Zuzenean
Nintendok zerga urteko finantza txosten berria argitaratu duenez, salmenta datu interesgarriak aztertu ditugu Game Erauntsia saioan: Switch 2 kontsolaren salmentak 26,35 milioi aleetara iritsi direla aditzera eman dute Kiotoko taldekoek.
2026ko uztailetik irailera bitarteko datuak aurkeztu dizkigute, datu orokorrak eskaintzearekin batera. Software osoari begira jarrita, 73,21 milioi bideojoko saldu dituzte Switch 2a estreinatu zenetik. Garai gogorrak izan arren, sekulako zifrak dira N handiarentzat, eta hainbat tituluk milioi salmentak gainditu dituzte. Izar nagusia orain estreinatu da, ordea: The Legend of Zelda: Ocarina of Time berregitearekin, irabaziak biderkatzea espero da.
Aurreko belaunaldira begira ere jarri dira Nintendokoak, helmuga zeharo garrantzitsua baitauka Switch originalak. 157 milioi salmentak gainditu dituela jakinarazi dute azken txostenean; hau da, kontsolarik salduena bilakatzeko hiru milioi xume baino ez lituzke behar.
Azaroaren 5ean, bestalde, Bilboko La Perrera espazioan hitzordu berezia eduki genuen bideojokozale euskaldunok. Jokotekniaren 9. edizioa burutu genuen, Euskal Herriko adituak nahiz zaleak elkartuta, bideojokoen festa ospatzeko. Euskal bideojokoen azoka, hitzaldiak, mahai-ingurua eta Gamer Gela ekimenarekin, gazte zein heldu jokalarientzako biltzarraz nahiz jaialdiaz gozatu zuten hurreratu zirenek.
Jokotekniari lotuta, euskarazko bideojoko berriak ezagutzeko aukera eduki dugu. Basajaun Games taldetik bi datoz. Panik puzzle joko arrakastatsua euskaratu dute, alde batetik, estudio bilbotarrekoek; bestetik, 2023. urtean PCan euskaratutako A pet shop after dark kontsoletara iritsi dela jakinarazi dute. Azkenik, Zital zaleak gurera lokalizatutako Fountains interesgarria ezagutu dugu: soulslike jokoen mekanikak eta ideiak hartzen dituen indie joko itxurosoa.



