Zuzenean
Ustezko bankuko iruzurren aurrean zer egin?
Maite Tolosa abokatuak ustez bankutik datozen iruzurrei gorakadei buruz hitz egin du; nortasun-ordezkapenak gauzatzeko modu berriei buruz eta batez ere horrelako kasu batean nola aurre egin eta batez ere nola saihestu jakiteko.
Ustezko bankuko iruzurren aurrean zer egin?
Maite Tolosak, Ema Abokatuak bulegoko abokatuak, azaldu du duela gutxi bezero bat harremanetan jarri zela iluntze batean etxean ustez bere bankutik izandako deia azalduz. Dei horretan esan zioten norbait bere kontu korrontean sartzen saiatzen ari zela eta hau moztu ahal izateko, Whatsappez bideo-dei bat egin behar zutela. Whatsappean sartu zen eta bideo-deia egin zuen. Deian zehar aplikazio bat deskargarazi, DNIaren argazkia eta aurpegiaren bideo bat grabatzeko eskatu zioten. Deia amaitzerako, susmo txarra hartu omen zion kontuari eta Tolosak azaldu du bezeroak «bere bankuko aplikazioan sartu zenean ikusi zuen 4.000€ inguruko transferentzia bat egin zutela bere kontutik beste kontu batera». Bankura joan zen eta bere bankuak konfirmatu zion haiek ez ziotela deitu. «Gaur egun ez du dirurik berreskuratzerik lortu» gaineratu du Tolosak.
Horrekin gutxi ez eta gainera iruzurra jasan zuenak hortik hilabete batzuetara, zitazio judizial bat jaso zuela kontatu du «prozesu penal batean ikertua izaten ari zela eta deklaratzera joan behar zuela ustezko iruzurgile izateagatik». Hala ba, biktima izatetik «egin ez dituen beste delitu batzuengatik ikertua izaten bukatu zuen». Egoera horretan argitu du «ez ikusiarena egitea» ez dela erabaki ona. Garrantzitsua da baita Tolosaren aburuz «adierazpenak presaka ez egitea». Izan ere, «ikertua izaten ari den pertsona horrek, eskubidea dauka jakiteko zein ekintza egozten zaizkion, bere buruaren aurka ez deklaratzeko eta abokatuaren laguntza izateko».
Bankuko iruzurraren aurrean «lehen orduak oso garrantzitsuak» direla azpimarratu du abokatuak. Lehenik eta behin «bankuarekin kontaktatzea» gomendatu du, bigarrenik «pasahitzak aldatzea» eta azkenik «froga guztiak biltzea eta salaketa bat aurkeztea engainua nola gertatu zen eta zer informazio edo datu eman ditugun zehatz-mehatz azalduz».


