Hobetzeko tartea badago. Zertan egin behar da indarra ikuspegi praktikotik?
P.K.: Lehenik, zehaztapen bat egin nahiko nuke. Gure datuak Unibertsitatera Sartzeko Proba aldatu aurretik jaso genituen. Hau da, momentu hartan ez genekien urte eta erdi edo bi urtera probak derrigorrezko irakurketak izango zituela. Beraz, uste dut momentu aproposean jaso genituela, ikusi ahal izan genuelako klase askotan ez dela irakurgairik lantzen edo, lantzen direnean, estetikoki edo euskal literaturaren historian duten garrantzia kontuan hartu gabe lantzen direla. Horrek argi uzten du aldaketa une batean gaudela eta, ondorioz, irakasleak egokitu egin beharko direla. Gure ustez, bereziki formakuntzan inbertitu behar da. Bigarren Hezkuntzako irakasle lana ez da erraza. Irakaslea askotan nahiko presionatua egoten da. EAEn egiten dira formakuntza batzuk, baina zentro mailan. Eta askotan, jasotzen dituen formakuntza horiek ez daude zuzenduta irakurketa ohituren edo literaturaren transmisioan sakontzera. Gure ustez, une egokia da irakasleak eguneratzeko, euskal literaturan formakuntza espezifikoa eskainiz. Erraz esaten da irakasle batzuek ez dutela nahikoa irakurtzen. Baina administrazioak ere badu irakasle hauek eguneratzeko edo horiei formakuntza espezifikoa eskaintzeko erantzukizuna.