Zuzenean

Peli Lekuona | Hegoi Belategi

Angula «edozein substantzia kimikok segituan hitzen du», arrantzaleek ohartarazi dutenez

Kezka zabaldu da Orion, ‘Gure Gaskuña’ itsasontzi hondoratutik zabaldu den erregai isuria dela-eta. «Hasi herritik eta itsasontzia dagoen ingurura arte, erabat gasoilez beteta, hori da ikusi duguna», azaldu du Anguleroen Elkarteko Unai Eizagirrek. Ibaiarekiko duten «jakinduria» aldarrikatu du. 

Angula «edozein substantzia kimikok segituan hitzen du», arrantzaleek ohartarazi dutenez

Loading player...
Unai Eizagirrek anguleroen kezkak ekarri ditu NAIZ Irratira.
Unai Eizagirrek anguleroen kezkak ekarri ditu NAIZ Irratira. (NAIZ Irratia.)

Udazkeneko aldi honetan hasten dira gutxinaka Eguberrietan hain preziatuak diren angulak euskal kostaldeko itsasadarretan murgiltzen. Oriaren itsasadarra izan da historikoki espezie honen harrapaketari lotuta egon denetako bat eta bertan mantentzen da, zailtasunak zailtasun, jarduera honi lotutako kultura. Orain, angulen egoerarekiko kezka areagotu da. Isuri bat tarteko, Oriako angula arriskuan egon litekeela ohartarazi du Unai Eizagirre EAEko Anguleroen Elkarteko kideak, «angula orain sartzen ari da gure ibaietan. Itsasotik sartzen denean gardena da eta oso ahula. Edozein sustantzia kimikok segituan hitzen du». 

Kutsaduraren jatorria, irailaren 24an erdi-hondoratu zen ontzian dagoela ziurtatzen dute anguleroek, baita oriotar askok ere.Su hartu eta irauli ostean gelditu zen leku berean jarraitzen baitu ‘Gure Gaskuña’ arrantzontziak. «Eusko Jaurlaritzak esan zuen armadoreak bost egun zituela itsasontzia ateratzeko, baina gaur gaurkoz, hor dago», salatu du Eizagirrek.

Itsasontziaren barruan zegoen erregaia da kutsaduraren jatorri, eta Anguleroen Elkarteko ordezkariaren arabera, bi aldi ezberdinetan eman da bereziki. «Sutearen egunean oso larria izan zen; kutsadura maila nabarmena zen», dio Eizagirrek. Pasa den astean hasi ziren itsasontziaren barruan gelditzen zen erregaia ateratzen eta horrekin batera isuri berri bat izan zen Eizagirreren arabera, «itsas labar guztia eta hondartzaren ingurua gasolioez beteta. Hasi herritik eta itsasontzia dagoen ingurura arte, erabat gasolioez beteta, hori da ikusi duguna». 

Euren salaketa Lakuako Gobernurantz bideratu dute EAEko anguleroek, alde batetik, `Gure Gaskuña´ bertatik lehenbailehen eraman dezaten, baina baita ere euren hitza kontuan har dezaten. Izan ere, onartezina iruditzen zaie Portuetako Zuzendaritzak ukatzea inolako isuririk dagoenik. 

Angularen egoera 

Tarteka egiten dira Orian eta gainontzeko itsasadarretan angularen egoera zein den zehazteko neurketak. Zailtasun teknikoak tarteko, Orian egin beharreko azken neurketa bertan behera gelditu zen eta hurrengoa, azaroaren 9rako dago programatuta. Egoera honetan neurketa momentuz ez egiteko eskatu du EAEko Anguleroen Elkarteko kideak, «mahai gainean jartzen duguna da, egoera honetan nola egin leike neurketa hori?»

XX. mendeko amaieratik oso zaurgarria izan da angularen biomasaren egoera euskal kostaldean eta neurri ugari hartu ditu administrazioak honen biziraupena bermatzeko, anguleroak elkarte arautu batean izena ematera deituz eta espeziaren arrantza debekatzeko irizpideak ezarriz, egoera hala eskatzen duenean. Eizagirreren esanetan bat datoz angula babesteko eta honen egoera zein den aztertzeko neurriekin, baina anguleroen «jakinduria» aintzat hartzeko eskatu du.

«Teknikariek esaten dutena eta arrantzaleok ‘Errio’-n bizi duguna kontrajarrita dago, zerbait ez dago ondo. Gure sentsazioa da azken urteetan gorakada egon dela», azaldu du Unai Eizagirrek. Anguleroek elkarlanerako erabateko prestutasuna dutela berretsi du, baina aldi berean eurekin koordinatzeko eskatu die erakunde eta zientzialariei. 

Jaurlaritza Logoa